Angela Rodriguez. Espainiako Berdintasuneko Estatu idazkaria

«Emakumeek ez dute konfiantzarik izan instituzioetan»

Besteak beste, zaintza lanetarako estatu mailako langile poltsa bat martxan jarri nahi du Berdintasun Ministerioak. Rodriguezen arabera, zaintza lanak «profesionalizatzea» ekarriko du egitasmoak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jone arruabarrena
Bilbo
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun

Hiru dira Espainiako Berdintasun Ministerioak esku artean dituen lege entzutetsuenak: sexu askatasunerako legea, trans legea eta Abortuaren Legearen erreforma. Urriaren 11n hartu zuen Angela Rodriguezek (Pontevedra, Galizia, 1989) Espainiako Berdintasuneko Estatu idazkariaren postua, eta, ordutik, buru-belarri ibili da ministerioaren hiru erronka horietan. Bilbon hartu du Rodriguezek BERRIA, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuarekin batzartu baino ordu batzuk lehenago.

 

Berdintasun Ministeriokoek adierazi duzue asmoa daukazuela estatu mailako zaintza sistema bat martxan jartzeko.

Gaixorik jartzen garenean artatzen gaituen osasun sistema publiko bat daukagu, ezta? Osasun sistemarako sarbidea izatea denon eskubidea da, eta zaintzaren kasuan ere berdin izan beharko luke. Erantzunkide plan pilotua jarriko dugu martxan. Horren bidez, zaintza lanak profesionalizatu egingo dira, eta behar dituenak eskatzeko aukera izango du.

Zaintza lanak ordaindu eta profesionalizatzea ekarriko du egitasmoa martxan jartzeak. Baina zaintza lan horiek orain arte bezala emakumeek egitea eragotziko du?

Bi norabidetan lan egin nahi dugu. Alde batetik, Erantzunkide plana erabiltzen duen familia batek, esaterako, nolabaiteko formakuntza bat jaso beharko du erantzunkidetasunaren inguruan sentsibilizatzeko; konturatzeko orain arte etxe horretan nork bete dituen zaintza lanak. Bestalde, gizonei zuzendutako beste lan lerro bat jarriko dugu martxan: sentsibilizazio kanpaina sendo bat egin nahi dugu, erantzunkidetasuna bultzatzeko.

Posible da horrelako zaintza sistema bat martxan jartzea gaur egun erkidegoen artean dagoen eskumen banaketarekin?

Uste dut akats bat litzatekeela Espainian diseinatzen diren politikak estatu mailako gobernu batean pentsatuz egitea. Orain arte, erkidegoen arteko harremana lankidetzazkoa izan da, guztiz. Are gehiago; esango nuke lankidetza feminista bat dela, askotan emakume feministak aritzen baikara negoziatzen.

Zaintza lanak, ordea, oso pribatizatuta daude; adibidez, zahar etxeetan. Sistema publikoago baterako aurrerapausoak emateko asmoa daukazue?

Bai, noski. Uste dugu zaintzarako eskubidea zerbitzu publikoek babestu behar dutela. Erantzunkide planarekin, adibidez, garrantzi handia eman genion langile horiek administrazio publikoaren bitartez kontratatzeari, horrela aurrekari bat ezartzeko.

Hilketa eta eraso matxisten kopurua ez doa behera. Zein da ministerioaren analisia?

Uste dut gauza asko dauzkagula hobetzeko. Ministerioa hartu genuenean, konturatu ginen biktimekin lan egiteko protokoloek hamarkadak zeramatzatela berritu gabe. Horrek botere publikoen arduragabekeria itzela erakusten du. Azken urte honetan, protokolo horiek berritzeko plan bat jarri dugu martxan. Bestalde, salaketa gehiago egoteak askotan esan nahi du emakume gehiagok salatzen dutela, eta gero eta konfiantza handiagoa daukatela instituzioetan. Orain arte behintzat, emakumeek ez dute konfiantzarik izan instituzioetan, eta hori aldatzeko lan egin beharko dugu.

