Patxi Agirre. Kamioilaria

«Ematen du beti kamioiak direla arazoa»

Patxi Agirre kamioilaria Hiru Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatuko kidea da; bidesaria ipini aurretik, errepideetako egoera hobetu behar litzatekeela uste du.

Samara Velte.
Donostia
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Egoera ekonomikoa gero eta zailagoa da garraiolarientzat, diru iturri duten ofizioa garestitzen doan neurrian. Patxi Agirre Legazpiko Brinkola auzoko (Gipuzkoa) kamioilariak 27 urte daramatza Euskal Herriko errepidean ibiltzen, eta ez da prezio gero eta altuagoez kexu den bakarra.

Zer iruditzen zaizu Etxegaraten bidesaria jartzea?

Ez dago eskubiderik hor jartzeko. Lehenengo ikusi behar da errepide hori nolako baldintzatan dagoen: oraindik ere, Donostiatik Tolosara doazen autobusek bide bazterrean gelditu behar izaten dute jendea jaisteko; autobiara sartzeko eta irteteko errailetan ez dago nahiko bide, ez azeleratzeko, ezta abiadura gutxitzeko ere. Horrek arrisku handia du. Eta, gainera, gure atseden ordutegiak betetzeko behar ditugun kamioientzako aparkalekuak ere ez daude asko. Bidea egoera horretan, eta, gainera, kobratu!

Bidesaria jarriz gero ibilgailuek bidea aldatuko dutela uste duzu?

Ez. Zein da, ba, alternatiba? Eibar eta Gasteiz tartean egin duten autobide berria? Hori oraindik eta okerrago dago: ez dago zerbitzugunerik ere. Hor inork ez dauka ez non gelditu, ezta non hornitu ere.

Inpresioa ematen du beti kamioiak direla horrelako neurrien jomugan daudenak.

Ba, une honetan halaxe da, eta ez dakit zergatik beti guri, egoera dagoen bezala egonda: egundoko krisia dago, eta gure sektoreari bete-betean eragiten dio. Ez dakit zergatik ordaindu behar ditugun guk errepideak besteek baino gehiago. Ikusi besterik ez dago bestela ere zenbat diru uzten diogun [Gipuzkoako] aldundiari erregaiaren zergetan!

Zertan nabaritzen duzue krisia gehien?

Lehenengo, lan aldetik: beste enpresak krisian badaude, ez dute lehen bezainbeste ekoizten, eta guretzat ez dago lehen bezainbeste lan. Horrek dakarren ondorioa da gure lana merketu egin behar dugula lan egin nahi badugu. Eta, gainera, gasolinaren prezioa igo eta igo ari da! Lana gero eta merkeago egin behar dugu, eta lanerako kostuak gero eta altuagoak dira. Horrek ekarri du orain arte nola edo hala iraun dugunok berriz planteatu behar izatea ea honetan aurrera jarraitu nahi dugun edo ez.

Bidesaria justifikatzeko N-1a hustu nahi dutela diote. Zuri zer iruditzen zaizu?

Nire ustez, gezurretan ari dira. Aurrena: ez dute errepiderik hustu nahi. Ea: 2009an, egon zen krisiarekin, Gipuzkoako Aldundiak 294.000 euro jaso zituen erregaien zergen bidez. Hortik 100.000 euro azpiegituren inbertsioetarako erabili zituen, eta beste 30.000 euro azpiegituren mantenurako. Oraindik beste 164.000 euro gelditzen zaizkio; zer egin dute diru horrekin? Gezurretan ari dira! Hemen gertatzen dena da dirua behar dutela; nahi zuten moduko Gipuzkoa ez zaie ondo atera, eta orain, nola edo hala, bete egin behar dute zuloa. Eta betetzeko modu bat da bidesariarena.

Ez duzu uste N-1a benetan pilatuegi dagoela?

Ematen du beti kamioiak direla arazoa. Errepidea hor dago, eta bere pare-paretik Renfeko trenbidea doa. Zergatik ez da bultzatzen Tolosatik Donostiara doazenak trenean joatea? Arazoa ez dago bakarrik errepideetan; herrietara iristen zarenean ere ez dago lekurik aparkatzeko. Baina ez zaie interesatzen garraio publikoa bultzatzea, nahiago dute oraingo garraio ereduarekin jarraitu: bakoitza bere kotxean. Arazoak daudela? Diputazioari berdin zaio. Ordaindu guk egiten dugu, gipuzkoarrok: ilaretan, denbora alferrik galtzen eta zergetan.

Garraiolarien sektorea gutxietsita dagoela sentitzen duzu?

Gipuzkoan, bai; gu erabat ahaztuta eta baztertuta gaude. Ez gaituzte ezertarako kontuan hartzen; eta Gipuzkoako politikari gehienek, denek ez esatearren, ez dakite garraioa zertarako den eta zenbaterainoko garrantzia duen. Eta ez dute jakin nahi; bost axola zaie.

Mobilizaziorik egingo duzue?

Zerbait egin behar da. Orain arte bezala, behintzat, ezin dugu jarraitu: beti besteek gaizki egindakoa ordaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.