Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi izateko aurkeztuko da berriz ere

«Eskubideak eta askatasunak blindatuko dituen» estatutu berri baten alde egin du.

Eneko Andueza gaur, Bilbon. PSE-EE
Eneko Andueza gaur, Bilbon. PSE-EE
Isabel Jaurena.
2024ko abenduaren 11
19:40
Entzun

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak iragarri du alderdiaren buru izateko berriz hauta dezaten aurkeztuko dela: «Datozen lau urteotan erronka hau nire gain hartzeko sobran ditut indarra eta gogoa». Zehaztu du bere helburua izanen dela «indarra irabazten jarraitzea», lortu arte «Euskadin buru izatea». «Eskubideak eta askatasunak blindatuko dituen» estatutu berri baten alde egin du: «Horrela eragotziko dugu beste batzuk etorri eta ongizate estatua suntsitzea».

Sozialisten ezohiko komite nazionalean egin ditu adierazpen horiek, Bilboko Euskalduna jauregian. Alderdiaren lehenbiziko biltzarra izan da gaurkoa, eta azkena heldu den urteko otsailaren 14a eta 16a bitarte eginen dute. Anduezak adierazi du bere hautagaitza aurkezten duela sinesten duelako «Euskadik bultzada berri bat» behar duela, «herri hobe bat eraikitzeko»: «Ezin dugu itxaron. Orain da garaia apustu sendoa egiteko». Bide horretan, erran du «herri hobe bat» lortzeko «sozialistagoa» izan behar duela: «Anbizio handiagoa izan behar dugu, herri hobe bat egiteko, gehiengo batean pentsatuz. Eta horretan jarriko dugu arreta: euskaldunen bizitzan sozialistek protagonismo handiagoa izan dezaten lortzean».

Lan hori egiteko bere burua eskaintzen duela adierazi du: «Badakit zuen babesa eta laguntza izango dudala, hainbatetan erakutsi didazuen bezala». Adierazi du «etorkizuna duen Euskadi progresista, berdinzale, jasangarri eta bidezkoago bat» nahi duela; eta hori lortzeko PSE-EEk «protagonismo handiagoa» izan behar duela, «Euskadin martxan jartzen diren politika guztietan eragin handiagoa izateko». Ziurtatu du «udaletan, foru aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan» lan gehiago eginen dutela «arazoei konponbideak bilatzeko». Mezu bat igorri die komitera joan diren guztiei: eskatu die «aurrerapenaren mezua txoko guztietara» zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.