Sexu indarkeriaren biktima izan diren hamaika emakumeren testigantzak bildu ditu Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak (Zaragoza, Espainia, 1968). Bizipen horiek guztiek «memoria kolektiboa» osatzen lagundu dutela adierazi du, eta horrek eragin zuzena duela bertze emakumeengan. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako kongresuan izan da Fallaras: Sexu indarkerien aurrean esku hartzea, erreparazioa eta estrategia feministak izenekoan.
Sare sozialetan bidea ireki diezu sexu indarkeriak salatzeko mugimenduei. Zergatik da hain garrantzitsua nork bere esperientzia lehenbiziko pertsonan kontatzea?
Sare sozialak agertu zirenean konturatu nintzen jende anitzengana heltzeko bidea zela, kapital inbertsiorik eskatzen ez zuena. Halere, goitik behera eginez gero, zalantzan jartzeko modukoa zela ikusi nuen. Hau da: ezaguna den emakume batek esaten badu «aitonak titiak ukitzen zizkidan», eta 200 emakumek «niri ere bai» erraten badute, indarkeria ukatzen dutenek erran dezakete emazteki horiek guztiek hori erran dutela emakume ezagun edo famatu hori bezalakoa izan nahi dutelako. Horregatik, egokiena iruditu zitzaidan zalantzaezina den modu batean ematea testigantza: bakoitzak berea. Eta hori gertatu zen, milioika emakumek pairatutako indarkeriaren berri eman zuten sare sozialetan: sexu indarkeria, osasun arlokoa, hezkuntza edo lan arloetakoa…
Eta horren ondorioz memoria kolektiboa osatu dute emakume horiek guztiek?
Hori da, eta memoria hori osatzen ari gara oraindik. Horren alde ona da emazteki guztien artean egindako zerbait dela; ez da gero frogatu beharreko teoria baten parte. Hau da, bertikalean eraikitzen dugunean, eraikuntza hori zalantzan jarri dezakete; ordea, memoria horizontalean eraikiz gero, emakume anitzek gertatutakoa kontatzen badute, bakoitzak bere lengoaiarekin, indar handia du. Ez baita gauza bera norbaitek erratea «aitonak hor behean ukitzen ninduen» edo «aitonak behatza aluan sartzen zidan». Ez dugu narrazio jasorik egiten: narrazio plurala egiten dugu, eta, beraz, unibertsala.
«Ez da gauza bera norbaitek erratea 'aitonak hor behean ukitzen ninduen' edo 'aitonak behatza aluan sartzen zidan'. Narrazio plurala egiten dugu, eta, beraz, unibertsala»
Ikusi duzu narrazio unibertsal horrek aldaketa zehatzik ekarri duen?
Ikaragarria. Emakumeek pairatutako indarkeria kontatu ahala, emazteki gehiagok eurei gertatutakoa kontatzen ikasten dute. Hiru dira memoria kolektibotik atera daitezkeen ideia nagusiak: identifikazio mekanismoak dira lehenbizikoak, solastatzera ausartzen ez zen emakume hura, lotsatuta, beldurtuta edo errudun sentitzen zelako, bertze emaztekiekin identifikatua sentitzen da, eta bere testigantza ematera ausartzen da, bakarrik sentitzen ez delako; bigarren ideia da testigantza ematen ikasten duzula: lehenbiziko testigantzak eman zituzten emakumeek espazio handia behar zuten, eta orain zehatzagoak dira; eta hirugarrena da itzalean dagoen memoria aktibatzen dela, emazteki batek testigantza bat irakurtzen duenean berari gertatutako zerbaitetaz oroitzen delako.
Feminismoak pauso bat ematen duen bakoitzeko, beren pribilegioak kolokan ikusten dituzten gizonek erantzuten dute. Nola egin ahal diegu aurre?
Haiek egiten dutenari jaramonik ez eginez eta gurearekin jarraituz. Iraultza bat hasi dugu, eginen duguna eta egiten ari garena iraultzailea delako. Orain arte, herritarren erdien ahotsak ez dira entzun, eta hori aldatzera etorri gara. Noski, horrek erantzuna ekarriko du berekin, eta erantzun oso gogorra izanen da. Edozein iraultzari erantzungo diote kontserbadoreek edo beren pribilegioak kolokan ikusten dituzten horiek.
Erreakzio nabarmenetako bat zera da: neska gazteak feminismora gero eta gehiago hurbiltzen diren bitartean, mutil gazteak kontrako aldera doazela. Nola iritsi gara horraino?
Hori arazo bat da, bai. Mutil gazteak haien aitak baino kontserbadoreagoak dira, eta neska gazteak, haien amak baino iraultzaileagoak. Normala da: guk, emakume zaharragook, erremintak eman dizkiegu neska gazteei. Mutil gazteen arazoa da gizon zaharragoek ez dutela deus ere egin. Hezkuntza eta familia arloko funtzioen utzikeria ikaragarria dago haien aldetik; erremintak sortu beharko lituzkete, mutil gazteak abandonatuta eta erasotuta senti ez daitezen. Karga mutil gazteengan jarri ohi da, baina haien aurrekoek dute ardura handiena.
«Mutil gazteak haien aitak baino kontserbadoreagoak dira, eta neska gazteak, haien amak baino iraultzaileagoak»
Orduan, aldaketarako gakoetako bat gizon horien jarrera aldaketa da?
Hori da, genealogia bat da. Emakumeen artean genealogia feministaz mintzo gara, eta gizonek ere beren genealogiaz solastatu beharko lukete. Gizonen artean badago ekologiaren edo memoria historikoaren alde borrokatzen direnen genealogia bat; beraz, zergatik ez dago indarkeria matxistarena? Frogatuta dago gure artean dagoela, eta ezin dute erran existitzen ez denik. Oso kezkagarria da.