Emisio gutxi, baina zalantza asko

Indarrean sartu da Bilbon emisio gutxiko eremua ezartzen duen araua. Herritarrak, oro har, ados daude neurriarekin, baina zalantza handiak dituzte oraindik, eta informazioa falta dutela diote.

Emisio gutxiko eremuari dagokion seinale bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Emisio gutxiko eremuari dagokion seinale bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko ekainaren 17a
16:15
Entzun

Ohi baino auto gutxiago dabil Bilboko erdigunean 08:30ean. Izan daiteke uda gertu dagoelako, eskoletan ikasturtea bukatzear dagoelako edo Bilbobuseko langileak greban daudelako, baina baliteke Bilbon emisio gutxiko eremua ezartzen duen arauak ere zerikusia izatea. Neurria ekainaren 15ean sartu zen indarrean: egun hori larunbata zen, eta, beraz, aste honetan hasiko dira nabaritzen neurriaren eraginak. Arauak zenbait murrizketa ezartzen ditu gehien kutsatzen duten autoentzat Abando eta Indautxu barrutietan, astelehenetik ostiralera eta 07:00etatik 20:00etara, baina salbuespenak, luzamenduak eta kasu bereziak ugariak dira, eta herritarrek zalantza handiak dituzte oraindik ere neurriaren benetako eraginaren inguruan.

08:30ean zabaldu da Bilboko Udalak Erripa kalean jarri duen informazio bulegoa, eta 18:30ak arte egongo da irekita. Azken lau asteotan 3.500 kontsulta inguru izan dituzte bulegoan, gehienak telefonoz, neurriak sortu dituen zalantzen erakusgarri. Kontsulten kopurua asko igo zen aurreko astean, eta egunero berrehun herritar inguruk jo zuen bulegora informazio bila.

«Niri neurria egokia iruditzen zait kutsadura murrizteko. Lan egin eta ibili behar dugunontzat enbarazua da, baina egokitu beharko dugu».

EULOGIO PARAGANAuto gidaria

Apurka-apurka hasi dira bizilagunak informazio bulegora iristen. Horietako bat da Eulogio Paragan: «Niri eranskailu horia eman didate, B mailakoa [ibilgailu kutsatzailea], eta jakin nahi nuen ea horrekin Abandoibarra etorbidetik sar naitekeen. Baietz esan didate, oraindik badudala urtebete inguruko luzamendua. Beste ibilgailu bat ere erabiltzen dugu, alabarena, baina hori berriagoa da, eta ez du arazorik. Niri neurria egokia iruditzen zait kutsadura murrizteko. Lan egin eta ibili behar dugunontzat enbarazua da, baina egokitu beharko dugu. Uribarrin bizi naiz eta, egia esateko, nahikotxo erabiltzen dut autoa, erdigunera etortzeko eta bilobak eskolara eramateko. Aurrerantzean, oinez joan edo metroa erabili beharko dugu, zer egingo diogu ba!».

Herritarrek mota guztietako zalantzak dituzte, baina ohikoenak garajeen eta aparkatzeko tokien ingurukoak dira. Hala azaldu du bulegora iritsi den beste gizonezko batek: «Zazpikaleetan bizi naiz, eta udalak emandako toki bat daukat Pio Baroja plazako aparkalekuan, baina oso furgoneta zaharra daukat, nahiz eta primeran dabilen eta gauza asko garraiatzeko erabiltzen dudan. Esan didate oraingoz ez dudala ezer egin behar, baina zerbait pentsatzen hasteko, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera furgoneta hori ezin izango baitut hor aparkatu. Jakina, aparkalekuaren kontzesioa 2046ra arte neukan; beraz, aparkaleku hori ezin badut erabili, dirua itzul diezadatela, edo horren truke toki bat eman diezadatela Areatzako aparkalekuan. Baina, oraingoz, ez didate irtenbiderik eman».

«Entzun dut ibilgailu historikoek pasatzeko baimena dutela, baina ez dakit paperen bat egin behar ote dudan autoa historiko gisa sailkatu ahal izateko».

LUCIA SANTOSAuto gidaria

Indautxun ere, normalean baino auto gutxiago dabil, baina goizak aurrera egin ahala, kaleek ohiko itxura hartu dute. Miguel Angel Romero banatzailea da, eta, dioenez, ez du aparteko alderik sumatu autoen joan-etorrian: «Ez nago oso jantzita kontu horretan. Autonomoa naiz, zergak ordaintzen ditut, baina etxera ez zait informaziorik heldu. Galdetu beharko dut. Badakit garraiolariok badugula luzamendu bat eta oraingoz ez dugula kezkatzeko arrazoirik. Neurria ondo dago, baina banatzaileon kasua hobeto aztertu beharko lukete. Hemendik urtebetera, banatzaileen %70ek ez dute sartzerik izango: kamioi eta furgoneta elektrikoak oso gutxi dira, eta, aldaketa egin nahi izanez gero, sekulako dirutza behar da, eta, nik dakidala, ez dago horretarako laguntzarik. Ez dakit zer egingo duten horrekin».

