Emantzipatzen ari diren 25 eta 29 urte bitarteko gazteei hilean 300 euro emango dizkie Eusko Jaurlaritzak, gehienez bi urtez, Emantzipa programari esker. Otsailean jarri zuen martxan programa hori, eta, orduz gero, sei hilabeteko epean 6.562 gaztek eskatu dute laguntza hori, Jaurlaritzak berak ohar bidez jakinarazi duenez.
Lautik ia hiru (%72,3) alokairuan emantzipatu diren edo emantzipatuko diren gazteek aurkeztu dituzte, eta gainerakoak (%22,7), etxe bat erosi dutenek. Eskaeren erdiak Bizkaian aurkeztu dira; %33, Gipuzkoakoan; eta %15, Araban. Xehetasunei erreparatuta, Bilbon 1.593 gaztek eskatu dituzte laguntzak; 829 izan dira Gasteizen, eta 811 Donostian.
Sexuari erreparatuz, eskaeren erdiak baino gehiago (59,7) emakumeenak dira, eta gainerakoak (40,3) gizonenak. Horrela, emakumeen emantzipazio tasa handitu egin da azken hamarkadan, 10 punturen aldearekin.
Aipatzekoa da Emantzipa programa bateragarria dela Eusko Jaurlaritzaren beraren beste laguntza mota batzuekin. Adibidez, Gaztelagun programaren alokairurako laguntzekin. Hala ere, gazte eskatzaileen bi herenek (%66,09) ez dute beste laguntzarik jasotzen emantzipazioa bultzatzeko. Beste laguntza batzuk dituztenak, berriz, %39,6 dira, Gaztelagun programaren onuradun baitira.
Batez besteko diru sarrerei dagokienez, eskatzaileek urtean 19.930 euroko diru sarrerak dituzte batez beste. Zehatzagoak izateko, salerosketa bidez emantzipatzen direnek urtean 22.327 euroko diru sarrerak dituzte, eta errentamendu bidez emantzipatzen direnek, urtean 19.014 eurokoak.
Miren Saragatxa Gazteriako zuzendariak adierazi du orain arte lortutako erantzuna aurreikuspenekin bat datorrela eta pozik daudela. Gehitu du ez dela gorabehera negatibo nabarmenik gertatu, eta, horrenbestez, diseinatutako aplikazioa eta kudeaketa operatiboa behar bezala funtzionatzen ari direla. Eskaera egiteko epea zabalik dago oraindik.