Emmanuel Macronek erran du «bakea eta bizikidetza» lagundu nahi dituela

«Eredutzat» jo du azken urteetan gatazkaren konponbidean eta bakegintzan egindakoa. Presoak hurbiltzen segitu behar dela dio

Eric Spitz prefeta, Macron, eta Michel Veunac Miarritzeko auzapeza. J. D. CHOPIN.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Miarritzen izan zen atzo Emmanuel Macron Frantziako presidentea, tokiko hautetsiekin mintzatzeko abuztuan iraganen den G7koen gailurrari begira. «Baikor» atera ziren bileratik hautetsiak, eta, besteak beste, bake prozesuarekiko «keinu bat» iragarri zuen Vincent Bru Modemeko diputatuak.

Macronek arratsaldean hartu zuen hitza prentsaren aitzinean. Herritarrak lasaitu nahi izan zituen G7koen gailurrari dagokionez, eta segurtasuna bermatzea ezarri zuen lehentasun gisa. Kazetarien galderei erantzunez aipatu zuen «euskal gaia»; haren hitzetan, hautetsiekin eguerdian izandako bileran ere «luzaz» aipatu zuten, eta, orain arte gaiaz mintzatzeko aukerarik izan ez duenez, beren «konbentzimendu eta engaiamenduen» berri eman nahi izan zuen. Azken urteetakoa «eredu» gisa aipatu zuen «gatazkaren konponbideari eta armagabetzeari» dagokionez. «Estatuaren betebeharra da mugimendu hori laguntzea», adierazi zuen.

Josu Urrutikoetxearen atxiloketaz ere aritu zen. «Badakit, zuek bezala, berak irakurri zuela [ETAren desegite] agiria, baina krimen larriak burutu ditu, eta kartzela zigor bat emana diote». Espainiaren eta Frantziaren elkarlanaren barruan kokatu zuen; akats batekin, erran baitzuen Urrutikoetxea Espainiaren esku utzia izan dela. Biktimen familiak entzuten eta haien mina «errespetatzen eta erreparatzen» jakin behar dela erran zuen. «Uste dut ez dagoela zinezko bake prozesurik lan hori egiten ez badugu».

Azkenik, Frederique Haranburu, Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroten kasuez, zeinek 30 urte baitaramatzate preso, errefusatu egin zuen «kasu partikularrei» buruz hitz egitea, baina Justizia ministroarekin abiatutako elkarrizketak aipatu zituen. «Biziki lan fina eta jarraikia egiten ari da, legearen barruan eta justizia erabakiak errespetatuz». Gaineratu zuen hurbiltzeak errazteko «anitz» egin dela eta «bide horretatik segitu» behar dela. «Gobernuaren aldetik, bakegintzan eta bizikidetzan laguntzeko xedea dago».

Murgiltze eredua

«Euskara hobeki laguntzea nahi dut», adierazi zuen, bestalde, azken hilabeteetan euskarazko irakaskuntzarekin sortutako kezkei buruz galdetuta. Iragarri zuen aurki kontrol jarraikia euskaraz egin ahal izatea izenpetuko dutela baxoari dagokionez. Ez zen sare publikoan murgiltze eredua sartzearen alde mintzatu, baina ez zuen egokitzat jo «eraginkorrak» diren dispositiboak kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.