Abortatzeko eskubidea

Emakundek positibotzat jo du haurdunaldia gurasoen baimenik gabe eteteko adina 16 urtera jaistea

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak uste du lege berriak «berme juridikorik eta sanitariorik gabeko ezkutuko abortuak» eragotziko dituela.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa bat, Iruñean, 2014an. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
unai etxenausia
2022ko maiatzaren 12a
13:38
Entzun

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak positibotzat jo du haurdunaldia baimenik gabe eteteko adina 16 urtera murriztea, uste baitu horrek «berme juridikorik eta sanitariorik gabeko ezkutuko abortuak» eragotziko dituela. Landaidak Espainiako Gobernuaren abortuaren inguruko lege berriaren xehetasunei buruz hitz egin du gaur goizean, Radio Euskadin. Halere, esan du ez dutela zirriborroa ikusteko aukerarik izan.

Espainiako Gobernuak ospitale publiko guztietan abortatzeko aukera bermatu nahi du, eta gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eteteko adina 16 urtera murriztu. Horrez gain, hilekoaren min handiengatik hiru eguneko bajak eta emakumeen higiene produktuei BEZa kentzeko aukera barne hartzen ditu, atzo aurreratu zuten lege zirriborroan jasotzen denez.

Irakurri gehiago:Espainiako Gobernuaren lege berriak 16 urtetik gorakoek gurasoen baimenik gabe abortatzeko eskubidea jasoko du

2015ean, PPren gobernuak abortatzeko gurasoen baimena eskatzera behartzen zuen legea aldatu zuen. Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, horrek abortu klandestinoak zein berme juridiko eta sanitariorik gabekoak egoteko arriskua areagotu zuen: «Arriskuan eta egoera ahulenean dauden gazteei eragiten die bereziki». Gainera, 2015a baino lehen, baimen hori eskatu behar ez zenean, adingabeen abortuak ez ziren gehiago izan, eta Landaidak adierazi du gehienetan gurasoek egoeraren berri zutela.

Era berean, Emakundeko zuzendariak esan du lanean jarraitu behar dela sexu eta ugalketa prestakuntza eskaintzeko, hain zuzen, «horrelako egoerak saihesteko». Bestalde, ospitale publikoetan abortatzeko aukerari dagokionez, ziurtatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bermatuta dagoela abortatzeko aukera, eta klinika pribatuekin ere itunak daudela haurdunaldiak eteteko.

Haurdunaldi subrogatuaren inguruan ere mintzatu da Landaida. Judizialki jazartzeko asmoari dagokionez, esan du ez dakiela nola jasotzen den gai hori zirriborroan, baina uste duela «emakumeen merkantilizazioa» ekidin egin behar dela. Bestalde, nabarmendu du emakumeen higienerako produktuen BEZa kentzea «hamaika aldiz» eskatu dela.

Egiturazko indarkeria

Azkenik, sexu erasoen gorakadari dagokionez, adierazi du lanean jarraitu behar dela, balioak gizarte «berdinzaleago» baterantz aldatzeko. Gaineratu du emakumeen aurkako indarkeria «egiturazkoa eta dimentsio askotakoa» dela, eta «berdintasun falta» dagoela horren oinarrian. Horregatik, gaineratu du «funtsezkoa» dela «gizarte osoaren inplikazio aktiboa zero tolerantziara iristeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.