Jaietako indarkeria matxista kasuak prebenitzeko helburuarekin, Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida aurkeztu zuten atzo, Gasteizen. Emakundek ondu du gida, Beldur Barik programaren barruan, eta Eudel eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiekin elkarlanean.Gidan proposatu dute, besteak beste, andreentzako «seguruak» izango diren giro «atsegin eta errespetuzkoak» sortzea.
Horretarako, aholkatu dute komunak leku argitsuetan eta jendea pasatu ohi den tokietan jartzea, eta udalerriko toki «arriskutsuetan» argiak jartzea. Horrez gain, «bortxaketaren kulturari» aurre egiteko aholkuak bildu dituzte: esamolde matxistak publikoki gaitzestea eta erasoa jasan duen emakumearen portaera edo egoera ez epaitzea, adibidez.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, gidaren metodologiak eta helburuak eraso matxistak prebenituko dituzten jaiak antolatzen lagun dezakete. Izan ere, txostenak eraso horiek identifikatzeko eta prebenitzeko jarraibideak ematen ditu, baita eraso egin dietenak artatzeko eta eraso baten aurrean erantzun publikoa antolatzeko aholkuak ere.
Udalei, jai batzordeei, ostalaritzari, txosnei eta jai ekitaldiak programatzen dituzten kolektiboei zuzendu diete, eta bereziki ostalaritza sektoreari eta txosnei zuzenduta dagoen eranskin bat du.
Jai parekideak helburu
Aurtengo uda «berezia» izango dela adierazi zuen Artolazabalek, bi urteko pandemiaren ondoren «normaltasunera» itzuli eta herri eta hirietako jaiak bueltatuko direlako. Horrela, nabarmendu zuen ezin dela normaltasunaz hitz egin «eraso sexistak gertatzen diren bitartean». Ildo horretan, Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkateak adierazi zuen eraso matxistek «normaltasun zaharra» irudikatzen dutela, «itzuli behar ez dena, gure herri eta hirietan lekurik ez duena», hain zuzen.
Artolazabalen arabera, «berdintasunezko jaiak» nahi dituztelako sortu dute gida: «Ez jaiek, ez alkoholak, ez dute pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik justifikatzen. Ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen».
Sailburuak gogorarazi zuen antolatzaileek festak planteatzen hasten diren «lehen unetik» sortu behar dituztela emakumeentzako «gune seguruak». Hori lortzeko, udalen artean banatuko dute gida; izan ere, Urtaranek adierazi zuen udalek «funtsezko zeregina» dutela berdintasunaren alde sentsibilizatzeko orduan. Horrekin batera, nabarmendu zuen txostenak «udalak inspiratzeko» balio duela: «Batez ere txikientzat da baliagarria, prozesu horiek diseinatzeko behar diren langile teknikoak ez dituztenentzat, alegia».
Artolazabalez eta Urtaranez gain, agerraldian izan ziren, besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, eta Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria.
Emakumeentzako festa giro «seguruak» sortu nahi ditu Emakundek
Jaietako indarkeria matxista prebenitzeko gida ondu du erakundeak. Udalei, jai batzordeei, ostalaritzari eta txosnei zuzendu diete txostena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu