Emakundek jasotako datuen arabera, hemeretzi sexu eraso salatu dituzte aurten Bilboko, Donostiako eta Gasteizko jaietan, eta, horietatik, bortxaketak izan dira sei. Joan den urtean erregistratutako salaketak halako bi baino gehiago dira aurten jazotakoak: iaz, zortzi sexu eraso zenbatu zituen Emakundek hiriburuetako jaietan. Hiriburuka, hurrengo datuak jaso ditu erakunde horrek udaltzainek eta ertzainek bildutako salaketetan oinarrituta: Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan hamar salaketa izan dira sexu erasoengatik; horietatik hiru, bortxaketagatik. Donostiako Aste Nagusian hiru sexu eraso salatu dira; horietako bat, bortxaketagatik; eta Bilboko Aste Nagusian, berriz, sei salaketa zenbatu ditu Emakundek, eta horietako bi, bortxaketagatik.
Sexu askatasunaren aurkako erasoekin batera, hiriburuetako jaietan emakumeen kontrako indarkeriagatik aurkeztutako salaketen inguruko datuak ere bildu ditu Emakundek. Bikotekideak edo bikotekide ohiak eginiko erasoak dira horiek, eta, denera, 36 salaketa zenbatu ditu: Gasteizko jaietan bederatzi, Donostiako jaietan hamabi, eta Bilboko jaietan hamabost.
Euskal Herriko mugimendu feministak aurtengo udan egindako salaketei erreparatuz gero, ordea, askoz gehiago izan dira hiriburuetako festetan emakumeen eta LGTBI komunitatearen aurka izan diren erasoak. Gasteizko jaietan, esaterako, 11 eraso matxista egon zirela salatu zuen mugimendu feministak abuztuan.
Sentsibilizazio lana
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak uste du hiriburuetako jaien datuek gizartearen «termometro» gisa balio dutela, eta urtez urte gero eta indar handiagoa duela eraso matxisten aurkako gaitzespen publikoak. Azpimarratu du jaien hasierako mezuetan ere geroz eta presentzia nabarmenagoa dutela emakumeekiko errespetuaren eta askatasunaren aldeko deiek, programetan prebentzio neurriak jasota daudela, puntu lilak ugaritu direla eta sexu indarkeriaren kontrako 24 orduko zentroak martxan jartzen ari direla.
Elgarrestaren ustez, sentsibilizazio lanari esker, eraso asko prebenitzea lortu da, eta emakume asko erasoak salatzera animatu dira. Hori dela eta, eskerrak eman dizkie jarrera matxisten aurkako jaiguneak sortzen lan egiten duten udalei, jai batzordeei, ostalaritza arlokoei, elkarteetakoei eta mugimendu feministari.