Emisio gutxiko eremua ekainaren 1ean sartuko da indarrean Lapurdiko kostaldean

Euskal Hirigune Elkargoak ontzat eman du neurria, eta aurreikusi du baliabideak jarriko dituztela herritar xumeenei laguntzeko. Herritar talde batek protesta egin du.

Emisio gutxiko eremuaren kontrako protesta, Euskal Elkargoko biltzarra hasi aitzin. BERRIA
Emisio gutxiko eremuaren kontrako protesta, Euskal Elkargoko biltzarra hasi aitzin. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko otsailaren 15a
09:13
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzea berretsi du larunbat goiz honetan egin duten biltzarrean. Ekainaren 1etik aitzina sartuko da indarrean. Goizeko 6:00etatik arratseko 20:00 arte egongo da aktibo, «tenore horretan baita zirkulazio gehien», Jean François Irigoien elkargoko mugikortasun lehendakariordeak azaldu duenez. Elkargoko hautetsiek salbuespenak onartu dituzte hainbat ibilgailu eta lanbiderentzat, eta herritarrei laguntzeko baliabideak jarriko dituztela ere erran dute. 96 hautetsik bozkatu dute alde, 47k kontra, eta 64 abstenitu dira.

Irailean bozkatu zuten neurriaren alde elkargoan, eta, herritarrei kontsultatu ondotik, erabakia berretsi dute. Lapurdiko 27 herriko eremua definitu zuen Frantziako Gobernuak iazko martxoan: Bokale, Urketa, Larresoro eta Hendaia artean. Haatik, autobidea eremutik kanpo izanen da. Debekua 2000. urte aurreko gasolio ibilgailuek eta sailkatu gabekoek izanen dute.

Martine Bisauta Klima trantsiziorako lehendakariordeak argitu du Klima eta Erresilientzia Legeak behartzen dituela emisio gutxiko eremu bat ezartzera. Aldarrikatu du herritarrek eskubidea dutela «aire garbia arnasteko». Ohartarazi du ibilgailuen %4ri baizik ez dagokiela debekua.

Kritiko mintzatu dira haatik beste hautetsi batzuk, horien artean Guillaume Barucq Miarritzeko (Lapurdi) hautetsi eta medikua. Emisio gutxiko eremua auzitan jarri ez badu ere, hainbat «kontraerran» azpimarratu ditu. «Arazoa ez dira autoak, nola erabiltzen diren baizik». Herritar xumeenek pairatuko dutela erran du. Hori saihesteko «laguntza handiak» emateko galdetu du Michel Esteban Baionako hautetsiak. Kasuak «banaka» aztertuko dituztela erran du Bisautak.

«Auto kutsakorrak kendu nahi dituztela diote, baina noiz kenduko dituzte kamioiak eta hegazkinak? Bien arten gaude hemen, autobidearen eta aireportuaren artea»

CAROLINE DORILLEHerritarra

«Inkoherentziak» agertu ditu Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak ere: «Gure herria autobidearen, aireportuaren eta merkantzia portuaren artean dago». Eremu horietako kutsadura azpimarratu du. «Ez ote dira gutaz trufatzen ari?». Elkargoan neurria konpentsatzeko diru laguntzak bozkatu behar izatea gaitzetsi du. Kontra bozkatuko zuela erran du.

Desados agertu da Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapeza ere. «Hego Euskal Herrian hiri erdiguneetan ezarriko dute neurria, eta erdiguneetan bakarrik». Beste arlo batzuetan bezala, Euskal Elkargoak «diferentziazioa» eskatu beharko litzatekeela erran du. «Utz diezaiogun arauekin herritarrak izorratzeari».

Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapez eta Bil Gaiten talde politikoko kideak erran du «Frantziako Estatuak inposatutako» neurria dela eta «zentzugabekeria» anitz dituela, hala nola autobidea eremutik kanpo uztea. Hala ere, oroitarazi du trantsizio klimatikoaren aldeko neurriak hartzea onartu zuela elkargoak, eta «arduraz» neurriaren alde bozkatzera deitu du, «osasun publikoaren aldeko neurria» dela adierazita.

«Inolako eztabaidarik gabe»

Kanpoaldean protesta egin du herritar talde batek, emisio gutxiko eremuaren kontrako pankartak eskuetan zituztela, eta biltzarrera ere sartu dira kexa adieraztera. Salatu dute «inolako eztabaidarik gabe» hartu dutela erabakia, eta baliabide ekonomiko apalak dituztenei eraginen diela gehien. Caroline Dorille miarriztarrak bultzatu du protesta, eta egun gutxian «ehunka» pertsonaren babesa jaso duela erran du. «Elkartasuna adierazi behar diegu kaltetuak izanen direnei». Zenbait moto-zale elkarte ere batu dira mobilizaziora.

Emisio gutxiko eremua ezartzeko zabaldu den argudio ekologikoa zalantzan ezarri du Dorillek. «Auto kutsakorrak kendu nahi dituztela diote, baina noiz kenduko dituzte kamioiak eta hegazkinak? Bien arten gaude hemen, autobidearen eta aireportuaren artean», salatu du. «Aberatsenak auto elektrikoekin ibiliko dira, baina nola eginen dute haien etxea garbitzera joaten direnek, haien zerbitzura ari diren langileek?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.