Bizilagunak, lasai

Sailkapen bat egin dute ibilgailuentzat, sortzen dituzten emisioen arabera: ibilgailu oso kutsatzaileek A etiketa daramate, kutsatzaileak B motakoak dira, eta azkenik, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak daude, C sailekoak, Eco eta 0 motakoak. Murrizketak A eta B ibilgailuentzat dira, baina, adibidez, emisio gutxiko eremuan erroldatuta dauden bizilagunak salbuetsita daude. Horien artean da, adibidez, Jon Rodilla: «Ez daukat iritzirik gaiaren inguruan. Bilbora autoan sartzea gero eta zailagoa da, baina pentsatzen dut neurria justifikatuta dagoela zer xede lortu nahi dituzten kontuan hartuta. Nire autoa C motakoa da, baina, edonola ere, Indautxuko bizilaguna naizenez, ez dut arazorik».

Berdin gertatzen zaio Marina Vicenteri. Indautxuko bizilaguna da, eta pasieran dabil txakurrarekin. «Autoa badaukat, baina gutxitan gidatzen dut, eta garajean daukat gehienetan. Neurriak eragiten dit, autoa 2005ekoa da eta, baina hemengo auzokidea naizenez, arazo gutxiago daukat. Egia esateko, ez dakit oso ondo tramiteren bat egin behar ote dudan; informazioa jasotzera joan beharko dut». Neurria ezartzea «ondo» iruditzen zaiola esan du.

«Ondo iruditzen zait neurria ezartzea, baina badaude asko kutsatzen duten beste gauza asko, eta horien gainean ez dago horrenbesteko kontrolik».

MANUEL PEREZAuto gidaria

Udalak informazio kanpaina bat abiarazi du, Ongi etorri lelopean, eta Erripa kaleko bulegoa zabaltzeaz gain, bideoak hedatuko ditu sare sozialetan, eskuorriak eta kartelak argitaratu, eta udal aldizkariaren zenbaki berezi bat atera buzoietan banatzeko. Seinaleak ere jarri dituzte: 22 seinale bertikal emisio gutxiko eremura sartzeko bideetan; asfaltoan margotutako beste 30 seinale horizontal; 39 seinale bertikal inguruetan, eremua hurbil dagoela ohartarazteko; eta irteeretan jarritako beste 29, murrizketen eremua bukatu dela adieraziko dutenak. Baina desinformazioa handia da oraindik ere herritarren artean.

«Araua gaur sartu da indarrean? Baina ez zuten esan ba irailera arte atzeratuko zutela? Ez didate isunik jarriko, ezta?». Lucia Santos Gueñeskoa da (Bizkaia), eta noizean behin Bilbora etorri behar izaten du. Normalean trena erabiltzen du, baina beste aukerarik ez duenean autoa hartzen du. Hark ere ez dauka informazio handirik. «Nire autoak 30 urte baino gehiago dauzka. Entzun dut ibilgailu historikoek pasatzeko baimena dutela, baina ez dakit paperen bat egin behar ote dudan autoa historiko gisa sailkatu ahal izateko; jakina, horretarako 600 edo 800 euro gastatu behar baditut, ez da samurra. Informazio gehiago beharko nuke horren inguruan».

Manuel Perez Muskizkoa da (Bizkaia), eta hura ere maiz etortzen da Bilbora: «Datorren urtera arteko luzamendua daukat, baina nire autoa B motakoa da, eta pentsatu beharko dut aurrerantzean zer egin. Zalantza asko dauzkat: adibidez, gaur autoa Indautxuko aparkalekuan utzi dut, eta ez dakit hor utzita emisio gutxiko eremuan sartzerik izango ote nukeen. Printzipioz, ondo iruditzen zait neurria ezartzea, baina badaude asko kutsatzen duten beste gauza asko, eta horien gainean ez dago horrenbesteko kontrolik».

Baimenik gabe emisio gutxiko eremuan sartzen diren A eta B autoetako gidariek 200 eurorainoko isunak jasoko dituzte. Bilboko Udalak erabaki du hiru hilabeteko luzapen bat ezartzea: denbora honetan araua hausten dutenek jakinarazpen bat jasoko dute etxean, baina ez diete isunik jarriko. Udalak kontrakoa erabakitzen ez badu, irailaren 15etik aurrera hasiko dira isunak jartzen. Denbora tarte horretan, erruz lan egin beharko dute herritarren zalantza guztiak argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.