«Mezu misoginoak gazterian eragina izaten ari dira, eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak aurrera egiten ari dira». Argi mintzatu da gaur Miren Elgarresta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria. Erakundeak datozen lau urteetan izanen duen ildo estrategikoak azaldu ditu gaur Eusko Legebiltzarrean. Ohartarazi du indartzen ari dela manosfera, berdintasunaren eta feminismoaren kontrako mezuz betetako eremua; eta, horregatik, adierazi du ezinbertzekoa dela mutil gazteekin lan egitea, teknologiak erabiliz. Halere, zehaztapen bat egin du: «Ezin da gazteengan ardura guztia jarri: gazteek helduek egiten duguna erreproduzitzen dute, eta lokarri hori da hautsi behar duguna».
EH Bilduk eskatuta egin dute saioa. Izan ere, ikasturte hasieran sail guztiek egin zituzten agerraldiak, baina Emakundek ez zuen halakorik iragarri —Iñigo Urkulluren azkeneko legealdian Berdintasun Saila sortu, eta zuzendaritza moduan hara eraman zuten Emakunde; orain, ordea, Imanol Pradalesek Lehendakaritzan txertatu ditu berdintasun politikak—. Alde horretatik, erakundea lehendakaritzara itzuli izana «ontzat» jo du koalizio subiranistak, baina hartuko dituzten neurrien berri izatea «beharrezkoa» zaie. Elgarrestak nabarmendu du Europako Berdintasun Indizeari dagokionez «Euskadi ondo kokatuta» dagoela, baina «erreakzio antifeminista» nabarmena dela.
Horregatik, mutil gazteekin lan egitea dute lehentasun, eta horretarako hainbat proiektu jarriko dituzte abian: Gela Morea, gazteen artean ardaztutako indarkeria matxistaren sentsibilizaziorako eta prebentziorako programa ibiltaria; Tratu On, tratu onak sustatzeko zerbitzua, mutilentzat pentsatua; eta lanean jarraituko dute dagoeneko martxan diren beste egitasmo batzuetan, tartean Beldur Barik eta Gizonduz.
EAEko Berdintasunerako 2030eko Estrategia oinarri hartuta, 11 helburu dituztela adierazi du Elgarrestak. Hala nola: aurrekontuaren %1,5 berdintasun politikak garatzeko izan dadila —%0,99 da orain—; erakunde publiko guztiek berdintasunerako zerbitzuak izan ditzatela; administrazioko langile guztien prestakuntza bermatzea; soldaten genero arrakala bost puntu murriztea —%17,8 da orain—; zaintza lanetan dagoen genero arrakala erdira murriztea; eta bermatzea indarkeria matxistaren biktimek diru laguntzak jasoko dituztela kalte ordainak ordaintzen ez badizkiete. Helburu horiek guztiak lortzeko, garatu beharreko ekintzak bortz ataletan banatu dituzte.
1
Berdintasuna administrazioan
Arlo horretan hiru izanen dira Emakunderen lehentasun nagusiak: Berdintasunerako Euskal Behatokia sortzea, Eusko Jaurlaritzako langileen berdintasun prestakuntzak bultzatzea —2030erako guztiek egitea da helburua—, eta administrazioetan «berdintasun egiturak sendotzen eta sortzen» jarraitzea.
2
Emakumeen ahalduntzea
Elgarrestak azaldu duenez, batez bertze emakumeek gizonek baino 6.000 euro gutxiago irabazten dute urtean. Ildo horretan, bi helburu ditu Emakundek: emakumeen autonomia ekonomikoa bermatzea, eta andreen elkarteei lagundu eta haien arteko sareak bultzatzea.
3
Berdintasuna enpresetan
«Enpresa gehiagok egin behar dute berdintasun plan bat», azpimarratu du Elgarrestak. Ildo horretan, datozen lau urteotan plan horiek bultzatuko dituzte: dirua emanen diete enpresei, baita aholkularitza zerbitzua ere. Horrez gain, azaldu du emakumeek gizonek baino denbora gehiago ematen dutela etxeko lanetan edo zaintzan; eta lan horiek «modu ekitatiboan» banatuko dituen gizartea eraikitzea izanen dutela lehentasun.
4
Berdintasunaren aldeko sentsibilizazioa
Gizonekin eta haurrekin egiten den lana «indartu» nahi dute, eta hor kokatu ditu Elgarrestak Gizonduz eta Tratu On programak. Horrez gain, berdintasunaren helburua «herri proiektua» izan dadila nahi du erakundeak, eta horren alde lan eginen dute, bertzeak bertze, Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko kanpainen bidez.
5
Indarkeria matxista
Elgarrestak erran du 53 emakume hil dituztela bikotekideek edo bikotekide ohiek 2003tik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azaldu du garrantzitsua dela gazteen artean «prebentzioa sustatzea», batez ere sare sozialen alorra kontuan izanda. Indarkeria horren biktimei eskaintzen dieten arretari erreferentzia eginez, zera nabarmendu du: «Emakume bakoitzak zerbitzu guztien erdigunean egon behar du, eta ez nora joan behar duen galdetzen ibili».
Horrez gain, Ekim programaren bidez, leku bakarrean bildu dituzte indarkeriaren biktima diren emaztekiendako zerbitzuak eta baliabideak. Hurrengo pausoa eman nahi dute orain: emakume horien espedienteen kudeaketa «modu integratuan» egin ahal izatea, profesionalen arteko lana erraztuz.