Koronabirusa. Jonathan Caro. Erizain geriatra eta EHUko irakaslea

«Ematen du adinekoak hirugarren mailako pertsonak direla»

Segurtasun neurri zorrotzak ekarri ditu pandemiak, eta are zorrotzagoak izan dira pertsona zaurgarrienentzat. «Eguneroko bizitzari» eusten saiatu diren arren, giroa «tristatu» egin da, adibidez, zahar etxeetan.

BERRIA.
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Pandemiaren eraginagogor jasan dute zahar etxeetako egoiliarrek eta langileek. Jonathan Caro (Santurtzi, Bizkaia, 1981) erizaina da Santurtziko zahar etxe batean, eta irakaslea EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Izurria «gogor eta luze» doala esan du. Ez zaio «ona» iruditzen alor askotan izan den kudeaketa.

Hilabeteak pasatu dira pandemia hasi zenetik. Nolakoa da gaur egun zaharren egoera?

Nire egoitzan ez da positiborik egon, baina martxotik neurri zorrotzak dauzkagu indarrean. Bisitak murriztu behar izan ditugu, eta familiarekin erlazio hotzagoa eduki dute adinekoek azken hilabeteetan. Gu saiatu gara egoitzako eguneroko bizitza ez gehiegi aldatzen. Hala ere, giroa askoz ere tristeagoa dela nabaritzen da.

Bisitetan ezarri dituzten mugek asko eragiten dute, ezta?

Izugarrizko eragina dute. Kognitiboki ondo dauden egoiliarrei bereziki zaila egiten zaie. Pertsona horien jarrera ohikoa maskara kentzea edo senideengana hurbiltzea izaten da, eta, ezin dutenez hori egin, asko frustratzen dira. Askotan esaten digute: «Zertarako joango naiz? Ez naiz ezertaz enteratzen!». Momentu horiek oso tristeak dira. Familia batzuek eskutitzak erabiltzen dituzte errazago komunikatzeko.

Bideo bidezko bisitek funtzionatu dute?

Guztiz eraginkorrak izan dira. Gure egoitzan zuzendaritzak esan baino lehen hasi ginen horrelako bisitak antolatzen, eta sorpresa ikaragarria izan zen. Uste genuen adinekoek ez zutela ulertuko zer egiten ari ziren, baina oso erraz barneratu dute. Bisita horiek oso lagungarriak izan dira egoiliarrentzat; langileentzat ere oso esperientzia aberasgarria izan dira.

Nolako ondorioak eragin ditu egoera honek adinekoengan?

Pixkanaka ohituz joan dira, baina hasieran oso gogorra egin zitzaien. Esaterako, eguneko ekintzetara oso jende gutxi etortzen zen, eta askok ez zuten ezer egiteko gogorik. Gainera, ikusi dugu osasun eskaerak ere handitu egin direla, eta horrek egoera psikologikoarekin lotura zuzena dauka.

Bakardadeak kalte handiak sortzen ditu?

Bakardadea nabaritu eta sufritu dute, baina, egia esan, asko harritu gaitu adinekoen erreakzioak: egoera azaldu genienean, gehienek oso ondo ulertu zuten. Pentsa, askok esan ziguten neurri egokiak hartu genituela. Senideek ere asko lagundu dute.

Zeren falta sumatzen dute?

Familia ikusi nahi dutela errepikatzen dute gehien. Badaude kalearen falta sumatzen dutenak ere, baina gehienek kontaktu fisikoaren eta gertutasunaren falta sumatzen dute.

Zeintzuk dira zahar etxeetako beldurrak?

Langileok dugun beldur handiena birusa egoitzan sartzea da. Gurean ez da positiborik egon, baina badakigu erraz sar daitekeela, eta zahar etxeetan sartzen denean oso bortitza dela. Egoiliarrek, esaten digutenez, antzeko beldurra dute, baina beste ikuspuntu batetik bizi dute egoera. Familia gehiago ez ikusteak edo agurtu gabe geratzeak asko arduratzen ditu.

Azken egunetan, positiboak berriro areagotu dira zahar etxeetan. Beldurra ere handitu da?

