EHU Euskal Herriko Unibertsitateak datozen sei urteetan izango duen norabidea aukeratzeko eguna izango da azaroaren 26a; orduan egingo dituzte errektoretzarako hauteskundeak. Astebete falta dela, kanpaina betean, aukera izan dute bi errektoregaien, Eva Ferreiraren eta Joxerramon Bengoetxearen, proposamenak eta asmoak entzuteko eta horien inguruan galderak egiteko. Hain zuzen, kanpainako bi eztabaidetako bat egin dute bi hautagaiek gaur goizean, Leioako campusean, Ikasle Kontseiluak antolatuta eta bertako lehendakari Iñigo Ugedok zuzenduta. Gazteleraz eta euskaraz izango zela iragarrita bazegoen ere, azkenean, gazteleraz izan da nagusiki. Hurrengo eztabaida gaztelania hutsean izango da, Radio Euskadin. Hizpideen artean, ikasleen parte hartzea. Bengoetxeak azaldu du langileei entzuten aritu direla eta ehunka proposamen jaso dituztela. «Pentsatzen dugu ikasleekin ere antzeko praktika bat jarri behar genukeela martxan». Ildo horretan ekinean aritu direla ziurtatu du Ferreirak ere. «Hainbat arau aldatu ditugu, ikasleen parte hartzea handitzeko».
11:45. Leioako campuseko areto nagusiaren ataria. Gazte kuadrillak sartu eta sartu ari dira; egiteko dituzte lanez hizketan batzuk, bozez beste batzuk. Ikasleek eta bereziki ikasleentzat antolatutako ekitaldia izanagatik, nabari da komunitate osoan piztu duela interesa: ikusten dira irakasleak, ikertzaileak... Bi hautagaitzetako kideak ere pronto daude. Elkarri kasu egin diote, aritu dira hizketan.
12:00etarako Bengoetxea eta Ferreira ere gertu daude, Ugedo ondoan dutela; argazki batzuk atera, eta aurrera. Txalo artean igo dira areto nagusiko eszenatoki gainera. Bakoitzak parean du bere atrila. Gaitegi zabala dute aurretik: gobernantza, prestakuntza eta kalitatea, azpiegiturak, baliabideak, ikasleen parte hartzea...
Beren-beregi proposamenetan sartzerako, ikasleek botoa emateak duen garrantzia nabarmendu du Ugedok: «Ikasleok funtsezko rola dugu». Alabaina, azaldu du horien parte hartzea txikia izan ohi dela: azken bozetan, %2,1ek eman zuten botoa. Hautagai bat edo bestea aukeratu, bozkalekuetara joateko deia egin die ikaskideei: «Unibertsitatea gurea da, eta EHUren etorkizuna gure esku dago».
Hasi da eztabaida. Biek ala biek, unibertsitateko leloari jarraikiz, eman dute beraienetik, eta zabaldu dituzte proposamenak, nahiak, lehentasunak. Leku berezia izan dute ikasleei begirako asmoek. Besteak beste, matrikulen prezioak eta bekak izan dituzte mintzagai. Gaia Eusko Jaurlaritzaren mende egonagatik ere, eragiteko beharra nabarmendu dute. Ferreirarentzat, lehenengo matrikula dute lehentasuna: «Matrikulak zuzenean gure eskumenekoak ez diren arren, ikasketen kostua jaistea defendatuko dugu, lehenengo matrikularen kostua murriztuta». Ikasleei unibertsitaterako «sarbidea erraztea» du xede Bengoetxeak: «Unibertsitate publikoa garen aldetik, gure filosofia hau izan behar da: sarbidea erraztu behar da, matrikula jaitsiz eta beka sistema hobearekin».
«Sarbidea erraztu behar da, matrikula jaitsiz eta beka sistema hobearekin»
JOXERRAMON BENGOETXEAEHUko errektoregaia
Eta ikasleen hizkuntza eskubideak ere izan dituzte hizpide. Euskarazko irakaskuntzaren herrenez aritu dira. Hala hitzeman du Ferreirak: «Geletan euskararen erabilera zabaltzeko eta hobetzeko baliabideak jarriko ditugu». Bengoetxeak aitortu du «aurrerapauso handiak» eman direla arlo horretan. Baina: «Oraindik ez da posible gradu guztiak euskaraz egitea; zailtasunak ikusten ditugu, batez ere hautazko irakasgaiekin. Eta, gure ustez, lanbidera bideratzen duten graduondoko denak euskaraz eta gaztelaniaz izan beharko dira, gure etorkizuneko profesionalak prestatzen baitituzte». Horrekin batera, nabarmendu du bermatu behar dela eskoletako materialak ere hizkuntzaren aldetik «kalitatezkoak» izatea.
«Geletan euskararen erabilera zabaltzeko eta hobetzeko baliabideak jarriko ditugu»
EVA FERREIRAEHUko errektoregaia
Langileen lan baldintzez
Ikasleek antolatua eta horientzako saioa izanagatik ere, hautagaiek eduki dituzte unibertsitateko langileentzako mezuak ere. Azkenaldian, bereziki jardunaldi partziala duten irakasleen kasuak eman du zeresana, 800 euroko soldatak-eta baitituzte. Ferreirak esan izan du Espainiako Unibertsitate Legearen ondorio dela; gaur ziurtatu du hori aldatu nahian ari direla, eta, bitartean, kontratu mota hori dutenak «ahalik eta gutxien» izatea nahi dutela. Jardunaldi osoko kontratuak egitea lehenetsi du Bengoetxeak ere, baita ordezkapenen sistema azkartzea ere, ikasleek denbora gutxiago pasa dezaten irakaslerik gabe.