Hauteskundeen biharamuna hausnarrerako eguna izan ohi da. PSE-EEko zuzendaritza Bilboko egoitzan bildu da, eta Eneko Andueza idazkari nagusia pozik agertu da atzoko emaitzarekin: «Hauteskunde guztietan erreferentziazko alderdia da, eragiteko eta irabazteko gai dena», nabarmendu du.
Bilkura osteko prentsa oharrean, Anduezak adierazi du «goranzko joera» erakutsi duela alderdiak. Zehazki, Araban, Bizkaian eta Nafarroan irabazi du. Orotara, 300.328 boto lortu dituzte, duela bost urte baino 8.936 boto gutxiago. Aldi hartan, baina, parte hartzea nabarmen handiagoa izan zen, foru eta udal hauteskundeekin batera egin zirelako bozak.
Anduezak nabarmendu du udalerri askotan irabazi dutela; besteak beste, alkatetza duten herrietan, hala nola, Portugaleten, Ermuan, Trapagaranen, Muskizen, Irunen, Lasarte-Orian, Zumarragan, Gasteizen, Zanbranan eta Iruña Okan. Gainera, Bilbon eta Donostian ere irabazi dute.
Nafarroan ere irabazi egin dituzte hauteskundeak, eta 2.005 botoren aldea atera diote Alderdi Popularrari. Iruñean, aldiz, PP nagusitu zaio PSOEri. Andueza bezala, pozik agertu da Ramon Alzorriz PSNko Lurralde Antolamendu idazkaria. Haren hitzetan, «proiektu sozialista sendotu dute emaitzek».
EAJk ere bilera egin du
Arratsaldean, Sabin Etxean elkartu da EAJren Euzkadi Buru Batzarra. EAJren CEUS koalizioa hirugarren geratu da Hego Euskal Herrian, 202.826 boto eskuratuta, eta bigarrenetik, EH Bildurengandik oso urrun. Nahiz eta jeltzaleentzat apirileko hauteskundeek izan zuten garrantzia berezia, Europako bozetarako emaitzek beheranzko joera berretsi dute. Haatik, lortutako emaitzak balio izan dio Oihane Agirregoitiari ordezkaritza lortzeko eta Izaskun Bilbaoren lekukoa hartzeko Bruselan.