Isaias Carrascoren omenaldian, Eneko Anduezak esan du demokrazia ez dagoela «salgai»

PSE-EEko idazkari nagusiak esan du Arrasateko zinegotziak defendatutako ideia sozialistek balio dutela eskuinari eta eskuin muturrari galga jartzeko. EH Bilduri ere mintzatu zaio, eta «biktimen duintasuna zapaldua ez izateko» eskatu dio.

Ordezkari politikoak, Isaias Carrascoren senitartekoekin eta lagunekin, gaur Arrasaten egindako lore eskaintzan. BERRIA
Ordezkari politikoak, Isaias Carrascoren senitartekoekin eta lagunekin, gaur Arrasaten egindako lore eskaintzan. BERRIA
Kerman Garralda
2025eko martxoaren 8a
14:45
Entzun

«Isaias Carrascok defendatu zituen balio sozialistak beti egongo dira demokraziaren aurka egiteko dena erabiltzen duten eskuinaren eta ultraeskuinaren aurrean», adierazi du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, ETAk duela hamazazpi urte hildako Carrascoren omenaldian, Arrasaten (Gipuzkoa). «Gaur esaten dizuet demokrazia eta botoa ezin direla erosi. Botoak libre egiten gaituelako. Printzipio demokratikoek inoiz baino indar handiagoa dute, eta berriro irabaziko dugu, beren diruaren eta interesen bidez mundua aldatu nahi duten guztien aurrean», ziurtatu du. Halaber, salatu du eskuina eta eskuin muturra «edozer» egiteko gai direla demokrazia ahultzeko.

Horretaz gainera, buruzagi sozialistak salatu du «batzuek terrorismoaren biktimei min egiten jarraitzen dutela», eta Maider Morras Arrasateko alkateari (EH Bildu) mintzatu zaio, «biktimen duintasuna zapaldua ez izatea» eskatzeko. «Mesedez, egin zerbait hori ez gertatzeko. Hitz egin errudunekin». «Arrasaten, jende askok jarraitzen du Marian [Romero, Carrascoren alarguna], Sandra [Carrasco, alaba] eta halako biktimak errespetatu gabe. Egun batzuetan, duintasunari eraso egiten dioten pankartak ikusi behar dituzte. Min handia egiten dute horrelakoek». Omenaldian bertan izan da Morras.

Andueza pozik agertu da euskal gizartea «bakean eta askatasunean» bizi delako, «euskal gizartearen parte batek ETA garaitzea lortu zuelako». «Gizartearen parte bat esan dut, beste parte batek axolagabekeriaz bizi izan zuelako hori guztia. Konplizeak dira horiek», gaineratu du. «Urte horietan egunero irteten ginen kalera, beldurra izanda ere, balio eta printzipio demokratikoak aldarrikatzera. Gaur egun ditugun balioak. Gu izan ginen bakea eta askatasuna lortu genuenak».

Alderdi sozialistako ordezkaritza zabala izan da gaur, Anduezarekin batera han izan baitira Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Patxi Lopez, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoa eta PSOEren egungo bozeramailea Espainiako Kongresuan.

Carrascoren hainbat senitarteko eta lagun ere izan dira omenaldian. Arrasateko zinegotzi sozialistak ere han izan dira, eta EAJko zinegotziak ere bai. Maria Ubarretxena Arrasateko alkate ohi eta gaur egun Eusko Jaurlaritzako sailburu eta bozeramailea ere ekitaldian izan da. Morrasekin batera, berriz, Jasone Giraldo EH Bilduko zinegotzia joan da ekitaldira.

2008ko martxoaren 7an hil zuen ETAk Carrasco, Arrasateko San Andres auzoan, etxe alboan. 2003 eta 2007 bitartean zinegotzia izan zen Arrasateko Udalean, PSE-EEren izenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.