EMISIOAK

Emisio gutxiko eremuaren araudia onartu du Gasteizko Udalak

2025eko urtarrilaren lehenean sartuko da indarrean, eta hiru fasetan aplikatuko da. Salbuespenak izango dira errenta gutxiko jendearentzat eta beste kasu batzuentzat.

Auto pilaketa bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
Auto pilaketa bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2024ko azaroaren 15a
15:15
Entzun

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk emisio gutxiko eremua izendatzeko araudia onartu dute Gasteizko Udaleko osoko bilkuran, testua duela hilabete udal gobernuak aurkeztu ostean. Azkar egin du aurrera araudiak, eta EAJren eta PSE-EEren asmoa beteko da: 2025eko urtarrilaren lehenean indarrean egotea. Hiru fasetan aplikatuko da, eta murrizketa handienak 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira. PPk aurka bozkatu du, eta Elkarrekin Gasteiz abstenitu egin da.

Hego Euskal Herriko azken hiriburua da Gasteiz emisio gutxiko eremu bat izendatzen. Iruñea izan zen lehena, Bilbo hurrena, eta Donostia gero. Espainiako legediak 50.000 biztanletik gorako udalerriak behartu ditu emisio gutxiko eremu bat arautzera; hori dela eta, Hego Euskal Herrian, Irun (Gipuzkoa), Barakaldo eta Getxo (Bizkaia) udalerriak ere horrelako eremu bat izendatu eta hartarako araudia onartzekoak dira.

Gasteiz, emisio gutxiko eremua

Helburu nagusia da Gasteizko erdialdeko kaleak pasabide gisa ez erabiltzea; horretarako, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten autoei soilik utziko diete eremura sartzen, nahiz eta hasiera batean autoek ez duten ingurumen etiketarik izan beharko. Eremu horretan soilik honako hauek sartu ahalko dira: egoiliarrak, aparkatzera doazen autoak, zerbitzu eta merkataritza establezimenduetako langileak, zamalanetarako eremua erabiltzen duten ibilgailuak, larrialdietako zerbitzuak eta mugikortasun murriztuen aparkalekuak erabiltzeko baimena duten autoak.

Baldintza horiek beti beteko dira, baina fase bakoitzean zerrendara gehituko dira erregaiaren eta matrikulazio urtearen araberako auto batzuk. 2025etik 2027ra ez zaio begiratuko ingurumen etiketari, baina 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera B etiketa duten autoak ere —2001 baino lehen matrikulatutako gasolina autoak eta 2006 aurretik matrikulatutako gasolio ibilgailuak— ezingo dira sartu, nahiz eta egoiliarra izan. 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, C etiketadun autoak —2006 baino lehen matrikulatutako gasolina autoak eta 2014 aurretik matrikulatutako gasolio ibilgailuak— gehituko zaizkie.

Egoiliarren errenta maila

Hainbat kritika jaso dituzte emisio gutxiko eremuek, eta horietako bat da gutxien kutsatzen duten autoak, teknologia berrikoak eta azken generaziokoak gehienak, garestiak direla, eta, beraz, hiriguneetara soilik errenta handiko jendea sartu ahal izango dela. Jauzi Ekosozialak, adibidez, hori bera kritikatu zuen: langile klaseak sufrituko dituela araudi horien ondorioak.

Gasteizko Udalak onartu duen araudiaren arabera, pertsona batek diru laguntzak lortzeko erabiltzen den errenta erreferentziaren bikoitza baino gutxiago irabazten duela frogatzen badu, etiketarik ez duen autoa erabili ahal izango du eremuaren barruan. Horrez gain, jubilatzear diren langileek ere ez dute ingurumen etiketarik izan beharko, betiere frogatzen badute ibilgailu hori lanekoa dela eta erretiroa hartzeko bost urte edo gutxiago geratzen zaizkiela. Ibilgailu historikoak ere sartu ahalko dira, zerbitzu publikoen ibilgailuak ere bai, eta baita emisio gutxiko eremuan aparkalekua duten maizter eta etxejabeak ere. Salbuespen horiek guztiek, baina, hiru urteko epemuga izango dute.

Eremu zehatza

Gasteizko emisio gutxiko guneak gehienbat Alde Zaharra hartuko du barne, baita zabalguneko zenbait kale ere. Kale hauek mugatuko dute eremua: Arriagako Atea, San Ignazio Loiolakoa, Frantzia, Bake kalea, Ortiz de Zarate, Dato, Florida, Ramon y Cajal, Luis Heintz, Magdalena, Vicente Goikoetxea, Zerkabarren eta Jesusen Zerbitzarien kalea. Hiru fasetan ezarriko dute eremua: 2025 hasieratik 2027ra; 2027 hasieratik 2030eko hasierara, eta 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera azkena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.