Emakumeen etxeak: teilatu moreen gerizpean

Emakumeen abaro eta feminismoaren akuilu izateko sortu dira emakumeen etxeak Euskal Herrian. Feministen eta udalen arteko lankidetzan oinarritu dira asko, eta sare indartsua osatuz joan dira. Bost urte bete dituzte Iruñekoak eta Gasteizkoak.

Iruñeko Emakumeen Etxean aritzen diren hainbat emakume. Zutik, ezker-eskuin, Maria Nabarlaz, Maria Malo eta Angeles Angulo; eserita, Susana Perdomo. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko Emakumeen Etxean aritzen diren zenbait emakume. Zutik, ezker-eskuin, Maria Nabarlaz, Maria Malo eta Angeles Angulo; eserita, Susana Perdomo. IÑIGO URIZ / FOKU
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
Iruñea-Gasteiz
2025eko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Emakumeek emakumeentzat kudeatutako proiektuak. Gune inklusiboak, irekiak eta anitzak. Andreentzako leku «seguru eta konfiantzazkoak». Elkar topatzeko, elkar ezagutzeko eta elkar ahalduntzeko eremuak. Finean, etxe feministak. Hamaika moduz defini daitezke azken urteetan Euskal Herriko hainbat auzo, herri eta hiriburutan zabaldu dituzten emakumeen etxeak, baina elkargune izan liteke akaso proiektu horien guztien arima hobekien definitzen duen hitza. Mugimendu feministaren aldarrikapen historikoak dira, baina, azkenaldian, baita herrien bihotzean errotu diren proiektu sendoak ere.

Badira urte batzuk emakumeen etxeak Euskal Herrian funtzionatzen hasi zirela, eta, horrenbestez, jada ez dira elkarrengandik aldendutako oasiak. Sare indartsua osatzen dute. Horren adibide dira azken urteetan irekitako Lila Emakumeen Etxea (Elgoibar, Gipuzkoa), Burlatako Emakumeen Etxea (Nafarroa) eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista (Gipuzkoa), besteak beste. Ipar Euskal Herrian, berriz, Urruñakoa (Lapurdi) da Emazteen Etxe bakarra. Iazko urrian zabaldu zituen ateak, EBA Egiazko Berdintasunaren Alde kolektiboaren baitan bildutako Ipar Euskal Herriko mugimendu feministen hainbat urteetako lan kolektiboari esker.

Hiriburuetan ere, hasiak dira teilatu moreak han-hemenka loratzen. Bide horretan aitzindaria izan zen, esate baterako, Donostiako Emakumeen Etxea, aurtengo azaroaren 10ean beteko baititu hamabost urte. Honela definitzen duten etxearen eginkizuna proiektuaren sustatzaileek: «Etxea, batetik, desberdintasuna errotik kentzeko borrokan aritzen diren talde eta elkarte guztiak antolatzeko esparrua da eta, hala, indarrak eta sinergiak sortzen dituen topagune bilakatu da. Bestetik, etxeak beste eginkizun bat betetzen du: mugimendu feminista hazi eta indartzeko balio duen esparrua da».

Donostiakoa baino berriagoak dira Iruñeko eta Gasteizko emakumeen etxeak. Bost urte bete berri dituzte biek ala biek, eta aurrerantzean ere egitasmoak sendotzeko asmoa agertu dute kudeatzaileek. Bilbon eta Baionan, berriz, badira asmoak eta proiektuak —Bilboko Koloretxe da mamituen dagoena—, baina oraingoz ez dute fruiturik eman.

Ahalduntzeko tresna

Alde Zaharreko Etxanobe jauregian dago Gasteizko Emakumeen Etxea. «Emakume lesbiana, trans, jatorri desberdineko... guztientzako gunea izatea nahi dugu», adierazi du Paca Robles etxe feministako sortzaile eta Sorginenea elkarteko kideak. «Baldintza bakarra dago: feminista izatea», ñabartu du elkarteko kide Mertxe Lozanok. «Genero berdintasunaren, eta ahalduntze feminista indibidual eta kolektiboaren aldeko tresna bat da», erantsi du Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak.

