Emantzipaziorako laguntza ekonomikoak eskainiko dizkie gazteei Eusko Jaurlaritzak

Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiaren ardatza da neurria, baina oraindik ez dakite laguntza ekonomikoak zenbatekoak izango diren. Gazteen bizi baldintzekin zerikusia duten beste bederatzi lehentasun ere ezarri dituzte.

Jonan Fernandez 2030 Agendaren idazkaria eta Miren Saratxaga Gazteriako zuzendaria, gaur. IREKIA
iraia vieira gil
2023ko otsailaren 9a
14:32
Entzun

Gaur aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak gazteriaren arloan eta legegintzaldiaren amaierara arte bete beharreko helburuak. Hamar dira guztira, eta 2022ko ekainaren 21ean onartu zuten Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia osatzen dute. Gazteen emantzipazioa da xede nagusia, baina, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren idazkariak adierazi duenez, hirutan banatu dute programa. «Bat, gazteen emantzipazioa; bi, haientzako zerbitzuak; hiru, gobernantza eta gazte politiken plangintza».

Gazteak lehenago emantzipa daitezen, laguntza ekonomikoak emango dizkiete 25 eta 29 urte artekoei, eta 25 eta 34 urte bitartekoek eskuragarri izango dute etxebizitza proiektuetarako maileguen programa bat. Neurriak, baina, ez dira abian jarriko 2024ra arte. 2023ko irailetik aurrera, berriz, GAZ (Gazte ibilbideak Abiarazteko Zerbitzua) emantzipaziorako eta mugikortasunerako online aholkularitza zerbitzua eskainiko diete gazteei, «betiere aurrez aurreko arreta bultzatuta».

Oraindik ez dakite laguntzak noiz eta nola jarriko diren martxan, ezta horiek eskatzeko gazteek zer baldintza bete beharko duten ere. «Otsailaren amaieran erabakiko dugu», esan du Fernandezek. Hala eta guztiz ere, gazteen bizi autonomia bermatu nahi dutela ziurtatu du. «Gizarte osoaren eta etorkizunaren oreka demografikoaren eta sozioekonomikoaren ikuspegitik, ezinbestekoa da gazteek beren bizitza eta familia proiektuak autonomia eta bideragarritasun nahikoarekin garatu ahal izatea».

Zerbitzuak eta gazte politikak

Zerbitzuak dira, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak garatutako programaren beste ardatza. Miren Saratxaga Gazteria zuzendariaren arabera, «lehentasunezko helburua da gazteei laguntzeko zerbitzuak indartzea eta parte hartzeko eredu berriak bultzatzea». Hala, aurtengo martxorako, V. Gazte Plana berrituko dute, hiru ataletan oinarrituta: «emantzipazioa (bizitzea), garapena (gozatzea) eta eragina (eraldatzea)». Lehenengoak enplegu eta etxebizitza kontuekin du zerikusia; bigarrenak, aisialdiarekin, eta hirugarrenak, berriz, gazteen gizarte kezkekin.

Gazte Txartelari dagokionez ere izango dira aldaketak: digital bihurtuko dute, eta zerbitzu berriak eskainiko ditu. «Helburua da txartel fisikoak desagertzea», esan du Saratxagak. Berez dituen abantailez gain, Europako 38 herrialdetako abantailak ere izango ditu txartel berrituak. Bestalde, gazteek parte hartzeko bide berriak ere landuko ditu Eusko Jaurlaritzak, EGKrekin eta Gazteen Euskal Behatokiarekin batera.

Gizarte politika publikoei dagokienez, «gazteriaren arloko gobernantza eta plangintza organoak berritzeko prozesu oso garrantzitsu bat gauzatzen ari da». Hala, Euskal Gazteriaren arloko Erakunde Arteko Koordinazio Organoa eta Sail Arteko Batzordea eratuko dituzte, eta gazteriaren arloko 2030erako Euskal Estrategia prestatu eta onartuko dute. Amaitzeko, Aisialdi Hezigarria Koordinatzeko Mahaian, aisialdiko hezkuntza sustatzeko estrategia abiaraziko dute, sektore publikoarekin lankidetzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.