Eneko Andueza ez da Eusko Jaurlaritzan izango

PSE-EEko idazkari nagusia Eusko Legebiltzarreko bozeramailea izango da. Argudiatu du bere zeregina alderdiaren barruan dagoela.

Eneko Andueza, Eusko Legebiltzarra eratzeko bilkuran, joan den maiatzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eneko Andueza, Eusko Legebiltzarra eratzeko bilkuran, joan den maiatzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko ekainaren 13a
09:20
Entzun

Eneko Anduezak hartu du erabakia: ez da Eusko Jaurlaritzan izango. PSE-EEko idazkari nagusiak uko egin dio gobernuan sartzeari, eta ez da ez lehendakariorde ez sailburu izango, aurreko legealdian Idoia Mendiak egin bezala. Alderdiaren buru izaten jarraituko du Anduezak, eta Eusko Legebiltzarrean sozialisten eledun. Modu horretan, ardura instituzionalak eta alderdi barruko erantzukizunak bereiziko ditu.

Jeltzaleekin batera osatuko duten Jaurlaritzaren aldean sozialisten ahotsa bereiztea da Anduezaren helburua. Izan ere, iritzi dio Alderdi Sozialista «goranzko bidean» dela, azken hauteskunde zikloek berretsi duten moduan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurreko emaitzak hobetzea lortu zuten sozialistek, bi eserleku gehiago lortuta —12 denera—; eta, joan den igandean, Europako Parlamenturako bozetan ere, lehen indarra izan ziren Araban eta Bizkaian.

Anduezak uste du, baina, oraindik gehiago hazteko aukera duela PSE-EEk, eta eginkizun horretan kokatu du bere burua. Bada, «esparru berri horiek lortzeko lanean» jardungo duela adierazi du, eta alderdi barruko erantzukizunak kudeatzen, Eusko Jaurlaritzaren adar sozialista koordinatzen duen aldi berean. «Alderdiaren ekintzari ekitea erabaki dut, ekintza instituzionala eta organikoa koordinatzeari, uste baitut hor egon behar dudala oraintxe bertan».

Gainera, Anduezak adierazi du PSEn badirela Eusko Jaurlaritzan karguak hartzeko egokiak diren kideak, eta, beraz, ez dela «ezinbestekoa» bera gobernuan egotea. «Anbizio pertsonalak alboratu behar dira; erabakiak hartu behar dira herrialdearentzat eta alderdiarentzat onena zer den pentsatuta». Kontziliazioa ere aipatu ditu Anduezak gobernuan egoteari uko egiteko arrazoien artean —lau seme-alaba ditu—.

Edonola ere, eta Andueza egon ala ez, jakintzat jo daiteke Eusko Jaurlaritzak bi lehendakariorde izango dituela, eta horietako bat sozialisten esku geratuko dela, Iñigo Urkulluren hirugarren agintaldian bezala. Gaur zortzi egingo dute, hain justu ere, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatzeko inbestidura ekitaldia. Haren ondoren jakinaraziko dute Jaurlaritza nola osatuko den.

Barne galdeketa

Bien bitartean, PSEk militanteen esku utzi du EAJrekin Jaurlaritza osatzeko astelehenean itxitako akordioa. Ituna babesten duten edo ez erabaki beharko dute, gaur eta bihar artean. Modu telematikoan bozkatu beharko dute. Nolanahi ere, astelehenean botoa aurrez aurre eman ahal izango da sozialisten hainbat egoitzatan.

Okerrik ezean, egun horretan bertan jakinaraziko ditu PSEk barne galdeketaren emaitzak, eta asteazkenean egingo dute bi alderdien arteko sinadura ekitaldia, Eusko Legebiltzarrean. Ondoren etorriko dira inbestidura ekitaldia eta gobernuaren osaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.