Nola liteke protokoloak horren zaharkituta egotea?

2007ko Berdintasun Legeak zioen administrazio publikoetako langileek berdintasun arloan formakuntza bat jaso behar zutela, baina ez da hala izan. Gezurra dirudi, baina biktimekin lan egiten duten langileek ere ez dute jaso trebakuntza hori.

Sexu askatasunerako legeari dagokionez, lekurako bitartekotza berreskuratu duzue. Ze aldaketa ekarriko du?

Orain daukagun tipo penalak ez badu sexu esplotazioaren delitua zigortzeko balio, delitu izendatu daitezkeen ekintzak aldatu beharko ditugu, epaileentzat errazagoa izan dadin proxeneta industria jarraitu eta zigortzea. Ez gabiltza soilik zigorgabetasunaren aurka borrokan; prostituzioa jasan duten emakume horiei ere eskubideak ematen gabiltza.

Izan ere, egiaztagiri eredu batua ere sortu duzue. Zertarako balio du?

Pandemia garaian diseinatu dugun tresna bat da. Horren bidez, salerosketaren edo esplotazioaren biktima izan diren emakumeei eta prostituzioaren testuinguruan daudenei eskubide batzuk eman nahi izan dizkiegu, salaketa bat jartzeko beharrik gabe. Pandemian, onartezina zen tramite burokratiko batzuen ondorioz emakume horiek harrera etxerik gabe edo gutxieneko errentarik gabe geratzea. Horregatik, haiekin zuzenean lan egiten duten erakundeei titulu bat sortzeko aukera eman genien, baliabideak behar zituzten emakumeentzat. Aldaketa handia da: arazoa judizializatu ordez, giza eskubideak ematen hasi gara. Oso esperientzia positiboak izaten ari gara, baina trabak ere baditugu.

Zeintzuk dira traba horiek?

Eztabaida bat dago salaketa jarri ez duten andreei baliabideak eman behar zaizkien edo ez. Halere, eztabaida faltsu bat da; guk diogu emakume horrek momentu jakin horretan baliabide batzuk behar dituela, eta bete behar diren eskubide batzuk dituela. Ez gabiltza prozesu judizialaren inguruan eztabaidatzen; hori beste kontu bat da.

Abortuaren aurkako mezuak agertu dira azken egunetan Gasteizen. Abortuaren legearen erreforman horrelako mezuak deuseztatzeko mekanismoren bat aurreikusten duzue?

Ezin dugu afixa horietako mezua normalizatu. Ez da erlijio kontua; giza eskubideak daude jokoan. Emakumeek beren gorputzen gainean erabakitzeko daukaten eskubidea oinarrizkoa da, eta errespetatu egin behar dugu. Horregatik, uste dut beste erakunde batzuek ere egin behar dutela afixa horiek kentzeko eskaera. Guk behintzat, Emakumearen Institututik, hala egingo dugu.

Bestelako trabak ere badituzte abortatu nahi duten andreek.

Bai. Espainian, hamar abortutik zortzi ospitale pribatuetan egiten dira. Ospitale publikoetan, kontzientzia eragozpenaren ondorioz, medikuek ez dute haurdunaldia eteten. Horretan lan egin behar dugu, ospitale publikoak abortatzeko leku aproposak izan daitezen.

Indarkeria obstetrikoari dagokionez, zer neurri ezarriko dituzue?

Indarkeria obstetrikoa emakumeen aurkako indarkeria izendatu dute, eta hori aitortu beharreko zerbait da: emakumeok ginekologora goazenean, haurdunaldian, erditzean eta erditu ondoren ere, indarkeria jasaten dugu. Behin baino gehiagotan esan izan dut, eta oinarrizko kontu bat iruditzen zait: oxala herrialde honetako emakume guztiok ginekologia eta obstetrizia eremuetan izan ditugun esperientziez hitz egingo bagenu. Seguru nago beste #MeToo mugimendu bat sortuko litzatekeela, emakume guztiok bizi izan ditugulako eremu horretan zalantzazkoak diren praktikak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.