2019ko irailaren 21ean zabaldu zuten, Gasteizko mugimendu feministaren eskaera historiko baten erantzun gisa. Ermua, Basauri (Bizkaia) eta Donostiako Emakumeen Etxeak izan zituzten erreferente eta laguntzaile bidea urratzeko, bai eta eremuaren kudeaketa eredu egokiena aukeratzeko ere. Eta, hala, etxea gestionatzeko berariaz sortutako Sorginenea elkartearen eta Gasteizko Udalaren artean egitea adostu zuten, lankidetza hitzarmen baten bidez. «Gasteizek merezi zuen emakumeen etxe bat, mugimendu feminista eta herrikoien aldarrikapen historiko bat zelako», gogoratu du Miren Ormazabal Sorgineneko bazkideak.

Gasteiz Emakumeen Etxea
Malen Vilches, Miren Ormazabal, Mari Jose Sainz, Mertxe Lozano eta Paca Roles Sorginenea elkarteko emakumeak, Gasteizko Emakumeen Etxeko Eleen Ganbara liburutegian. IÑIGO URIZ/ FOKU

Iruñeko Emakumeen Etxeak ere bost urte bete berri ditu. Ia aldi berean zabaldu zituzten Gasteizkoa eta Iruñekoa: irailean bata, urrian bestea. Ez da bien arteko antzekotasun bakarra: bietan, feministen eskaera bati helduta garatu zuten proiektua, eta bietan, elkarlanean oinarritutako kudeaketa eredu bat hobetsi zuten arduradunek. «Urtebeteko prozesu baten ostean heldu zen Emakumeen Etxea», gogoratu du Maria Malok, Dekumas elkarteko kide eta Iruñeko Emakumeen Etxeko lehendakariak. «Joseba Asironen lehen agintaldian gauzatu zen proiektua, eta udal gobernu horri eskertu behar zaio aspaldiko aldarrikapen feminista bat hartu eta, hortik tiraka, parte hartze prozesu ireki bat egin izana».

«Genero berdintasunaren, eta ahalduntze feminista indibidual eta kolektiboaren aldeko tresna bat da etxea»

ANA LOPEZ DE URALDEGasteizko Udaleko Berdintasun zinegotzia

Gasteizen bezala, Emakumeen Etxea izeneko elkarteak eta Iruñeko Udalak kudeatzen dute proiektua. Hala ere, nekeza izan zen bidea, batean zein bestean. Zailtasun materialak nabarmendu dituzte Iruñeko etxeko kideek —egoitza duin bat lortzea eta egokitzea, funtsean—. Gasteizkoek, berriz, «erresistentzia» politikoak dituzte aipagai: «Etxea sortzearen alde borrokatu ginen hiru urtez, baina ez udal gobernuak, ez alderdiek, ez zuten proiektuan sinisten», azaldu du Roblesek. Haizea kontra izanda ere, aurrera egin zuen guneak, Sorginenea Emakumeen Etxea izenarekin.

Baina ireki eta urtebetera —tartean pandemia—, kudeaketa eredu partekatua amaitutzat jo zuten bi aldeek. Harrezkero, udalak gestionatzen du etxea, oso-osorik. Lekuak ere beste izen bat du: Gasteizko Emakumeen Etxea da, ofizialki. Gunearen kudeaketa utzita, «indarra» galdu zuen Sorgineneak, baina ordainean, «aktibismoa» irabazi zuen etxeak, Mari Jose Sainz elkarteko ordezkariak dioenez. Egun, elkarteak kudeatzen ditu Eleen Ganbara liburutegi feminista— 2.500 liburu baino gehiago ditu— eta emakumeen ahalduntzerako sortutako hainbat batzorde.

Tailerrak eta proiektuak

Topagune soilaz harago, baina, dozenaka proiektu, tailer eta ekitaldiren sorgune ere badira emakumeen etxeak. «Azken urtean, 400 bat jarduera antolatu ditugu, eta ia 14.000 erabiltzaile zenbatu. Urtetik urtera indarra hartzen ari da etxea», azaldu du Maria Nabarlazek, Iruñeko Emakumeen Etxeko lehendakariordeak. Hiru hilabetean behin ontzen duten programazioan, zineforumak, antzerki tailerrak, solasaldi feministak, Kantuz taldea eta euskaraz emaniko sexualitate laborategia nabarmendu ditu Angeles Angulok. Iruñeko Emakumeen Etxearen sortzaileetako bat da Angulo, baita Miran foroko kidea ere. «Ez da ezein elkarteko kide izan behar Emakumeen Etxera etortzeko», esplikatu du. «Gure jarduerak libreak eta doakoak dira, eta ez diogu inori txartelik eskatzen. Eremu irekia da, eta edozein emakumek parte har dezake».

