Emausek Angelun du munduko biltzarra

Mundu zabalean diharduten taldeen topaketa eginen du Emausek Angelun, martxoaren 19tik 24ra

Emausen topaketetako egitaraua aurkeztu zuten atzo, elkarteak Tarnosen duen egoitzan. BRUNEAUX EMILIE.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Emausek lau urtero egiten duen Mundu Biltzarra Angelun (Lapurdi) egingo du aurten, martxoaren 19tik 24ra. Lau kontinentetan diharduten 450 ordezkari presente izanen dira jardunaldi horietan. Ondoko lau urteetarako estrategia zehaztu nahi dute, mundu zabalean pobrezia eta bazterketa borrokatzeko.

«Mundu zabalean dauden egoitzetan Emausek ez dio inori galdetzen nor den edo zer sinesten duen, harrera egiteko; baldintzarik gabeko harrera egitea da Emausen ardatz nagusia», erran du Alain Fontaine Nazioarteko Emausen ordezkari orokorrak.

Harrera ekitaldia martxoaren 19an egingo dute, Angeluko Ozeanoa izeneko egoitzan. Bertan izanen dira Jean Rousseau Nazioarteko Emauseko presidentea, Jean Espilondo Angeluko auzapeza, Jean Grenet Herri Elkargoko presidentea, eta Gipuzkoako Diputazioko eta Kontseilu Nagusiko ordezkariak.

Eragileei hitza

Martxoaren 20an mundu zabaleko eta Ipar Euskal Herriko lekukotasunak emanen dituzte Baionako Merkataritza Ganberan. Horrez gain, zenbait ikastetxetako ikasleek haien ikuspuntua azaltzeko parada ukanen dute. Ondoren elkarretaratzea eginen dute Baionako Herriko Etxeko plazan. Nazioarteko eragileek haien herrialdeetan gauzatzen dituzten ekinbideen lekukotasuna emanen dute. Baionako Atherbea egiturako ordezkari batek pobreziari buruzko egoera aztertuko du. Gabi Mouescak hitza hartuko du Bakea Hemen eta Munduan elkartearen izenean, eta Graxi Etxebehere erizainak Ipar Euskal Herriko barnealdean zaharrak etxeetan artatzeko moldeak aztertuko ditu.

Martxoaren 22an elkartasun arloko eragileek mahai inguru bat eginen dute. Uruguaiko esperientzia eta Afrikan burutu izan diren ingeniaritza xedeak aztertuko dituzte. Ondoren, Ipar Euskal Herriko aterperik gabeko pertsonak laguntzeko egiturak aztertuko dituzte.

Krisialdi ekonomikoak mundua inarrosten duen garaian, ikuspegi orokorra irudikatzea funtsezkoa dela dio Fontainek. Izan ere, jendeak herria utzi eta bertze herri aberats batzuetara joatera bultzatzen dituen arrazoia pobrezia dela nabarmendu du. «Herri garatuek duten jokabidea ez da zuzena, gaitzespena, kriminalizazio, kanporaketa eta atxiloketek ez dute arazoaren mamia konpontzen; tentsio berriak sortzen dituzte, eta mundura zabaltzen». Emigrazioaren arazoari konponbidea eman nahi bazaio, partekatzetik eta jendeak nahastetik helduko dela nabarmendu du. Ildo horri jarraikiz, nazioartean eztabaida sakona egin behar dela gaineratu du.

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoak ere tokia ukanen du topaketetan. Bosniako adibidea aipatuz, askotariko sinesmen edo ideiak dituzten herritarrek elkarrekin bizitzen ikasi behar dutela nabarmenduko dute. Ez dute «konponbide magikorik» edo eredurik proposatuko, «hitza askatzea» baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.