Amaia Kowasch. Aranzadiko ikerlaria

«Emakumeen testigantza falta da oroimen historikoan»

Liburu bat argitaratu dute, Juan Mari Pallin Ezkaba gotorlekuko presoaren zuzeneko testigantzetan oinarrituta. Presoei lagundu zien emakume sarearen istorioa ere jaso dute.

Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ezkabako gotorlekuko presoei laguntza ematen zien emakumesarearen inguruko ikerketa amaitu du Amaia Kowasch (Iruñea, 1990) Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak. Ikerketa horretako adar bat hartu, eta, Gotzon Berjarandi Aranzadiko ikertzailearekin batera, liburu bilakatu dute. Juan Mari Pallin presoaren eta haren senideen testigantza kontatu nahi du liburuak: Juan Mari Pallin. Nafarroako San Kristobal Gotorlekuko (1937-1940) espetxeko bizitzari buruzko testigantza argitaragabea.

Zerk eraman zaitu gizonezko baten istorioa kontatzera?

Oroimen historikoa denona dela iruditzen zait, genero bereizkeriarik egin gabe. Oroimen historikoan emakumeen testigantza falta da. Dena den, horrek ez du esan nahi gizonezkoei buruz gauzak argitaratu behar ez direnik. Emakumeen testigantza gutxi argitaratu da orain arte, besterik ez.

Gizonezko baten testigantzetan oinarritzen den liburua bada ere, emakumeek badute presentzia lan honetan.

Bai. Juan Mari Pallinen testigantzetan ez ezik, Pallinen biografian ere hitz egiten da Blanca Menaya emazteaz eta presoei laguntzen zieten emakume multzoaz. Izan ere, Blanca Menayak Juan Mari Pallin preso zegoela ezagutu zuen, eta espetxetik atera ondoren ezkondu ziren. Menaya iruindarra zen, eta Pallin, Plentzian jaiotakoa. Emakume Abertzale Batza zuen izena presoei laguntzen zien talde hark.

Nola jakin zenuten Juan Mari Pallinen istorioaren berri?

Gotorlekuan laguntzen zuten emakumeen sarea ikertzen ari nintzen, eta, Idoia Pallinen bitartez, Blanca Menaya haren amaren testigantza jaso nuen. Bide batez, haren aita Juan Mari Pallinen istorioa kontatu ez ezik, hark idatzitako memoriak eta gordetako dokumentu guztiak ere partekatu zituen nirekin.

Pallinek idatzitako memorietan oinarritzen da liburua. Hortaz, esan daiteke berak idatzitako liburua ere badela.

Horixe baietz. Hark idatzitako memoriak eta gordetako dokumentuak ordenagailura pasatu ditugu guk, eta biografia bat erantsi diogu.

Gotorlekuko eguneroko bizitza hobeto ezagutzen lagundu dezake liburu honek?

Espetxetik atera ondoren eman zien forma bere apunteei Pallinek. Kapituluka antolatu zituen bere memoriak, eta gai ezberdinak lantzen ditu; erlijioa, gotorlekuko medikuaren lana, emakume laguntzaileak eta hango presoak, besteak beste.

Ezkabako gotorlekuari buruz asko idatzi da. Zein da liburu honek dakarren berritasuna?

Zuzeneko testigantza eta argitaratu gabea dela. Oso aberatsa den kontakizuna dela iruditzen zaigu: dokumentazio mordoa dugu: argazkiak, eskutitzak, eta abar.

Pallinek espetxearen barruan euskara ikasi zuen. Ikasketa metodo berezi hori ere bildu nahi izan duzue liburu honetan.

Espetxe barruan medikuntza errezetategi bat egin zuen, garaiko gaixotasunen aurrean zer egiten zen azaltzeko. Dena den, are garrantzitsuagoa iruditzen zitzaigun euskara ezkutupean nola ikasi zuen azaltzea. Karaktere zirilikoak erabiltzen zituen euskaraz ezkutuan idazteko, eta deskribapenak gaztelaniaz egiten zituen. Greziar gramatika izena eman zion euskara ezkutuan ikasteko tratatu horri. Harrigarria eta berritzailea iruditu zitzaigun, eta sartzea erabaki genuen.

Gotorlekuan laguntzen zuten emakume sareen eta senideen inguruko ikerketa itxi duzula esan duzu. Ikerketa liburu bihurtu nahi duzu?

Bai, ikerketaren inguruko liburua idaztea tokatzen zait orain. Testigantza asko bildu ez ezik, argazki eta dokumentu asko ere jaso ditut. Beraz, liburua aurkeztearekin batera, erakusketa bat ere antolatu nahiko nuke.

Liburu honetako zerbait berreskuratuko duzu?

Bai, baina paperak aldatuta. Hau da, protagonista Blanca Menaya izango litzateke, eta bigarren plano batean kontatuko nuke Juan Mari Pallinen istorioa. Emakumeen eta gizonen istorioa batera kontatu behar dugu, ez bakoitza bere aldetik.

Idazten hasiko zaren liburu horretarako testigantzak lortzea zaila izan da?

Bai. Hala ere, egia da elkarrizketatu ditudan emakumeek gogoratzen zuten guztia kontatu didatela. Beldurra ere sumatu dut: testigantza jasotzen nuen, eta gero galdetzen zidaten ea zerbait gertatuko zitzaien. Euren amen istorioak kontatu gabe zeudela ere aitortu didate batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.