Martine Bisauta. Baionako Emazteen Aurkako Bortizkeriaren Behatokiko burua

«Emazte batentzako toki arriskutsuena bere etxea da»

Iparraldean genero indarkeriaren kontrako tresnak sortu nahi dituen lehen erakundea zuzentzen du Bisautak.

NICOLAS MOLLO.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Duela bi hilabete sortu zen Baionako Herriko Etxean Emazteen Aurkako Bortizkerien Behatokia. Martine Bisautak egin zuen proposamena, delinkuentziaren aurreikuspenerako legedia baliatuz. Isilpeko errealitatea argira ateratzea eta emazteei hitza ematea da xedea. Horretarako sortu du behatokia.

Emazteek pairatzen dituzten bortizkerien behatokia sortu berri du Baionako Herriko Etxeak, arlo horretan eskumenik ez badu ere. Zergatik?

Baionako hautetsia naiz. Ene bizitza osoan gai horrek lehentasuna ukan du. Behatokia sortzea proposatu nion auzapezari. Ez da sartzen herriko etxearen eskumenetan, baina gai horren inguruan lan egiten duten eragile guztiak biltzeko aukera zegoen, eta baliatu nuen. Osasun eragileak, prokuradorea, Polizia, erietxea, biktimen laguntzarako elkartea... Batetik, egoeraren argazki zehatza egiteko, jakiteko zein egoeratan bizi garen. Bigarrenik, bortizkeria onartezin hori pairatu duten emazteak laguntzeko. Egiturak osatu eta baliabideak eman nahi dizkiegu.

Argazkia aipatu duzu. Zein da emazteek pairatzen duten bortizkeriaren errealitatea Ipar Euskal Herrian?

Ez nuen uste horren laster aitzinatuko ginenik. Prokuradoreak berehala erantzun du, ikerketa bat burutzea proposatuz. Ahozko behin-behineko salaketa edo polizia etxean egiten den lehen urrats administratiboen ikerketa burutzea proposatu du. Gehienetan ez dute segidarik. Epailearen aitzinean egindako salaketak du balio ofiziala, bertzeak ez. Kasurik gehienetan, emazteek ez dute salaketa jarri nahi. Gehiegikeria gertatu dela jakinarazi nahi dute, baina ondoriorik eragin gabe, salaketarik gabe. Hor gelditzea nahi dute gehienetan. Une latza bizi dute, iparra galdurik, izuturik, hautsirik. Borreroa bizilaguna da, beren haurren aita usu, haien biziko historia edo amodioa. Haustura hori bortizkerian gertatzen da. Salatu nahi dute, baina, usu, ez dute gaineratekoa eten nahi. Amodioa egon da edo dago erdian. Gainera, haren hobena dela pentsatzen du emazteak anitzetan. Biktima da, eta aldi berean bere burua erruduntzat dauka. Horregatik, garrantzitsua da urte zenbaitetako azterketa egitea, borztizkerien bilakaeraren argazkia egin ahal izateko. Ezagutu behar da bortizkeria kasuen bilakaera. Garrantzitsua den arren, inoiz ez da horrelakorik egin orain arte.

Ez dela egin diozu, baina Suprefeturak datu zehatzak ditu. Ahozko salaketa kopurua ere badu biktimen elkarteak. Zergatik ez dira zabaltzen?

Estatistikak badira. Baina ez dituzte inoiz aztertu. Urrats garrantzitsua izanen da hori. Bertze alde batetik, erietxeak sendagile bat izendatuko du tratu txarretarako. Txosten guztien jarraipena eginen du. Noski, emaztea joan daiteke erietxera eta salaketarik jarri ez. Hori gertatzen da. Salaketa ezartzea aholkatzen dieten laguntza elkarteak badaude erietxean. Ez dute egiten. Behatokiak berehala landuko ditu bi ildo horiek. Emazteek aise gogora dezaketen telefono zenbakia eskaintzea aztertzen ari gara.

Dagoeneko badago bat, ezta?

Frantzia osokoa da, eta hurbilekoa hobesten dugu. Larrialdian dagoen emazteak eskertuko du. Psikologikoki indarra emanen dio. Estatuko zerbitzuekiko elkarlana aztertuko dugu. Herri elkargoko kide batzuk interesa adierazi digute eta bide horiek ikertzen ari gara. Alegia, Baionan abiatu den xedea herri elkargora zabaltzeko hautua. Egiturak biderkatzea baino eraginkorragoa da bakarra sortzea.

Zergatik ez Ipar Euskal Herri osora?