«Elkartzeko toki bat izateak berekin ekarri du emakumeen arteko sare berriak ehuntzea. Ez soilik elkarte feministen artean, baita norbanakoen artean ere»

MARIA MALOIruñeko Emakumeen Etxeko lehendakaria

Maria Malo lehendakariaren irudiko, baina, jardueren biltokia baino gehiago ere bada Iruñeko Emakumeen Etxea: proiektu eta hartu-eman berrien sustatzailea da. Hazia. «Elkartzeko toki bat izateak berekin ekarri du emakumeen arteko sareak ehuntzea. Ez soilik elkarte feministen artean, baita norbanakoen artean ere. Zenbait mugimendu sortu dira Emakumeen Etxeko bileretan; besteak beste, Nafarroako Genero Berdintasuneko Sustatzaileen Elkartea, komunikazio ez-bortitzeko lantalde bat eta Zaintzaileen eta Etxeko Langileen Nafarroako Elkartea».

Feminismoarekin lotutako proiektu eta ekinbide ugariren aterpe da Gasteizko Emakumeen Etxea ere. Andreentzako arretak ez ezik, formazioak, sormenak eta aisialdiak tokia dute han. Emakumeek parte hartzen dute etxearen kudeaketan, zerbitzuetan eta ekintzetan, oinarri nagusi baten bueltan: «Eremu feminista, inklusiboa, irekia eta anitza da; emakume guzti-guztientzako toki bat», Lopez de Uralderen esanetan.

Jabetze Feministarako Eskola da Gasteizko zentroaren indarguneetako bat. Duela hamalau urte jarri zuten martxan, eta, 2021etik, Emakumeen Etxearen parte da, prestakuntzarako tresna gisa. Generoaren egiturazko mugei aurre egiteko baliabideak eskaintzen dituzte, ikuspegi feminista intersekzionaletik. Horrez gain, etxeko eta zaintzako langileentzako informazio eta orientazio zerbitzua ere eskaintzen ditu Emakumeen Etxeak, eta topaketa eta eztabaidarako aretoak jartzen ditu andrazkoek osatutako hainbat talderen esku.

«Pluralak eta independenteak gara, ez gaude inolako alderdiri lotuak, eta hori, berez, indartsua da oso»

PACA ROBLESGasteizko Emakumeen Etxeko eta Sorginenea elkarteko kidea

Jabetze Feministarako Eskolaren jardueretan ere aktiboki parte hartzen dute Sorginenea elkarteko emakumeek, liburutegia kudeatzearekin, batzordeak dinamizatzearekin eta beste hainbat proiektu aurrera eramatearekin batera. Elkarteak 330 bazkide ditu, denak emakumeak, eta feminismo «autonomotik» lan egiten dutela azaldu du Roblesek: «Pluralak eta independenteak gara, ez gaude inolako alderdiri lotuak, eta hori, berez, indartsua da oso».

Leku segurua denentzat

Emakumeen etxeetan emakume guztiei egin nahi diete harrera. «Gure helburu nagusiak dira indarkeria matxista oro erauztea eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea, beste kultura eta feminismo guztiak gurera ere ekarrita. Intersekzionalitate handia dugu, ezaugarri askok zeharkatzen gaituzte: jaioterriak, adinak, generoak, sexu orientazioak, desgaitasunek, azalaren koloreak... Zehar-lerro horiek guztiek isla izan behar dute Emakumeen Etxean, andre orok bere burua babestuta ikus dezan», azaldu du Malok.

Iruñeko Emakumeen Etxea
Iruñeko Emakumeen Etxeko zenbait kide BERRIArekin solasean. IÑIGO URIZ / FOKU

«Ahalduntzea da gakoa», berretsi du Susana Perdomok. Iruñeko Emakumeen Etxeko eta Fenix elkarteko kidea da. LGTBI kolektiboko migratzaileei harrera egiteaz arduratzen da elkarte hori, eta bide horretan emakumearen etxeak duen garrantzia azpimarratu du: «Migratzaileak gara Iruñeko Emakumeen Etxea osatzen dugun bazkideon %20-30, eta hemen elkartzeak eta beste andre batzuekin harremanak josteak indarra ematen digu». Izan ere, sorterritik ihes eginikoek «harrerarako leku bat» bilatzen dute, eta horixe ematen diete emakumeen etxeek: «Hemen eskaintzen ditugun tailerrek horixe dute helburu: emakumeak ahalduntzea eta zerbaiten partaide sentiaraztea. Leku seguruak dira».

Horretarako, baina, ezinbestekoa da administrazioen eta emakumeen etxeen kudeaketan parte hartzen duten elkarteen arteko elkarlana. Iruñean, harreman hori joria da gaur egun: «Sintonia ezin hobea dugu egungo udal gobernuko taldearekin eta, batez ere, Berdintasun alorreko zinegotzi Zaloa Basaberekin», esan du Malo lehendakariak. Uste du udalbatzako talde politiko guztien babesa duela proiektuak, baina izan dituzte tirabirak ere. UPNren agintaldian, adibidez, Iruñeko Udalak eremua mugatu zion Emakumeen Etxeari, Coworkids haurrentzako aisialdi zerbitzua eta Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua jarri baitzituen eraikin beraren beheko eta goiko solairuetan. «Guretzat, logikoena izanen litzateke eraikin honetan jartzen diren zerbitzuek eta proiektuek berdintasuna eta feminismoa izatea ardatz, sinergiak sustatze aldera», onartu du Malok.

«Migratzaileak gara Iruñeko Emakumeen Etxea osatzen dugun bazkideon %20-30, eta hemen elkartzeak eta beste andre batzuekin harremanak josteak indarra ematen digu»

SUSANA PERDOMOIruñeko Emakumeen Etxeko eta Fenix elkarteko kidea

Horregatik, egungo udalarekin duten harreman ona baliatu nahi dute, eremua birplanteatzeko eta beste erronka batzuei heltzeko: «Emakumeen Etxeak gela txukunak ditu, eta egokiak dira tailerrak eta jarduera txikiak egiteko, baina lekua murritzegia da bestelako ekitaldiak antolatzeko», esan du Nabarlazek. «Udala hasia da jada gaia aztertzen, eraikineko areto nagusia zaharberritzeko. Horrek aukera emanen liguke aurkezpen, ekitaldi eta ikuskizun handiagoak programatzeko».

Etxe «irekiagoa» nahi dute

Gasteizko Udalaren eta Sorginenearen arteko elkarlana begi onez jotzen badute ere, elkarteko kideek aitortu dute nahiko luketena baino garrantzi apalagoa ematen diola instituzioak proiektuari. Haien ustez, Emakumeen Etxearen ordutegia nahiko eskasa da —astean zehar 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00ak arte egoten da zabalik, eta asteburu eta jaiegunetan itxi egin ohi dute—, eta horrek nabarmen murrizten ditu emakumeak artatzeko edo haiekin elkartzeko aukerak. «Ez da onargarria indarkeria matxista pairatu duen emakume batek etxeko ateak itxita izatea 20:30ean».

Gasteiz Emakumeen Etxea
Sorginenea elkarteko andreak Emakumeen Etxean. IÑIGO URIZ / FOKU

Instituzioetatik at dagoen indarraz baliatu nahi dute Sorgineneakoek etxea «zabalagoa» izateko eta egun baino baliabide gehiago izateko; akuilu izan nahi dute. Ormazabal: «Sorgineneak egiten duen gauza garrantzitsuena da presio egitea etxe hau askoz irekiagoa izan dadin, eta gure pentsaera feministek aurrera egin dezaten».

Gasteizko Emakumeen Etxea ezinbesteko espazioa da feminismoarentzat, baina oraindik bide luzea dago egiteko; horretan bat datoz udala eta Sorginenea elkarteko kideak. «Berdintasuna lortzeko bide luzea dugu oraindik, eta, batzuetan haizea kontra badugu ere, aurrera egiten jarraituko dugu», azpimarratu du Lopez de Uraldek. Eta bide hori emakume feminista guztiek elkarrekin egitea ezinbestekotzat dute elkartekoak. Vilches: «Mundu feminista bat lortuko badugu, elkarrekin egin behar dugu bidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.