ENBA Euskal Nekazarien Batasunak alegazioak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ondutako otsoaren kudeaketa planari, eta, funtsean, zera eskatzen dio: planaren tramitazioa eteteko eta proiektua «goitik behera» berregiteko. Izan ere, Euskal Nekazarien Batasunak uste du plan horrek «gutxietsi» egiten dituela otsoak abeltzaintzan eragiten dituen kalteak, eta ez diola batere «enpatiarik» agertzen abeltzaintzari.
ENBAk uste du otsoaren populazioa «nabarmen hedatzen eta handitzen» ari dela, eta, beraz, «zentzuzkoena» dela Jaurlaritzak kudeaketa plana bertan behera uztea, harik eta Europan eta Espainian otsoaren babes kalifikazioa berrikusten duten arte. Halaber, dokumentua «goitik behera» berregin beharko litzatekeela iritzi dio, eta «natur baliabideak zaintzen eta lurraldea kudeatzen duten abeltzainen ogibidea eta bizimodua dokumentuaren erdigunean» jarri beharko liratekeela.
Alegazioetan azaltzen duenez, otsoa kudeatzeko planaren egileek ez diote inolako «enpatiarik» erakusten abeltzaintzari, otsoak abeltzaintza estentsiboan eta erdi estentsiboan duen eragina «gutxiesten» duelako. Halaber, ENBAk uste du otsoaren ustezko kalte horiek minimizatzeak errealitatea bera «desitxuratzen» duela. Hala, egoeraren diagnostikoari buruz planak egiten duen analisi «irreala» dela kritikatu du sindikatuak, aditzera ematen duelako otsoak ez diela ardiei eta ahuntzei eraso egiten. «Badirudi orkatzez bakarrik elikatzen dela, eta ez diola eraso egiten ardi aziendari. Gezurra da hori», ohartarazi du sindikatuak.
ENBAk kritikatu du egoeraren diagnostikoa «irreala» dela, aditzera ematen duelako otsoak ez diela ardiei eta ahuntzei eraso egiten
Areago: sindikatuak salatu du otsoaren inpaktua «gutxiesteko» asmoa nabari dela dokumentu guztian, eta otsoak azken hiru urteetan abeltzainei eragindako kalteak «ezkutatu» egiten direla. ENBAk dio dokumentuan ez dela jasotzen proiektuak kalte egindako ustiategietako abere kopuruari buruzko daturik, besteak beste.
Horretaz gain, Euskal Nekazarien Batasunak iritzi dio irtenbideei dagokienez «proposamen lausoak eta hipotetikoak» ematen dituela dokumentuak, eta, aldiz, abeltzainei ezarritako betebeharretarako «oso hizkuntza zehatza eta zigortzailea» erabiltzen duela.
Gainera, uste du mendian ibiltzen diren abeltzaintzat «aplikaezinak» direla otsoaren erasoengandik babesteko proposatutako alternatibak —txakur zaindariak, itxiturak, laguntzaileak...—; are gehiago mendiak «zeharo humanizatuak» daudenean. Besteak beste, oso kritiko agertu da artaldeak zaintzeko boluntario programarekin: «diskriminatzailea» dela, «seriotasuna» falta duela eta abeltzainen profesionaltasuna «zalantzan jartzen» duela salatu du. «Neurri horrekin, artzainen lana gutxietsi egiten da, eta beren eginkizunak betetzeko gaitzeko beharra gutxietsi».
Proposamenak
Kudeaketa planari hainbat aldaketa proposatu dizkio ENBAk, eta, horien artean, hauek dira nabarmenenak: azterlan bat egitea larreetako habitatei eragiten dien inpaktuari eta ingurumenari buruzko neurri zuzentzaileen inguruan; beste azterlan bat egitea otsoaren presentziak eragindako eremuetako abeltzainek lortu gabeko irabaziak ebaluatzeko, alde guztiak kontuan hartuta; beste azterlan bat osatzea otsoaren erasoek eragindako abeltzainen ebaluazio psikologikoari buruz, eta neurriak hartzea arreta psikosozialerako; eta programa bat jasotzea abeltzaintzari eragindako kalteak konpentsatzeko, Europako Batasunean baimendutako gehienekoak jasoko dituena.