'Enbaxadoreak', etorkizunari begira

Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarra egin dute Donostian, diasporaren etorkizuneko beharrak zehazteko eta haiei erantzuteko bidea zehazteko.

Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra
Batzarreko lan saio bat, Kursaal jauregian, aste honetan. JON URBE / FOKU
jakes goikoetxea
2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Ez dira enbaxadoreak, baina enbaxadore lana egiten dute. Sustraiei eusten diete, belaunaldi berriei transmititu, eta bizi diren lekuetako herritarrei erakutsi. Euskaldunak edo euskaldunen ondorengoak dira, eta harro daude. Harrotasun hori erakutsi egiten dute. Euskal Herriko enbaxadoreen topaketa egin dute egunotan Donostiako Kursaal jauregian: Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarra. Munduko hemezortzi herrialdetako euskal etxeen eta euskal komunitateen ehun ordezkari baino gehiago, doinu ezberdinetako euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez, beren etorkizunari buruz hitz egiten eta gogoeta egiten. «Neurri batean, gure enbaxadore izateko eskatzen diegu», onartu du Gorka Alvarezek, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak. «Ezin dugu enbaxadarik izan, baina kanpoan euskalduna euskalduna da, berdin dio nondik joan den. Zein garen eta nor garen erakusteko balio du». 197 euskal etxeren sarea da 25 herrialdetan. 

Lau urtetik behin egiten dute batzarra. Astelehenean hasi eta atzo amaitu zen zortzigarrena. Eraldaroa deitu diote. Eraldaroa, aldatzeko garaia delako. Eusko Legebiltzarrak duela ia 30 urte —1994ko maiatzean— onartu zuen atzerriko euskal etxeekin eta taldeekin izan beharreko harremanei buruzko legea. Garaiak eta mundua aldatu dira. Harremanak ere bai. Munduaren mutur batetik bestera mugitzea errazagoa da. Teknologia berriek ere parez pare jartzen dituzte, birtualki bada ere, milaka kilometrora dauden herritarrak. Diaspora gertuago dago Euskal Herritik. Horregatik, lege berri bat sortzeko gogoeta prozesua abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Aurrena erakundearen barruan, gero aditu batzuekin, eta orain euskal etxeetako eta komunitateetako ordezkariekin. «Lege horrek ez dio erantzuten gaur egungo egoerari: euskal etxeen eta kanpoan dauden euskal herritarren beharrizanek erantzun berriak eskatzen dituzte», Alvarezen arabera. «Legeek bat etorri behar dute garaiarekin». Hala ere, lehentasuna bera da: atzerrian dauden euskaldunen beharrei erantzutea, bai euskal etxeen inguruan biltzen direnen beharrei —premia horiek plazaratu dituzte batzarrean—, bai Euskal Herritik atzerrira bizitzera joaten direnen beharrei.  

Asier Iriberri Plazaola da gogoetan eta batzarrean parte hartu dute ordezkarietako bat, Mar del Platakoa (Argentina): aita nafarren semea zuen; ama, Eibarren jaioa (Gipuzkoa) eta 6 urterekin Argentinara joana, gurasoekin eta anaiarekin. Iriberri, Mar del Platako Gure Etxea euskal etxeko lehendakaria izana, FEVA Erakunde Euskal Argentinarren Federazioko lehendakariordea da. Erakundearen ordezkari gisa parte hartu du Donostiako batzarrean, «diasporaren datozen lau urteak definitzeko». Beste herrialde eta euskal etxe batzuen berri izateko ere balio izan dio egonaldiak. Hunkitu da, bezperako afariko kantak entzunda, esaterako: «Sentimendu pertsonal asko ditugu Euskal Herrira gatozenean». 

Iriberri euskaldunen semea da. Gurasoek eta aitona-amonek zuzenean eman diote Euskal Herriaren berri. Belaunaldi berriek, ordea, nola bizi dute beren euskalduntasuna? «Dinamika pixka bat aldatu da», azaldu du Iriberrik. «Ez da gauza bera nik jaso nuena eta nire seme-alabak jasotzen ari direna, baina indartsu jarraitzen dugu, etengabe egiten dugu». Donostiako batzarraren eta etorkizuneko lege berriaren helburuetako bat bada «diaspora berria identifikatzea eta diaspora berriarekin lan egitea», Alvarezen arabera. «Atxikimendua bera da, atxikimendua hor dago, herrimina hor dago, baina orain modu ezberdinak daude herrimin hori asetzeko».

Dantzaren inguruan

Abizen euskaldunen bat du hamar argentinarretik batek. Ia ehun euskal etxe daude herrialdean, euskal astea egiten dute urtean behin, euskal etxeak topagune dira, dantzek arrakasta dute euskaldunen eta euskaldunak ez direnen artean, euskara indartzen ari da... Dantzak dira transmisio hori egiteko eta jendearengana iristeko moduetako bat: Iriberrik urtebete zuela, oinez ikasi orduko, oholtza baten gainera igo zuten, eta dantzaria izan da bizitza guztian; orain, dantza egiten dute Imanol eta Eider seme-alabek. Dantzen inguruan antolatzen dituzte ekitaldietako asko. Iriberrik txikia zenean ez zuen euskararik ikasi. Aitona-amonek euskaraz egiten zuten beren artean, baina ez zioten euskara erakutsi. «Orain, ordea, izugarria da euskarak nola egin duen aurrera».

Oso ezberdina da Berlingo euskal etxearen kasua. Bi berezitasun behintzat baditu. Bata, ez zutela euskaldunek sortu, alemanek baizik, duela 25 urte. Munduan euskaldunek sortu ez dituzten bi euskal etxe daude, Berlingoa eta Tokiokoa. Bestea, ez daukala egoitzarik. Ondo azaltzen dute beren webgunean (euskaletxea.de): «Ez aritu alferrik bila, ibili eta ibili eta ez duzu topatuko: Berlingo Euskal Etxeak ez du egoitzarik, ezta ostaturik ere...». Euskal etxe ibiltaria da: «Ekitaldi bakoitza Berlingo bazter ezberdinetara eramaten dugu, barraskiloen moduan kulturaren oskola beti gainean daraman euskal etxe ibiltaria gara».

Ainhoa Añorga Osa da Berlingo euskal etxeko lehendakaria. Alemana ikastera joan, eta han geratu zen. Euskal Herritik gertu dago Berlin. Herrimina sentituta ere, ordu gutxi batzuetan arindu daiteke, Euskal Herrira bueltatuta. «Berlinera ikastera edo lanera etortzen diren euskaldun asko ez dira gurekin harremanetan jartzen». Hizkuntza eta kultura dira euskal etxeko ordezkariekin harremanetan jartzen direnen interes nagusiak: «Berlingo euskal etxeak alemanak edo bertan bizi diren beste herrialdeetako pertsonak erakartzen ditu, gehienbat hizkuntza aldetik interesatuak direnak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.