gurutze izagirre intxauspe

Enborrak eta kimaketak

2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

«Enbor beretik sortuko dira besteak» kantatzen zuen Mikel Laboak, Xabier Leteren hitzekin. Eta jelkideen enborrari leial heldu dio Imanol Pradales EAJren lehendakariak inbestidura saioko mintzaldian, hainbat astetan isilik egon ostean. Eskerrak eman dizkio Iñigo Urkulluri eginiko ibilbideagatik —bidenabar esanda, Otxandianoren hitzaldian Urkullu ez egotea ez da agurtzeko modurik eleganteena izan—. Eta Pradalesek aletu du Eusko Jaurlaritzaren kudeaketan jarraitzeko proposamen sorta, egiturazko proposamenik xehatu gabe. Adibidez, Eustaten arabera, gaur egun herritarren %25ek dute osasun aseguru pribatu bat; hamar puntu igo da hogei urtean. Abortu ia guztiak klinika pribatuetan egiten dira. Ez da eredu aldaketaz hitz egin. «Aro berriaz» hitz egin dute eledunek, baina lehen egunak ez du halakorik gertatuko den zantzurik eman.

Silvia Federicik aste honetan BERRIAn hau zioen: «Jende askok itxaropena galdu du, eta ez du uste botoarekin eta politika instituzionalarekin zerbait lortu daitekeenik». Fenomeno globala eta lokala da. Azken hauteskunde ziklo luzean, EAJk gobernatu dituen erakundeek orain arte ezagutu gabeko higadura jarraitu bat erakutsi dute, Europako hauteskundeetan behea jota. PSE-EEri ez zaizkio kontuak gaizki atera; jelkideek datorren hilabetean eraberritze bati egin behar diote aurre alderdi barruan. Ikusteko dago Jaurlaritzaren politiketan islatuko den.  

Enbor bereko bi ezpal dira ongizatea eta autogobernua. Osasun arloan, hezkuntzan, feminismoan, euskararen normalizazioan, euskal kulturaren sustapenean eta trantsizio energetikoan aurrera egin nahi bada, autogobernu gehiago eta berme gehiagorekin behar da. Adostasun hori islatu da bi alderdi nagusien artean: EAJren eta EH Bilduren artean.

Otxandianok premiazkotzat jo du estatutua berritzea. Esan du «akordiorako bokazioarekin» lan egingo dutela, eta gogora ekarri du legebiltzarreko inoizko gehiengo subiranista: bi herenetik gora dira abertzaleak.

Pradalesek ere bat egin du, baina Jaurlaritza salbuetsi egin du negoziazio horretatik, alderdien esku utzita itun berriaren prozedura nola egin erabakitzea.  

Euskal Herriaren aitortza aldarrikatu du Otxandianok; Pradalesek ez, baina ardatz nagusien artean jarri du euskararen biziberritzea. Andueza koaliziokideak aipatu ere ez du egin.

PSE-EEk euskararen normalizazioaren arloan zein Euskal Herriaren aitortzaren inguruan eragin dituen kimatzeak ez dira arrotzak. Herri itunaz, herritarren aktibazioaz eta elkarlanaz hitz egin dute Pradalesek eta Otxandianok. Abiatu da legealdi berria; ikusteko dago aro berria izango den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.