Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak larunbatean egin zuen karguaren zina, eta egun horretan bertan jakinarazi zuen gobernuaren osaera: zer sail eta sailburu izango dituen Jaurlaritza berriak. Horiek gaur hartuko dute kargua, lehen gobernu kontseilua egin aurretik. Jaurlaritzak, ordea, atzo argitaratu zuen gobernuaren egitura eta sail bakoitzaren eginkizunak zehazten dituen dekretua, eta badira berritasun nabarmenak. Berregituraketa horretan, Beatriz Artolazabalek orain arte zeukan baina esangura politiko handiagoa hartuko du, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren esku geratuko baitira Emakunde eta memoria eta bizikidetza gaiak. Orain arte, Lehendakaritzaren egiturapean egon dira Emakunde —Izaskun Landaidak zuzenduta— eta Bake eta Bizikidetza Idazkaritza —Jonan Fernandezen ardurapean—; baita Gogora institutua ere, Aintzane Ezenarrok zuzendua.
Dekretuaren arabera, Artolazabalek zuzenduko duen sailak berdintasunaren arloan izango dituen egitekoak izango dira «generoaren aukera berdintasunerako politika» eta «genero indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzendu eta koordinatzea». Memoriari eta bizikidetzari dagokionez, haren lana izango da«giza eskubideak eta bizikidetza gauzatzeko baldintzak sustatzea», «biktimen eta memoriaren politikak zuzendu eta koordinatzea» eta «espetxe legeria betetzea». Azken eskumen hori Espainiako Gobernuak du oraindik, eta Madrilek eta Jaurlaritzak jasoa dute Gernikako Estatutua erabat transferitzeko egutegian.
Fernandez 2013ko urtarrilean sartu zen Jaurlaritzan, Urkullu Lehendakaritzara heltzean; ETAk jardun armatua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi zuen 2011n, eta, Fernandezek Bake eta Elkarbizitza Idazkaritzan emandako zortzi urteetan, ETA armagabetu (2017) zen, eta bere burua deseginzuen. Azken urteetan, euskal presoak Euskal Herritik gehienez 250 kilometrora dauden kartzeletara lekualdatzeko egitasmo bat taxutzea izan da haren lan nagusietako bat. Polemikak ere izan ditu urteotan: haren izendapena ez zuten ontzat jo PSE-EEko eta PPko sektore batzuek, eta alderdi horiek kexu azaldu dira gatazkaren kontakizuna ikasgeletara eramateko Herenegun programarekin, Jaurlaritzak hura moldatu behar izateraino. Gainera, Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko lege moldatuak ez ditu kaltetuak asebete, eta EH Bilduk kritika egin zion legeak ez zituelako biktima guztiak maila berean jartzen.
Halere, litekeena da Fernandezek Jaurlaritzaren egituran jarraitzea, lehendakaritzan beste zereginen batean. Landaidak ere bi legealdi daramatza Emakunderen zuzendaritzan.
Emakunderekin eta Gogorarekin batera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zen aurreko legealdian lehendakaritzaren mende zegoen beste entitate publikoa, eta ikusteko dago ea funtzio horrek eta beste batzuek—esaterako, kanpo ekintzak — lehendakaritzaren organigraman jarraituko duten.
Beste sail batzuetan ere badira aldaketak; ingurumen eskumenak izateari utzi dio Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio Sailak, eta Iñaki Arriola izango du sailburu; eta, orain, ingurumen arloa Arantxa Tapiak hartuko du, Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean.
Elena Perez sailburuorde
Gainera, hasi dira sailburuorde batzuk jakinarazten ere; Idoia Mendia lehendakariordearen sailean egongo da; Elena Perez Barredo Lan sailburuordea izango da, eta Alfonso Gurpegi Ruiz, Enplegu eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zuzendari. Perez Barredo zen orain arte Lan Sailaren zuzendaria, eta Administrazio Publikoko sailburuorde izan zen 2010etik 2012ra, Patxi Lopezek zuzendutako Jaurlaritzan. Gurpegi, berriz, Gizarte Gaien sailburuorde izan zen Lopezen gobernuan 2011 eta 2012 artean. Besteak beste, Lanbideren erreforma izango dute mahai gainean.
Aldaketa horien inguruan galdetu diote Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariari Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean: «Urkulluk gobernuaren egitura mantendu du; egoki iruditzen zaizkion aldaketak egin ditu pertsonetan, eta ongi iruditzen zaizkigu».
Emakunde eta Bizikidetza Idazkaritza lehendakaritzatik kanpo atera ditu Urkulluk
Berdintasun eta Gizarte Gaien Sailak protagonismo politiko handiagoa izango du Jaurlaritzaren egitura berrian. Jonan Fernandezek gobernuan segituko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu