Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak ontzat jo du haurdunaldia baimenik gabe eteteko adina 16 urtera murriztea, uste baitu horrek «berme juridikorik eta sanitariorik gabeko ezkutuko abortuak» eragotziko dituela. Espainiako Gobernuaren abortuaren lege berriaren zirriborroa zabaldu zuten asteazkenean, eta horri buruz hitz egin zuen atzo Landaidak, Radio Euskadin. Argitu zuen ez dutela zirriborroa irakurtzeko aukerarik izan.
Espainiako Gobernuak ospitale publiko guztietan abortatzeko aukera bermatu nahi du, eta gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eteteko adina 16 urtera murriztu. Horrez gain, hilekoaren min handiengatik hiru eguneko baja hartzeko eta emakumeen higiene produktuei BEZa kentzeko aukera ere izango da, atzo aurreratu zuten lege zirriborroan jasotzen denez.
Ospitale publikoetan abortatzeko aukerari dagokionez, Landaidak ziurtatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bermatuta dagoela abortatzeko aukera, eta klinika pribatuekin ere itunak daudela haurdunaldiak eteteko. Era berean, esan zuen lanean jarraitu behar dela sexu eta ugalketa prestakuntza eskaintzeko, hain zuzen, «horrelako egoerak ez izateko».
2015ean, PPren gobernuak legea aldatu zuen eta abortatzeko gurasoen baimena eskatzera behartu. Emakundeko zuzendariak adierazi zuenez, horrek areagotu zuen abortu klandestinoak zein berme juridiko eta sanitariorik gabekoak egoteko arriskua: «Arriskuan eta egoera ahulenean dauden gazteei eragiten die bereziki». Gainera, 2015a baino lehen, baimen hori eskatu behar ez zenean, adingabeen abortuak ez ziren gehiago izan, eta Landaidak baieztatu zuen gehienetan gurasoek egoeraren berri bazutela.
Lege berriaren zirriborroaren beste puntu batek jasotzen du haurdunaldi subrogatua emakumearen aurkako indarkeria dela. Horregatik, horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzten agentzien publizitatea debekatu nahi dute, eta haien iragarkiak dituzten komunikabideak zigortu. Puntu horren inguruan ere mintzatu zen Landaida. Judizialki jazartzeko asmoari dagokionez, onartu zuen ez dakiela nola jasotzen den gai hori zirriborroan, baina uste du «emakumeen merkantilizazioa» ekidin egin behar dela.
Bestalde, ikastetxeek, bazterketa arriskuan dauden emakumeentzako gizarte zerbitzuetako zentroek eta espetxeek doan eskaini beharko dituzte hilekorako beharrezkoak diren higiene produktuak. Pixkanaka, erakunde publikoen bulego guztiek neurri hori hartu beharko dute. Landaidak garrantzia eman zion BEZa kentzeari, eta gogoratu zuen emakumeen higienerako produktuen BEZa kentzea «hamaika aldiz» eskatu dela.
Azkenik, sexu erasoen gorakadari dagokionez, adierazi zuen beharrezkoa dela lanean jarraitzea, balioak gizarte «berdinzaleago» baterantz aldatzeko. Eta gizartearen egiturazko arazo bat dela esan zuen: «Indarkeria egiturazkoa da. Horregatik, funtsezkoa da gizarte osoaren inplikazioa zero tolerantziara iristeko».
Emakundek babestu egin du gurasoen baimenik gabe abortatzeko adina jaistea
Emakundeko zuzendariak uste du lege berriak «berme juridikorik eta sanitariorik gabeko ezkutuko abortuak» eragotziko dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu