Emakumeen Mundu Martxak «herrien burujabetza eta bizitza duina» defendatuko ditu

Nazioarteko VI. ekintzaren baitan, Euskal Herria zeharkatuko duen ibilbide bat eginen du larunbatean Emakumeen Mundu Martxak. Astean zehar ekintza ttipiagoak eginen dituzte herrietan.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko maiatzaren 6a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostia helmuga, Bardean (Nafarroa) hasi, eta Araba, Bizkaia eta Lapurdi zeharkatuko dituen ibilbidea eginen du larunbatean Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Nazioarteko VI. ekintzaren baitako ekimena da, eta zapalkuntzaren hiru ardatz landuko dituzte bertan: lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista. Finean, «herrien burujabetza eta bizitza duina» jarriko dituzte erdigunean, eta «indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde» antolatuko dira. Izan ere, «egungo testuinguruari erantzuteko eta aurre egiteko» planteatutako ekintza da aurtengoa, Ekhiñe Petriati Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kidearen erranetan: «Alde batetik, testuinguruari buruzko gogoeta egin nahi dugu, eta ikertu horrek nola eragiten duen emakumeen gorputzetan eta gure lurraldeetan. Eta, bestetik, horri erantzuteko zer ardura eduki dezakegun ere aztertu nahi dugu, eta zer interpretazio feminista egiten dugun».

Gaur egin dute ekimenaren berri emateko agerraldia, Donostian. Bertan azaldu dutenez, larunbateko ekimen nazionala antolatzeaz gain, herrietan ekintza txikiagoak egitera deitu dituzte lekuan lekuko talde feministak atzotik hasi eta ortziralera bitarte, Ane Etxabe Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideak azaldu duenez. Ekintza horiek zapalkuntzaren hiru ardatzen baitan eginen dituzte, herri bakoitzaren errealitatera eramanda. Ortziralean, erraterako, Aroztegiko auzipetuekiko elkartasun ekintza eginen dute Elizondoko plazan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak antolatutako kanpaldiaren baitan.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren agerraldia, Donostian. JON URBE / FOKU
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren agerraldia, Donostian. JON URBE / FOKU

Ekintza lokaletarako ez ezik, nazionalerako ere Euskal Herriko hainbat txokotako mugimendu feministaren laguntza izan dutela azaldu du Etxabek, baita lekuan lekuko eragile sozio-sindikalena ere. Erran duenez, lehenbiziko geldialdia Bardean (Nafarroa) eginen dute, eta gerraren eta militarizazioaren gaia landuko dute Bardenas Ya! eragilearekin batera; 10:00etan. Aramaiorantz (Araba) joanen dira gero, eta 13:00etan «lurrarekin eta haziekin lotura» duen ekintza eginen dute, «landa eremuak duen garrantzia hizpidera ekartzeko». 

Gernikan (Bizkaia) eginen dute arratsaldeko lehenbiziko geldialdia, 16:00etan: «Urdaibain dagoen erreserba naturala oinarritzat hartuta, ekologismoaren garrantzia azpimarratuko da». Bi orduren buruan, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) lotzen dituen zubian elkartuko dira, migrazio politikez solastatzeko: «Herrialdeen arteko mugak eta bertan erreproduzitzen den indarkeria salatuko dugu, baita horrek gorputz arrazializatu eta migratuetan duen eragina ere», azaldu du Etxabek. 19:30ean iritsiko dira Donostiara, mobilizazio nazionala eta azken ekintza egiteko. 

«Herrialdeen arteko mugak eta bertan erreproduzitzen den indarkeria salatuko dugu, baita horrek gorputz arrazializatu eta migratuetan duen eragina ere»

ANE ETXABEEuskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kidea

Hiru ardatz

Petriatik nabarmendu duenez, ekintza horien guztien bidez hiru ardatzak «Euskal Herrian ahalik eta lurreratuen kokatu» nahi dituzte, betiere «testuinguru globala ulertuta». 

Lurraren defentsari dagokionean, «mundu eta bizitza bizigarriak» azpimarratuko dituzte. Izan ere, kapitalismoaren izenean Euskal Herriko lurrak ustiatzen ari direla diote, zenbait makroproiektu aurrera eramateko. Are, gizartea eredu horretara bideratzen duten erakunde ekonomikoak eta finantzarioak interpelatuko dituzte bai astean zehar eginen diren ekintzetan eta bai ekintza nazionalean; nabarmenduta ez dutela atzentzen ustiaketa hori «ipar globalak hego globalarekiko» egiten duela, eta hegoaldeko herrialdeak kolonizatzen jarraitzeko «mekanismoa» dela. «Horiek ez dira egiteko moduak. Sistema honi aurre egiteko modua edo alternatibetako bat zera izan daiteke, errespetuzko harremanak sustatzea lurrarekiko, herrien eta pertsonen artean, eta beste izakiekiko; horren bidez etorriko da eraldaketa», gehitu du Petriatik.

«Sistema honi aurre egiteko modua edo alternatibetako bat zera izan daiteke, errespetuzko harremanak sustatzea lurrarekiko, herrien eta pertsonen artean, eta beste izakiekiko; horren bidez etorriko da eraldaketa»

EKHIÑE PETRIATIEuskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kidea

Horrez gain, agerraldian erran dutenez, «sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialistari» zuzenean begiratzeko beharra nabarmendu nahi du Emakumeen Mundu Martxak. Izan ere, egungo jendarte egitura «lur eta gorputz batzuen gaineko esplotazioan» oinarritzen da, eta «bazterreko subjektuak» izaten dira kolpatuenak; «gorputz migratu zein arrazializatuak», bertzeak bertze.

Migrazio politiken «negozioa» salatzeko ere baliatuko dute larunbateko saioa; migrazio politikak honela ulertuta: «mundu sistemaren egitura kolonialaren ondorio» gisa, zehaztu du Petriatik. «Europako migrazio politikak gorroto arrazistan ardaztutako neurriak eta diskurtsoak bereganatzen ditu», gehitu du.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintzaren ibilbidearen amaiera, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintzaren ibilbidearen amaiera, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU

Are, agerraldian nabarmendu dute «urgentziazko neurrien artean» dutela atzerritartasun legearen gisako politikak abolitzea: «Indarkeria eta arrazismo instituzionala salatu nahi ditugu, baita egitura horiek guztiak sostengatzeko erabiltzen dituzten inbertsioak ere».

Azken ildoari dagokionez, indarkeria matxistak «egiturazkoak» direla azaldu dute; eta salatu gizonek, gizon taldeek, erakunde patriarkalek eta estatuek tresna gisa erabiltzen dituztela, «emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea kontrolatzeko».

Hiru zapalkuntza ardatz horiei aurre egiteko astean zehar Euskal Herrian barrena eginen diren ekintzetan parte hartzeko deia egin dute: «Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde antolatuko gara, feminismotik eragiten jarraituko dugu». Halaber, ekainaren 13 eta 15 bitarte Marseillan (Frantzia) eginen den ekintzan parte hartzeko dei egin dute: Europako Nazioarteko VI. ekintza eginen da han, eta Euskal Herritik ere joanen dira hara.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.