Gizon eta emakume kategoriak deuseztatzeaz, eta «emakumetasunari eta normatibitateari aurre egiteko» estrategia baten beharraz mintzatu dira Leitzan, Bollotopaketetan. Txalo, irri eta musikarekin egin ere. Bostehun pertsonatik gora batu dira gozamenetik pentsatzera. Askotarikoak eta aberatsak izaten ari dira mahai inguruak, eta gaurko gogoetagai nagusia subjektu bolleroa izan da; «labe zentrala» deitu diote.
Elene Lopetegik egin ditu moderatzaile lanak, eta kontzeptuaren balizko definizio bat eman du, gogoetagaia abiatzeko eta kokatzeko. Bollotopaketak antolatzeko bileretan iritsi ziren honako zazpi ezaugarritan definitzera subjektu bolleroa: binarismoaren aurkako estrategia bat da, emakumetasunari ihes egiten diona; kolektiboan gauzatzen da; performatiboa da, publikoki gorputzen den identitate bat da; ez dira emakumeekin txortan egiten duten emakumeak, emakumetasun inposatuari uko egiteko sortzen den kategoria politikoa da; intersekzionala da, beste borrokekin aliatua; kontzeptu aldakorra, irekia eta plurala da; normarekiko gatazkan bizitzearen aldeko hautu politikoa da.
Lopetegik gaia kokatu ostean, Kattalin Minerrek, Uma Ulaziak, Mijo Lizarzaburuk, Jesse Hernandez Lopezek, Bekek eta Lorek kontzeptuaren gaineko gogoeta garatu dute, nork beretik.
Minerrek bizipenetik hitz egin du. 2005era eraman ditu Leitzako eskolako areto batean elkartutakoak. Kontatu du «bollera izan aurretik lesbiana» izan zela. Eta nola bere herrian, Hernanin, Gipuzkoan, hasi ziren elkartzen Medeak taldean. «Irainak eta akusazioak» jasan zituzten orduan. Erabaki zuten ahalduntze ariketa bat egitea, eta herria kartelez bete zuten: «Lesbiana naiz, eta zer?». Bestetik, adierazi du LGTB mugimenduan egiten ari ziren eztabaidetan ere ez zirela identifikatuta sentitzen. «Ez genuen ezkontzaz eta adopzioaz hitz egin nahi. Ez zen hitz egiten heteroarauari aurre egiteaz». Topaketa batzuetan «bota» egin zituztela kontatu zuen, aretoan algarak eraginez, eta, bere genealogia pertsonal horren kontaketaren harian, esan du 2010ean Espainiako Estatuan transfeminismoa sortzen ari zela. «Sexiliotik itzuli» eta Euskal Herria nola «bollerizatu» pentsatzen eta antolatzen hasi ziren, eta ordutik horretan egin du bidea. Gogoeta hau utzi du: «Bollera izatea da leku bat disidentziarako». Minerren esanetan, 16 urte zituenean jasan zuen akusazioari aurre egiteko leku bat; ez da itxia, aldakorra da, «zisheteropatriarkatuari erantzuten jarraitzeko leku bat».
«Bollera izatea da leku bat disidentziarako, zisheteropatriarkatuari erantzuteko».
Kattalin Miner
Uma Ulaziak eta Mijo Lizarzaburuk egungo gizartearen egitura nola ikusten duten aletu dute. Lizarzaburuk gizona eta emakumea kategoriak deuseztatzearen alde egin du, eta ikuspegi biologizista arbuiatu du: «Naturala dela esaten digute, politika ez egiteko». Baina adierazi du «egitura batzuk egiten» gaituztela, zapaltzaileak araua betetzen ez dutenekiko, eta horri aurre egiteko estrategia gisa definitu du bollera izatea. «Bollera transformazio ariketa bat da, emakume izatetik emakume ez izatera eramango gaituena», eta esan du bollerek araua «iraultzea» dutela xede.
«Bollera transformazio ariketa bat da, emakume izatetik ez izatera eramango gaituena».
Mijo Lizarzaburu
Ulaziak ere ildo beretik egin du: «Bollera izatea harremanak izateko modu heterosexualari aurre egiteko estrategia politiko bat da». Izan ere, haren ustetan, emakumeek historikoki menpeko harremana izan dute gizonekiko. «Emakumea da ingurukoak ondo egon daitezen lana doan egin duena». Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimenduan militatzen du Ulaziak, eta bollerismotik hitz egin du feminismoaz. Uste du «eduki hustuketa eta normatibizaziorako arriskua» dagoela. Kolektiboki antolatzeko deia egin du, «emakumearen kategoria eta klase sozialak amaitzeko».
Hernandez Lopezek bollera migratu eta arrazializatu gisa hartu du hitza. Libanoko, Palestinako, Kongoko eta Amazoniako genozidioak eta ekozidioak aipatu, eta Europaren «zuriketa» salatu du, baina, urrutira begiratu gabe, bertaratutakoei egin dizkie galderak: «Zuetako zenbatek ezagutzen dituzue nekropolitika migratzaileak? Zuetako zenbatek ezagutzen duzue Atzerritartasun Legea?». Isiltasun deserosoa eragin du. «Zuek nahi duzuen bezala asimilatzen ez bagara, ez dugu balio». Galdera zabalagoak ere bota ditu, ariketa kolektibo gisa: «Nola dekolonizatu begiradak, pentsamendua?». Lopetegik aitortu du «etxeko lanak» utzi dituela Hernandezek.
Bekek hartu du segidan hitza, eta mezu transfobikoen goraldiaz hitz egin du, kezkatuta. «Mugimendu feministan, ustez gure espazioetan, ikusten ari gara trans pertsonen kontrako mezuak».
Loreri eman diote hitza gero. Ahots grabazio baten bidez sartu da. Desgaitasun fisikoa duela adierazi du, eta eskatu du mugimendu antikapazitista ahalduntzeko. Adierazi duenez, desgaitasun fisikoa dutenak zainketa eta babesa behar duten pertsona gisa ikusiak dira, eta Euskal Herrian «oso instituzionalizatua» dago. Subjektu politiko aktibo gisa aitortzeko eskatu du. Eskertu du Bollotopaketetan kontuan hartzea, eta berretsi du hori dela «normatibitateari» aurre egiteko bidea.
Bihar amaituko dira topaketak. Besteak beste, familia nuklearrekiko erresistentzian ari diren sare bolleroez jardungo dute.