Guk hasieratik ezarritako neurriak mantendu ditugu, eta egoera ez da askorik aldatu. Hala ere, eragina nabaritu dugu, emozionalki batez ere. Egoera hobetzen ari zela ematen zuen, eta okerrera egiten hasi denean guztiok urduritu eta kezkatu gara. Egoiliarrak ere arduratuago daude: ez daude mundutik kanpo, eta konturatzen dira egoera okertzen ari dela.

Egoitzetako bigarren itxialdia gogorragoa izan da?

Gogorra bezain luzea egiten ari zaigu. Egoera hobetzen ari zen, baina atzerapausoak eman behar izan ditugu. Egoiliarren jarrera eredugarria izaten ari da, baina kolpe gogorra izan da.

Fisikoki ere eragiten die egoerak?

Gure egoitzan ez da gehiegi nabaritu, ohiko bizitzari eusten saiatu garelako. Hala ere, konfinamendu zorrotzagoa egon den tokietan ondorioak handiagoak izan dira; esaterako, gelatik atera ezin izan dutenentzat. Gainera, sindrome geriatrikoen kasuan, batak bestea pizten du: kate moduko bat sortzen da, eta kasu batzuetan heriotza ere eragiten du.

Nola uztar daitezke segurtasun neurriak adinekoen autonomiarekin?

Hori da zailena. Autonomiaren ordez, askatasuna esango nuke. Badirudi ez direla gizaki askeak, eta erakundeen eta gobernuen menpe daudela. Neurri horiek haien askatasunaren aurka doaz. Oso zaila da oreka hori mantentzea, baina neurriek malguak izan behar dutela iruditzen zait.

Zer egin behar da sortutako eragin horri buelta emateko?

Hori ezin du inork jakin. Egoera normalera itzultzen den heinean hasiko dira hobekuntzak egoitzetan. Beldur handia dago, baina neurriak lasaitu behar direla iruditzen zait. Gizartean aplikatutako neurriak aldatuz joan dira, baina egoitzetan zorroztasuna mantendu dute. Hori ez da guztiz bidezkoa. Ematen du adinekoak hirugarren mailako pertsonak direla. Ez da egoera erraza, baina neurriak arintzeko prozesu logiko bat garatu behar da.

Nolakoa izan da orain arteko kudeaketa?

Kanpotik egindako kudeaketa ez da ona izan. Formakuntza gutxi eskaini dute, eta neurriak hartu ahal izateko zailtasunak eduki ditugu. Erizainok ohituagoak gaude halako neurrietara, baina inork ez digu galdetu laguntzarik behar dugun. Soilik baliabide batzuk bidali dizkigute, eta, gutxi izateaz gain, berandu iritsi dira. Azkenean, gure kabuz egin behar izan dugu ia dena. Protokoloa ere oso orokorra izan da, eta egoitza bakoitzak moldatu behar izan du bere errealitatera.

Zer ikasi duzue hilabeteotan?

Sentitu dugu azkenak garela edozein baliabide eskuratzeko garaian; ez digute eman merezi dugun tratua. Bestalde, adineko jendeak eta haien senideek eduki duten jarrera nabarmenduko nuke: hasieratik izan da eredugarria, eta haiekin harremanak estutzeko balio izan digu. Ezkutuan zeuden sentimenduak azaleratu ditu egoera honek.

Erietxeen antza duten zahar etxeen ereduak nagusitzeko arriskuaz ohartarazi dute hainbat eragilek. Zer iritzi duzu?

Egoitza bat ezin da izan erietxe bat. Osasun alorra zainduko duten profesionalak egon behar dira, hor ez dago inolako zalantzarik. Baina argi geratu behar da gauza ezberdinak direla. Eredua aldatu beharra dago, eta ez pandemiaren eraginagatik: aurretik datorren kontu bat da. Eredua zaharkitua geratu da: egoitza oso medikalizatuak dira, eta egoiliarrek ez dute askatasunik. Eredu berriak garatu behar dira zahar etxeetan, adinekoen azken urteetako bizitza proiektua garatzeko aukera ematen dutenak. Egoitza moldatu behar da pertsonetara, eta ez alderantziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.