“Nafarroako Parlamentua gizartearen isla da. Gizonek, oro har, prestigio handiagoko lanpostuak dituzte”. Hala jakinarazi du gaur goizean Murgibe aholkularitza enpresako zuzendari Begoña Murgialdaik. Aditzera eman duenez, langileen zerrendan emakumeen eta gizonen kopurua antzekoa bada ere, lan taldeen artean “ezberdintasunak” daude.
Parlamentuan 56 pertsonek egiten dute lan; 33 emakumek eta 23 gizonek. Parlamentarien artean, berriz, 26 emakume daude eta 24 gizon. Halere, Murgialdaik jakinarazi du emakumeak administrazioan eta atezaintzan daudela, batik bat: “Emakume langileen %66 C eta D mailetako lanpostuetan daude; gizonen %66, aldiz, A eta B mailetako lanpostuetan”.
Bost ardatzen bueltan garatu dute I. Berdintasun Plana Murgibek eta Nafarroako Parlamentuak: sentsibilizazioa eta heziketa, kontziliazioa eta denboraren kudeaketa berria, gizartean eragina, barruko eta kanpoko komunikazioa eta ordezkapen parekatua.
Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek azaldu du “pozteko eguna” dela gaurkoa: “Espainiako lehen parlamentua da Berdintasun Plan bat daukana”. Berdintasun talde birakari bat sortzeko asmoa dute, hartutako neurriak hurbiletik jarraitu eta urtero ebaluazio bat egiteko. Era berean, ordutegia berrikusiko dutela jakinarazi dute; 17:00etan jarri nahi dute lan eguna amaitzeko ordua, eguerdiko tartea murriztuta.