Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak ohartarazi du abortuaren legearen erreformaren ondorioz 16-17 urteko nerabeak "ezkutuan eta beharrezko osasun bermerik gabe" haurdunaldiak eteteko atakan egon daitezkeela. Gogorarazi du egun indarrean dagoen legeak behartzen dituela adingabeak gurasoak informatzera abortatu aurretik, eta kasu "konkretu batzuetan" bakarrik uzten dela zirrikitu bat horrelakorik ez egiteko; hain zuzen ere, etxe barruan indarkeria, mehatxu edo babesgabetasun egoerak jasaten dituzten adingabeengan pentsatuz ebatzitako salbuespen bat da.
Susmo txarra hartu dio Landaidak aldaketari, eta esan du atzetik gehiago ere etor daitezkeela. Gogorarazi du sexu hezkuntzan ahalegina egiten jarraitu behar dela: "Hori da modu egokiena nahi ez diren haurdunaldiak gerta ez daitezen".