Ez dagoelako Euskal Herria ordezkatzen duen egiturarik. Egia da heriotza eragin duten bortizkeria kasu gutxi daudela Iparraldean. Baina anitz dira isilean bortizkeria pairatzen duten emazteak. Arlo horretan Frantziako batez bertzeko kopuruetan gaude. Baina izozmendiaren punta baino ez dugu ikusten, eta gorderik dagoen atala da handiena. Begi bistan uztea lortu behar dugu, arazoari konponbidea ematen hasteko. Gizarte osoa hunkitzen du, 18 urte ukan edo 78 urte, pobrea izan zein aberats, euskaldun izan edo ez. Emazte batentzako tokirik arriskutsuena bere etxea da. Hastiala da, baina hori da errealitatea. Ez da Frantzian gertatzen, mundu zabalean baizik. Emaztea izateagatik.

Hemengo kopuruak badaudela diozu. Zergatik ez dira baliatzen?

Prokuradoreak baditu. Baina behin kopuruak eskuan, zer egin? Ez dugu fitsik. Une bateko ustezko argazkia baino ez dugu. Bilakaera finkatzea da interesgarria. Duela lau urte edo, bortizkeriaren gorakada nabarmena egon zen. Uste dut emazteen kontrako bortizkeria salatzeko kanpainen ondorio izan zela. Isiltasuna urratzea bilatzen zuen kanpainak. Eraginkorra izan zen, hitza zabaldu zuen. Emazteak ikusi zuen gizarteak kontuan hartuko zuela haren sufrikarioa, ez zuela kukutu behar. Geroztik ez dago gora-behera handirik. Arazoa ez da kopurua, baizik eta tokiko errealitate horri erantzuteko behar diren tresnak eta baliabideak osatzea. Emazteei esan behar zaie herriko etxea haiekin dutela. Aitzinatzen garen aldi oro, urrats bat da.

Delinkuentziaren aurreikuspenerako batzordearen barruan sortu da behatokia. Ez ote du konfidentzialtasun irizpidea urratzen, Polizia eta gizarte eragileak elkarrekin jarriz eta lanbide sekretua urratuz?

Ez dut ontsa ulertzen kritika hori. Hiriak ez du eskumenik behatokia sortzeko. Beraz, egituren itzulia egin behar izan dugu, zirrikitua atzeman, behatokia sortu ahal izateko. Delinkuentziaren aurreikuspena eta segurtasuna bermatzen duen batzordea egitura egokia iruditu zaigu. Lanabesa da. Aterpetu dezake behatokia, eta horrela egin dugu, laugarren batzorde bat sortuz. Horrela, hiriak dituen baliabideak profita ditzakegu, sos poxi bat ukanez ere bai. Beti kritikatu daiteke, baina egitea zailagoa da. Eta hori da Akitaniako eta Ipar Euskal Herriko abantzu herri eta hiri gehienen jokabidea. Oker ez banago, egitura hori duen hiri bakarra gara Akitanian. Ezin da eraginkorra izan Polizia ez badago artean. Prokuradorea, erietxeak, gizarte langileak, emazteen eskubideen informaziorako Baionako zentroa. Bide batez erran dezadan Pauek egitura horri ematen dizkion baliabideak salatzekoak direla. Baionako egiturak lanpostu bakarra du, eta zortzi Pauek. Egitura gehiago daude behatokian, hala nola tratu txarrak pairatu dituzten emazteak aterpetzen dituen Antxeta etxea, Familien Planinga, Departamentuko Elkartasun Etxea eta, ohiko ez dena, emazteen kolektiboak. Kolektibo militanteak bertan egon behar dute, ekarpena egiteko. Eragile horiek biltzen dituen bertze egiturarik badago? Ez dut uste. Poliziak egiten duen bakarra azalpenak ematea da, erietxeak bezala. Horrela eragileen katea osatzen da. Katebegi bakoitzaren presentzia funtsezkoa da. Fitsik egin gabe begira egotea baino hobe da zerbait egitea.

Baionako egitura Euskal Herrira heda daiteke?

Han-hemenka egitura txikiak sortzen ari dira. Hendaiak, adibidez, batzorde bat sortu du. Mugazgaineko egitura da, biziki interesgarria da. Donibane Lohizunen ere lanean ari dira. Ez dira egitura berak, baina urratsak dira. Gure ahalen arabera abiatu behar dugu, adierazpen handi eta beteezinak saihestuz.

Emazteen eskubideen lege esparruaren aldekoa zara?

Zehaztu beharko genuke zer den lege esparru hori. Parlamentuaren adierazpen solemnea da. Funtsean ez du aldaketa handirik eragiten, ez duelako funts juridikorik. Sail ezberdinetako legeak bilduko lituzke, arlo penalean, familian, haurren arloan eta abar. Adierazpen bateratua legoke. Sinbolikoki oso azkarra da, baina lege mailan ez du eraginik. Ez dut jarrera ebatzi oraindik. Ez dut uste legeak dena konpontzen duenik, erabili behar da dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.