Lan mundua euskalduntzeko asmoz sortu zuten Emun kooperatiba orain 25 urte. Atzo, mende laurdena ospatzeko ekitaldia egin zuten Arrasaten (Gipuzkoa), baita Eraldaketan jardunaldiaren hirugarren saioa ere, Zalantzari leiho bat izenburupean. Orain arte egindako lana ekarri zuen hizpidera Kristina Pavo Emun kooperatibako lehendakariak: «Gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra eraikitzeko lanean dihardugu Emunen. Horretarako bidelagun eta eragile gisa ikusten dugu geure burua. Elkarlanean eta lankidetzan egin nahi dugu hori, hemen zaudeten eta etorri ezin izan duten beste askorekin batera».
Amaia Balda koordinatzaile orokorrak, berriz, etorkizuneko erronkak zehaztu zituen: «Euskarak lan mundua behar du; estrategia eraginkorrak eta bateratuak behar ditugu: arlo sozioekonomikoak heldu egin behar dio euskararen biziberritzean daukan erantzukizunari, gizarte eragileek babestu eta hauspotu egin behar dute sustapen hori, eta erakunde publikoek araua eta baliabideak bilduko dituen marko egokia eskaini behar diete enpresei». Haren hitzetan, «marko hori diseinatzeko lankidetzan jarduteko konpromiso erabatekoa» dute, eta «errealitate hori eraikitzeko prestutasuna ere bai».
Azken 25 urteetako eta Emun sortu aurreko giroaren errepasoa egin dute ekitaldian, bideo baten bidez. Hasierara jota, azaldu dute euskara nagusi zela langileen artean 1950eko hamarkadan, lehen kooperatibak sortu zirenean, baina lan munduan ia ez zela erabiltzen: tailerretan, harremanak euskaraz izaten ziren; bulegoetan, ordea, ez. Baina langileen eta euskararen aldeko herri mugimenduaren ahaleginari esker, euskarari bideak zabaldu zizkieten.
Eta iritsi zen 1997a. Eskoriatzako (Gipuzkoa) irakasle eskolaren eskutik, Emun sortu zuten Arrasaten, lan mundua euskalduntzeko kooperatiba. Gero, euskara planak garatzeko akordioa egin zuten Fagorrekin, berrikuntza proiektuak jarri zituzten martxan, lan elkartuko kooperatiba bihurtu zuten, zerbitzu berriak eskaini zituzten, Emunen irudia berritu zuten, eta antolamendu eredu berria, besteak beste. Finean, eraldaketan aritu dira 25 urtean.
Eraldaketari, gorputza
Baina oraindik ere eraldaketarako beharra ikusten du Emunek, bide berriak urratzekoa, eta zalantzari bide ematekoa. Baldakxehatu du: «Errealitatea eraldatu nahi dugu. Erronka sozialek elkarrekin jarduteko eskatzen digute. Eta elkarlanak eskatzen digu konfiantza, eskatzen digu malgutasuna, eskatzen digu elkarri entzutea... Zalantzari leiho bat irekitzeak balio dezala horretarako guztiarako». Horretaz aritzeko, hain zuzen, Eraldaketen jardunaldiak egin dituzte urte osoan. Atzo, lehen bi saioak laburtu zituzten, eta, segidan, hirugarren saioa egin zuten. Baldak balioa eman dio eraldaketari: «Aldaketa ekidin ezina da; eraldaketa, aldiz, aukerakoa».
Eraldaketa horren lekuko eta protagonista izandakoek hartu dute hitza jardunaldietan: Ainhoa Asuak, Satur Ormazabalek, Julen Mendozak eta Arantza Santestebanek banan-banan azaldu dituzte lanean, bizitza pertsonalean eta herrigintzan izan dituzten esperientziak, eta kontatu dute horrek egunerokoan nola eragin dien.
Asuak Kalitatea eta Hazi fundazioetan lan egin du, eta azaldu du nola izan den ama hizkuntza gaztelera edukitzetik euskaldun izatera igarotzera. Euskararen zapalkuntza tarteko, etxean euskara galdu zuten, baina Asuak euskalduntzea aukeratu zuen. «Askotan» pentsatu izan du uztea, zailtasunengatik, baina bera lanean zebilen enpresa euskara plan bat egiten hasi zen, eta hor iritsi zitzaion ikasteko behar zuen bultzada. Orain, C1 maila du, eta alabak euskaraz egiten dio bilobari: «Zirkulua itxi egin da. Hori lortzeko zubi bat izan naiz».
Ormazabal, berriz, Panelfisa enpresako zuzendaria da. Enpresako 32 urteko ibilbidean izandako gorabeherak izan ditu hizpide. Azaldu duenez, lan istripu bat ere izan zuen, eta bidea ireki zion enpresan gauzak beste modu batera egiteari. Ikuspegi sistemikoa eta lanaren banaketa izan dute oinarri, eta funtzionatu du aldaketak: «Frogatuta geratu zen talde bat geldiezina dela».
Julen Mendoza administrazioa bizitzeko modu desberdinez aritu da; teknikaria izan da, baita Errenteriako (Gipuzkoa) alkatea eta aholkularia ere. Kargu bakoitzean «egia» zuela usteak izan dituen ondorioez aritu da. Esplikatu du teknikari zenean uste zuela bazekiela herritarrei entzuten, baina gero konturatu zela ez zela hala. Kargua utzi ostean, aholkulari gisa, zalantzan jarri izan du alkate gisa «egia» zuela uste izateak izan zituen ondorioak. Eta eraldaketari dagokionez ere egin du gogoeta. Uste du eraldaketa pertsonalek sistemaren eraldaketan laguntzen dutela, baina sistemaren eraldaketak beharrezkoak direla eraldaketa pertsonalerako.
Santestebanena izan da Arrasaten entzungai izan den azken esperientzia. Zinemagilea eta historialaria da, eta zalantza izan du hizpide. Agustin Arrietaren esan bati erreferentzia eginez, aipatu du galderen bueltan aritzea dela erradikala; alabaina, esan du mendebaldeko gizartean zalantza «mehatxua» dela eta «angustia» sortzen duela. Esplikatu du kartzelan pasatu zituen urteetako oroitzapenak kaxa batean gordetzen zituela, baina epaiketa pasatu arte ez zela irekitzeko gai izan. Orduan ikusi zuen sostengua, baina, aldi berean, inpaktuzko egoera bat izan zen: «Hain izan zen gogorra, non orduan pentsatu bainuen pelikula eta doktore tesia egitea».
Emun, 25 urte eraldaketan
Emun kooperatibak 25. urteurreneko ekitaldia egin du Arrasaten. Eraldaketaren beharraz aritu dira, eta hura bizi edo eragin duten zenbait pertsonaren esperientziak bildu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu