Gaur zortzi irekiko da Emantzipa laguntzak eskatzeko epea EAE Euskal Autonomia Erkidegoan: apirilaren 1ean. Laguntza horren bidez, Eusko Jaurlaritzak hilean 300 euro ematen dizkie 25 eta 29 urte bitarteko gazteei alokairua edo hipoteka ordaintzeko. Iazko otsailean jarri zuten martxan programa, eta, geroztik, 8.285 eskabide aurkeztu dira, eta horietatik 6.173 onartu.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eman du egunaren berri, gobernu kontseiluaren ostean. Azaldu duenez, aurtengo deialdian aldaketa batzuk egin dituzte laguntzak jaso ahal izateko irizpideetan: zergak banaka ordaintzen badira, urtean gutxienez 3.000 euroren diru sarrerak izan beharko dira, eta gehienez 30.000 eurokoak —iaz 28.000 euro ziren—. Zergak batera ordaintzen dituzten horien diru sarrerek, berriz, urtean 3.000 eta 36.500 euro bitartekoak izan beharko dute —iaz 34.000 euro ziren gehienez—.
Melgosak azaldu du aldaketa horien bidez iaz baino gazte gehiagorengana iritsi ahalko direla. «Badakigu Euskadiko gazte gehienak 30 urte inguruan edo geroago emantzipatzen direla. 25-29 urteko adin tartean, % 32,8k soilik lortzen dute independizatzea. Hori dela eta, funtsezko tresna da errealitate hori aldatzeko eta gazteek beren etorkizuna eraikitzeko benetako aukerak izateko», erran du.
Are, agerraldian adierazi du mahai gainean dagoela laguntza eskatzeko adin tartea 36 urtetara zabaltzea.
Aurrekontua
Emantzipa laguntza programarako 53 milioi euro jarri zituen iaz Jaurlaritzak, baina horietatik 10,36 milioi euro bakarrik erabili dituzte —aurrekontu osoaren ia %20—. Jaurlaritzak, gainera, aurreikusi zuen lehenbiziko urtean 15.000 gaztek baino gehiagok eskatuko zutela laguntza hori, baina eskaerak ez dira 9.000 ere izan. Hain zuzen ere, 2024tik 2025aren hasierara bitarte 8.285 eskaera aurkeztu dira Emantzipa programara, eta horietatik 6.173 onartu dira: 3.193 Bizkaian, 2.074 Gipuzkoan eta 906 Araban.
Gainera, Jaurlaritzak iaz erran zuen aurtengo laguntzendako 53 milioi eurokoa izanen zela aurrekontua. Azkenean, ordea, 25 milioi eurokoa izanen da. Melgosak erran du hasieran aurtengo ziren 53 milioi euro horiek «hainbat urterako» izanen direla.
Balantzea
Iazko datuen balantzea ere egin du Melgosak, eta zehaztu laguntza eskatu zutenek 27 urte inguru zituztela batez bertze.
Hamarretik zazpik, gainera, alokairua ordaintzeko erabili dute, eta gainerakoek hipotekarako.