«Abenduaren 26an eraso zidaten, 02:30ean», salatu du Janice Froidefond 28 urteko emazteak. Eguberriak ospatzen ari zela, haren lagunik onena etxera eraman zuen Miarritzera (Lapurdi). Gibelakoan, ahizparekin autoan zela, gaualdi hura erabat aldatzera zihoan elementua agertu zitzaien abiadura handian gibel mirailean: «Mercedes markako auto gris bat». Bideari jarraiki zion.
Erretzen ari zen, eta onartu du zigarretaren muturra bota zuela berinatik. Orduan piztu zituen argi luzeak gibeleko autoko gizonak, eta Froidefond ondoko semaforoan gelditu zitzaion, horien itzaltzea galdegiteko. Erantzun gisa, ondotik pairatuko zuen erasoaren argudio gisa, ondokoa esan zion beste autoko gidariak: «Ez zara ahalke kutsatzeaz? Ez zara ahalke?». Elkarrizketa fite bukatu eta abiatu zen berriz emaztea, gibeletik gizona zuela, geroz eta hurbilago. BERRIAri kontatu dio nola gertatu zen erasoa gero.
BAB bulebarrera (Baiona) heldu ziren azkenean, eta berriz gelditu zen Froidefond, semaforo gorrian. Autotik jaitsi zen argi luzeak itzaltzea galdegiteko, bigarren aldiz. Gizona aldi berean atera zen, eta mintzatu zitzaion berriz: «Ez zara ahalke kutsatzeaz?». Emaztea ihardesten entseatu zen, baina dena biziki fite joan zen gero: «Laster batean baztertu ninduen, eta negar gasa bota zidan begietara, erranez: 'Orain zoaz, beltz zikina'».
Istorioaren kontaketan aitzina egin ahala, izuturik negarrez hasi da Froidefond: «Gero, nik ez nuen gehiago deus ikusten, banuen negar gasa begietan, sudurrean. Afrusa zen. Eta, momentu berean, ohartu nintzen beste bi gizon nire ahizpa tipiari erasotzen ari zirela, lurrean. Harengana korrika abiatu nintzen. Gizonetarik bat gelditu nahian, besoa hartu nion eta sekulako kaska eman zidan begitartean». Aitortu du erasotzaileak eman zion kolpeaz amets egiten duela gauetan. «Kitorik zen. Gorrotoa zuen begietan. Dena den, bazekien zer egitera zihoan: autotik jaitsi delarik jadanik bazuen negar gasa eskuetan. Erabakia zuen».
«Ohartu nintzen beste bi gizon nire ahizpa tipiari erasotzen ari zirela, lurrean. Harengana korrika abiatu nintzen. Gizonetarik bat gelditu nahian, besoa hartu nion eta sekulako kaska eman zidan begitartean»
JANICE FROIDEFONDEraso arrazistaren biktima
Lurrera erori zen kaskatik landa, eta, ondoko bost minutetan konorterik gabe gelditu aitzin, entzun zien: «Are Flo, goazen orain!». Ez dakite Flo nor zen.
Jasotako tratuaz kexu
Joan aitzin, erasotzaileek autoko giltza ebatsi zioten Froidefondi. Ezin izan zuten bertatik abiatu, beraz, eta handik pasatzen ari zen emazte batek deitu zuen Polizia. Froidefond kexu da Poliziaren jarreragatik: «Ez ziguten galdetu ere egin ea nola ginen. Ospitalera joateko erran ziguten, autoan. Eta erraten genien: negar gasa bagenuela begietan, kasik ezer ez genuela ikusten, burua jo nuela lurrean, autoko giltzak ebatsi zizkigutela... Baina deus ez. Ez zituzten suhiltzaileak deitu ere egin». Poliziek auto konpontzaileari deitu zioten, ibilgailua bidetik ken zezan. Gero, joan ziren.
Ospitalera joan ziren bi ahizpak segidan. «Guti baizik ez gintuzten begiratu. Horrela utzi gintuzten. Baina beltza naiz, eta ezinbestean, pertsona zuri batek baino denbora gehiago behar dute zauriek ene larru gainean agertzeko!». Negarrez hasi da berriz. «Ez nuen marka gorririk, baina hanpatua nintzen. Beharrik burua jo zidala! Bestenaz nehork ez gintuen sinetsiko. Zintzoki, Amandine deitu banintz, suhiltzaile kamioi bat deituko zuten; ez digute galdetu ere egin nola ginen!».
«Beltza naiz, eta pertsona zuri batek baino denbora gehiago behar dute zauriek ene larru gainean agertzeko! Beharrik burua jo zidala! Bestenaz nehork ez gintuen sinetsiko»
JANICE FROIDEFONDEraso arrazistaren biktima
Erasoa bere sareetan salatu du Froidefondek, eta Ipar Euskal Herria Antifaxista kolektiboaren sostengua jaso, besteak beste. «Jendeak jakin behar du. Sareetan komentarioak idatzi dizkigute batzuek: 'Utzi Polizia lana egiten'. Baina ez badute lana egiten, nola eginen dugu? Elementu berririk ez bada, bi asteren buruan hetsiko dute afera. Aferak jarraiki behar du! Bestela, emazteak horrela gasa bota eta jotzen ahal dira, deus gertatu gabe?».
Salaketa emana dute, eta espero dute hiriko segurtasun kamerekin autoaren matrikula identifikatzea jabearen atzemateko.