Zenbait urtez Zuberoan egon da emagin Camille Bernard (Paris, 1992). Berriki, Herriko Etxearen laguntzarekin bere kabinetea ireki du Itsasun (Lapurdi). Lapurdi barnealde horretan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oso guti dira Haurdunaldiaren Borondatezko Etena praktikatzen dutenak. Hauetarik da Bernard, eta informazio eta formakuntzarako behar handia ikusten du. Frantziak HBE konstituzioan sartzeko eztabaida arras guti segitu duela aitortu du, aborturako askatasuna bermatzeko bidean guztiz lehentasun premiatsuagoak ikusten baititu.
Nolakoa da Ipar Euskal Herri barnealdean HBEak egiteko zerbitzu eskaintza?
HBEak egiten dituztenak beti hitzarmen baten pean ari dira. Horrek, jada, HBEra heltzeko aukera mugatzen du. Hitzarmenaren pean gaudenak horretara formatuak gara. Ezen kabinetea irekitzen dugunean ez gara aski formatuak, eta ez gara gai HBEak egiteko. Hitzarmen hori tresna bidezko HBEak egiteko gaitasuna duen ospitale batekin izenpetzen dugu, sekula botika bidezko etenaldia ez bada ibili.
Ipar Euskal Herrian Baionako eta haren adar Donapaleuko Ospitaleak dira bakarrak?
Bai. Bestela, Pauera joan behar da.
Barnealdean, oro har, zinez guti zaudete HBE egileak?
Eskaintza murritza da. Maulen nintzenean, hitzarmena Planning Familial-eko tokiko adarraren bidez izenpetu nuen. Orduan, Maulen berean nehork ez zuen HBErik egiten, eta beharra bada. HBEra heltzea zaila da gaur egun, oraino; alta, emazte anitzen bizialdi bat da.
Hitzarmen horrek eskaintza mugatzen duela diozu?
Osasun profesionalak garelarik, gure kontu, HBEak egitea ez da automatikoa. Alta, mediku edo emagin formakuntza bukatu duzunean, berehala irekitzen ahal duzu kabinetea eta ekografiak, frotisak egiten ahal dituzu. HBEak ez; hitzarmena izenpetu behar duzu eta, zenbait aldiz, ikastaro bat egin. Zailtzen du eta horretarako ahalmena luketen profesional andanak ez dute HBErik egiten. Anitz aipatu den kontzientzia klausula baino aise arazo handiagoa da.
Eta ofiziokoen oinarrizko formakuntza?
Formakuntza ez da nahikoa. Badu hamar urte emagin diploma iragan nuela, eta gure formakuntzako parte handi bat ginekologiaz genuen. Baina HBEri buruz ez zen behar bezalakoa. HBE egiteko ikasi dudana, gero ikasi dut, ospitalean. Erakusten du arriskuzkoa eta ospitalekoa bezala ikusten dugula mediku ekintza hori. Ez du zentzurik, HBEak etxean eta molde erosoan egin baitaitezke. Arau batzuk kendu, eta formakuntza sustatu behar litzateke.
Irudimen bat bada oraino HBEaren inguruan?
Oraino gauza astun gisa ikusia da. Batzuetan heldu zaizkit emazte batzuk laztura handiarekin, alta jestu erraza delarik. Zerbait iluna garraiatzen dute, historia pertsonal bat, gauza zikina egiten balute bezala, eta gauza konplikatzen dute. Dena biziki ongi esplikatuz, pertsona ongi lagunduz, behar diren botikekin, lasaia izan daiteke. Nork bere buruaren galdekatzea jada aski nekea da kudeatzeko; beraz, ene lana da hobenduntasun oro kentzea, berena ez denaz arintzea.
Harrera psikologikoa egin?
Kontsultaren gaia edozein izanik, entzumena funtsezkoa zait, are gehiago HBE delarik. Inportantea da emazte bakoitzaren baitako hautua ateraraztea. Erran daiteke emazte anitzen biziko aldi bat dela, menperatzen duguna, baina emazte batzuentzat ez da gauza arrunta. Garai batez erraten zitzaien: «Zure eskubidea da, aldarrikatu behar da, eta ez da deus, berez joanen da». Batzuk lasaituko ditu, beste batzuk ez, haurdunaldi baten gelditzea balitz bezala bizi baitute zinez. Badira emazte giristino sinestunak heldu direnak, hobenduntasun handi batekin bizi bat gelditzen dutelako; alta, abortatu nahi dute, eta ez ditut emazte eta LGTBen aldeko eskubideen militante baten molde berean hartzen ahal. Entzumena formakuntzaren parte garrantzitsua da.
Hori sentitu duzu zure kontsultetan?
Bai. Zuberoan ohargarri izan zitzaidan kontsulta guti ukan nituela. Ez nuen aurretik horri pentsatu, eta norbaitek erran zidan kontsulta egoitza mediatekaren gibelean nuelako zela. Hiri ttipiegia zela eta emazteek ez zutela ikusiak izan nahi Planning Familialen egoitzan sartzen. Hori ez dakit nola kudeatu. Hiri handietan anonimotasun aise handiagoa da. Itsasun abiatu berria naiz, eta pentsu dut HBE sareetan agertu beharko dudala, emazteek jakin dezaten hona etor daitezkeela. Emaginek HBEak egiteak laguntzen du errazago heltzeko. Emaginaren etxera edozein arrazoirengatik joan gaitezkeelako.
Emazte lekukotasun frankotan HBEri buruzko informazio eskasa aipu da maiz. Hala da?
Galdera egitean, anitzek aipatu didate esperientzia txarra izan zaien HBE bat. Batzuk, harriturik egon dira minarekin. Ez zitzaien erran min egin zezakeela. Badira profesionalak mina gutiesten dutenak, haiek berak beldur direlako. Gertatzen da batzuek HBE botikarekin batean min-kentzaileak ez ematea, oraino. Hobe da informazio argia ematea hastetik. Izan da belaunaldi bat ere, kontzientzia klausula erabili gabe HBEak egiten zituztenak emazteei pagarazteko beren hautua. Printzipio patriarkalez oraino bustia den gizarte bat, gehi formakuntza eskasak harrera biziki txarrak eragin ditzakete. Emaztearen uneko emozio egoera kontuan hartzea beharrezkoa da.