42 urteko etxegabe bat hilda aurkitu zuten larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) kutxa automatiko batean. Emakumezkoa zen, Bilbokoa. Barakaldoko Udaltzaingoa hasi zen kasua ikertzen, baina, orain, Ertzaintza ari da lanean. Azaldu dutenez, gorpua Auzitegi Medikuntza Institutuan dago; heriotzaren kausak ikertzen ari dira.
Hildako emakumea omenduko du Bestebi egoitza inklusioaren eta etxegabetasuna desagerraraztearen aldeko plataformak bihar, Herriko Plazan, 11:00etan. Era berean, gertatutakoa salatuko du Berri Otxoak pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontrako elkarteak ostiralean. Bagatza auzoko Santa Teresa plazan elkarretaratzera deitu du, 11:00etan. Etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatuko dute, eta «prekaritate eta murrizketa hiltzaileak» salatuko dituzte.
Berri Otxoak elkarteak eta Argitan emakumeentzako aholku etxeak uztailean salatu zuten Barakaldoko Udalak itxi egin duela kalean bizi diren emakumeentzako aterpetxea. Zentroa Arrontegi auzoan zegoen, eta sei emakumerentzako tokia zuen. Eusko Jaurlaritzak ekainaren 30era arteko diru laguntza eskaini zuen hura martxan jartzeko. Epe hori amaituta, itxi egin zuten aterpetxea.
Dutxa hartzeko aukerarik ez
Nafarroan ere salatu dituzte etxegabeek pairatzen dituzten arazoak. «Gaur egun, Iruñean, kalean dauden pertsona gehienek ez dute dutxatzeko aukerarik», kritikatu du Iruñeko Paris 365 jangela solidarioak. Azaldu dutenez, maiatzera arte, etxegabeek Caritasek kudeatutako San Miguel zentroan hartzen zuten dutxa, eta arropa doan garbitzeko aukera ere bazuten. Hilabete horretan, baina, zentroa itxi zuten. Ordutik, etxegabeek ez dute dutxa hartzeko aukerarik.
Arazoa «larriagotu» egin da udan. Paris 365ek gogoratu du abuztuaren 18tik 24ra bitartean tenperaturak 42 gradura heldu zirela, eta minimoak ez zirela 25 gradutik jaitsi gau batzuetan. «Izerdi etengabeak, freskatzeko ezintasunak eta arropa garbitzeko zein lehortzeko aukerarik ezak erabiltzaileei sarna, onddoak eta infekzioak eragin dizkie».
Zentroa itxi zutenetik, Iruñeko Udalak ez du beste zerbitzurik eskaini. Eta, jangelak azaldu duenez, pertsona horiek oso gutxitan izaten dute zerbitzu horiek ordaintzeko behar adina diru: «Dutxatzea 1,05 euro da; oihala 0,40; xaboia beste 0,40; arropa garbitzea 5,65 euro; eta, lehortzea beste 5,65». Hori dela eta, Paris 365ek erabaki du bere gain hartuko duela kalean dauden erabiltzaile guztien hiru dutxaren eta asteko arropa garbitu eta lehortzearen kostua. Era berean, Iruñeko Udalari exijituko diote bertan bizi diren «herritar guztien oinarrizko beharrez» ardura dadin.