Araba, Bizkai edo Gipuzkoako enpresa baten kapitalaren erdia baino gehiago publikoa bada, enpresa horrek berdintasun plan bat negoziatu behar du. Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legeak hori agintzen du. Halaber, 250 langile baino gehiago dituzten enpresek ere berdintasun plana negoziatu behar dute, Espainiako Berdintasun Legeak aginduta. Ordea, oraindik ere baldintza horiek bete arren emakume eta gizonen arteko berdintasun diagnosirik eta berdintasun planik abiarazi ez duten enpresak badaude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Maria Silvestre Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak jakinarazi du berdintasun legeak ez direla erabat betetzen. Silvestrek gogorarazi du egoera horren berri izan arren datu zehatzik ez dagoela. Gainera, legeak zigorrak aurreikusten baditu ere, horrelako neurriak erabiltzearen aurka agertu da. «Emakunde ez da ikusi behar zigortzera doan erakunde baten moduan, berdintasuna sustatuko duen talde baten moduan baizik».
Zigorrak ezarri beharrean enpresei gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren garrantzia helarazi behar zaiela nabarmendu du Silvestrek, ez bakarrik justizia sozialari dagokionez, baita alor ekonomikoan izan dezakeen baliagarritasunari buruz ere.
Planak egiteko tresna
Berdintasun diagnosiak eta planak egiteko tresna bat aurkeztu zuen atzo Emakundek, enpresei zeregin horretan laguntza emateko helburuarekin. Planak egiteko metodologia hori duela hiru urte hasi ziren lantzen, eta bi beharri erantzuteko sortu dute: legeen agindua betetzen laguntzea eta enpresen eskaerari erantzutea. Enpresekin lan egiterakoan, tresna bat behar zutela ikusi zuten, borondate ona izan arren lan egiteko metodologia bat falta zitzaielako.
Atzoz geroztik dago Emakunderen webgunean metodologia hori; diagnostikoa zehazten du, eta zenbait tresna eskaintzen ditu lan hori errazteko. Horien artean kalkulu orri bat du, non enpresaren datuak sartuta analisi kuantitatiboa egiten baita. Analisi kuantitatiboan ikusitako ahulguneak zehazten direnean, ahulguneak modu kualitatiboan lantzea proposatu dute, elkarrizketen bitartez, besteak beste.
Silvestrek nabarmendu du metodologiaren asmoa berdintasunean aurrera egitea dela baina enpresak ez direla «ondo ateratzen argazkian». Ordea, horrek lan egiteko oinarri fidagarria ematen duela gogorarazi du, betiere langile eta sindikatuekin adostuta. Metodologian, besteak beste, familia eta lana bateratzeko neurriak aztertzen dira, baita enpresan lanpostua hobetzeko aukerak eta langileen aukeraketa prozesuak ere.
Emakundek azaldu du enpresa guztiek ez dutela betetzen Berdintasun Legea
Enpresei berdintasun planak egiten lagundu eta diagnosiak errazteko, metodologia bat prestatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu