Eneko Andueza: «PSE-EEk ez du lehendakari egingo EH Bilduko inor»

PSE-EEko idazkari nagusiak berriro ere ziurtatu du ez duela inola ere EH Bildurekin akordiorik egingo Eusko Jaurlaritzarako.

(ID_13455839) ESPAINIA-PSE-EE ANDUEZA
Eneko Andueza, gaur Bilbon egin duen agerraldian. MIGUEL TOÑA / EFE
mikel p ansa
2023ko abenduaren 29a
15:34
Entzun

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ezin izan du gaia saihestu, eta berriro esan du bere alderdiak ez duela egingo EH Bilduko inor Eusko Jaurlaritzako lehendakari: «Nire hitza ematen diot euskal gizarteari».

Joseba Asiron Iruñeko alkateari gaur galdetu diote ea Iruñeko akordioa beste leku batzuetara zabaltzea gustatuko ote litzaiokeen, eta erantzun du hori ez dela bere eskumenekoa, baina baietz. Horri buruz galdetu diote Anduezari, eta galdera itzuli die EAJri eta EH Bilduri —Geroa Baiko kide gisa, EAJk ere EH Bildurekin bat egin baitu Iruñeko Udalean—: «Galdetzen diet Nafarroan posible baldin bada, ea zergatik ez den gertatuko hemen, Euskadin. Euskal gizarteari esan nahi diot posibilitate hori hor dagoela». Lizarrako akordioa ekarri du gogora, lehenago ere halako akordioak gertatu direla nabarmentzeko.

«PSE-EEk oso argi du zer egingo duen Euskadiko hauteskunde autonomikoen ondoren», jarraitu du Anduezak. «PSE-EEk ez du gobernu akordiorik egingo EH Bildurekin, eta ez du lehendakari egingo EH Bilduko inor. Hori da nire hitza». Seinalatu du herrialde eredu diferenteak dituztela bi alderdiek, eta, gainera, gobernatzeko moduak eta etika ere diferenteak dituztela.

Ez du baloratu PSNk Iruñeko Udalean egindako urratsa.

«PSE-EEk ez du gobernu akordiorik egingo EH Bildurekin, eta ez du lehendakari egingo EH Bilduko inor. Hori da nire hitza». 

ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia

Urteko balantzea egiteko prentsaurrekoa zuen gaur goizean Anduezak. Iruñeko Udaleko zentsura mozioagatik galdetu diote kazetariek, eta orain lehenago esandakoa berretsi du sozialisten buruak. Aldiz, esan du arrisku handiagoa ikusten duela EAJ «EH Bilduren besoetara» korrika joateko lehendakaritza arriskuan ikusiko balu.

Eusko Legebiltzarrerako datorren urteko hauteskundeetara «irabazteko asmoz» joango direla esan du, eta ziurtatu du espero duela «Euskadin gidoia aldatu, eta etapa berri bat» gidatu ahalko dutela. Lehendakaritzarako hautagai gisa, «esperantza, ilusioa, konfiantza eta optimismoa» dituela adierazi du.

PSE-EE hauteskundeetara programa erreal batekin aurkeztuko dela esan du, «guztiak kezkatzen dituzten» gaiei eusteko, eta proposamen «zehatzak eta alternatiba irudimentsuak» emateko gizartearen arazoei. Kontrara, «betiko utopia nazionalistek» ez dutela inora eramaten erantsi du. Eta hurrengo hauteskundeak ez direla «biren arteko» kontua izango, EAJren eta EH Bilduren arteko lehiari erreferentzia eginez.

Iruñea ez da «laborategi bat»

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua, berriz, Radio Popularren elkarrizketatu dute, eta han ziurtatu du Iruñeko Udala ez dela «laborategi bat» etorkizunean beste akordio batzuk egiteko EH Bildurekin; tokian tokiko politikak gauza bat direla, eta «politika autonomikoak edo nazionalak» beste bat.

Nolanahi ere, ohartarazi du PPk, UPNk eta eskuinak, oro har, beste batzuekin ados jartzeko «ezintasun agerikoa» dutela: «Haiek bezala pentsatzen dutenekin soilik dira akordioak egiteko gai. Ezinduta daude». Alde horretatik, beraz, ulergarria egiten zaio herrietan Iruñekoa bezalako erabakiak hartzea.

EAJrekin duten lankidetza babestu du Mendiak: «Oso ongi funtzionatzen du aliantza horrek». Eta ohartarazi du «Euskadin agindu nahi duen edozeinek» PSE aintzat hartu behar duela: «Gu gara Euskadiko politika erabakitzen duen alderdia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.