Suhiltzaileek abisu bat jaso dute gaur 14:00 aldera; gizonezko batek ohartarazi die bi gorpu topatu dituela Angeluko etxe batean (Lapurdi). Hara joan dira larrialdi zerbitzuak, eta emazte baten eta gizonezko baten gorpuak aurkitu dituzte, biak suzko arma berak hilak. 89 urte zituen gizonezkoak, eta 83 andreak. Bikotekideak ziren.
Ikerketa bat zabaldu dute, gertatutakoa ikertzeko. Lehen ondorioen arabera, «nahita egindako homizidio bat eta suizidio bat» gertatu dira etxebizitzan, Baionako prokuradore Jerome Bourrierek jakinarazi duenez. Uste dute 89 urteko gizona bera izan dela suhiltzaileei hots egin diena, emaztea hil ondoren eta bere buruaz beste egin aurretik.
Indarkeria matxistaren eraginez 106 emakume eta 11 adingabe hil dituzte Euskal Herrian, datuak biltzen direnetik, 2003tik; hala agertzen da indarkeria matxistaren mapan BERRIAk jasotako datuetan. Aurten hildako laugarren emakumezkoa da Angelukoa. Martxoaren 11n, bikotekidea eta alaba hil zituen gizonezko batek Abanton (Bizkaia). Miren Uranga eta Paola Mendez ziren ama-alabak. Bi emakumeen hilketak Sanfuentes auzoan gertatu ziren, goizean; arratsaldean atxilotu zuten gizonezkoa.
Martxoaren 16an, berriz, Soraluzen (Gipuzkoa), Ertzaintzak hilik topatu zuen 73 urteko emakume bat bere etxean, buruan kolpe handia zuela. Haren 33 urteko semea atxilotu zuten ertzainek, hilketa egotzita.