Aizpea Otaegi. Elhuyar Aholkularitzako kidea

«Emakumeek eta euskarak pisu ahula dute zenbait arlotan»

Hizkuntza politikari betaurreko moreak jantzita begiratu dio Otaegik 'Nola txertatu genero-ikuspegia hizkuntza politikan?' lanean. Bi diziplinetan aurrera egiteko elkarlana beharrezkoa dela esan du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Hizkuntzaren normalizazioa eta berdintasuna. Bi lan esparru, bi lanketa modu, baina uztargarriak direnak. Hain zuzen, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak eskatuta, genero ikuspegia hizkuntza politikan nola txerta daitekeen azaldu du Elhuyarko kide Aizpea Otaegik (Errenteria, Gipuzkoa, 1974), Goizargi Oruesagasti eta Joana Arakistainekin batera eginiko lanean. Esku hartze eremuetan eragiten hasi aurretik, baina, Gasteizko diagnosia zein den jakin nahi izan dute.

Nolako egoera aurkitu zenuten?

Nahiko zaila. Oso datu gutxi daude, baina benetan eragin nahi bada, ezinbestekoa da jakitea non dauden beharrak, non den adierazgarria generoa... Guk, bilketa lan baten ondoren, lanerako esparru bat proposatu dugu, baina oraindik eraikitzeko dago dena.

Zein da lehenengo pausoa?

Teknikarien arteko hurbilketa. Zorionez, Gasteizko Euskara Zerbitzuak lankidetza dauka berdintasun zerbitzuarekin, eta, guretzat, hori oso garrantzitsua da, elkarren errealitateak partekatzea beharrezkoa baita. Loturak non dauden ikustea komeni da.

Hasi dira elkarlanean?

Bai, modu xumean eta oso poliki, baina hasi dira. Gure proposamen bat aitatasun eredu berriak eta hizkuntza transmisioa lantzea zen. Euskara Zerbitzuak guraso taldeak antolatzen ditu Gasteizen. Zergatik ez aitek osatutako guraso talde bat? Euskara ikasteko espazioa izango dena, baina, aldi berean, aitatasunaren inguruan gogoeta egiteko aukera emango duena. Horrekin hasteko asmoa helarazi ziguten.

Hain zuzen, hizkuntza transmisioan emakumeek duten pisua aipatzen duzue. Zaintza ereduetan dago gakoa?

Aldaketak aldaketa, rol banaketak garbia izaten jarraitzen du familia tradizional heterosexualetan. Zaintza sarea emakumezkoekin lotuta dago, oro har. Bestelako aitatasun ereduak sortu, eta rol banaketa hori gainditu behar dugu. Izan ere, transmisioaren eta amaren artean egiten dugun lotura ez da naturala; gizarte antolaketaren ondorio garbia da.

Ez dira ohikoak aiten taldeak.

Ez, eta lan honetako proposamenak ere oso esperimentazio mailan planteatzen ditugu: egin ditzagun saioak, eta ikus dezagun zer ematen duten. Ez dakigu benetan eraginkorrak izango diren, baina hasteko puntu nahiko xumea eta erraza izan daiteke. Ausardia behar da gauza berriak egiteko.

Eskatu dizuete beste nonbait antzeko lanketaren bat?

Horrelako lanketa bat baino gehiago, jendeari lehen aldiz hau kontatzeko eskatzen digute. Mugimendu sozialen eremuan gogoeta bat jartzen ari da mahai gainean, eta feminismoa eta euskalgintza nolabait elkartzeko ahaleginak egiten ari dira. Baina administrazioan gogoeta hori atzerago dagoela esango nuke. Teknikarientzat oso lanketa berria da.

Abiapuntua izan daiteke.

Hori da, baina oraindik irakurketa hori barneratzea falta zaigu; lehen fase batean gaude. Jakitun izan behar dugu generoa zertan den adierazgarria hizkuntza politikan eta zenbateraino eragin dezakeen. Hori da, finean, eskatzen digutena; teknikariak klabe horretan jartzeko. Batzuetan sentiberatasun gutxi dago elkarren alorrekiko, eta bi teknikarien egitekoak urrun daude.

Lanean aipatzen duzue emakumeek euskara ikasten ahalegin handiagoa egin arren ezagutza datuetan ez dagoela alderik.

Datu horrek harritzen gaitu, egia esan, baina gauza batez ohartu gara. Erabilera neurtzeko, inkesta soziolinguistikoa eta erabilera datuak ditugu. Lehena aitortua da, eta bigarrena, aldiz, behatua. Bitxia da hor gertatzen dena. Behaketako datuetan emakumeen erabilera pixka bat altuagoa da 1997tik. Inkesta soziolinguistikoan, aldiz, emakumeek erabilera baxuagoa aitortzen dute gizonezkoek baino.

Lotsa edo prestigiorik eza izan daiteke arrazoietako bat?

Buruestimua izan daiteke. Eta, hori horrela izanik, ezagutzaren alorrean ez al da gauza bera gertatuko? Errealitate xelebre bat da, baina irakurketa logikoa izan dezakeena. Emakumeok geure burua modu gogorragoan baloratzera jotzen dugu. Gehiago eskatzen zaigu, gainera.

Emakumeek arau sozialarekiko atxikimendu maila handiagoa dutela diozue. Nola eragiten du horrek hizkuntzaren erabileran?

Hor jokoan sartzen da zer espero den bakoitzarengandik. Oso aukera binarioa da oraindik, eta, zoritxarrez, oso barneratuta jarraitzen du: emakumea izatea balio batzuekin lotzen dugu, eta gizona izatea, beste batzuekin. Bilakaera egon da, baina oraindik oso presente dago. Emakumeek esanekoak eta zintzoak izan behar dute, eta, alde horretatik, lotuago daude unean uneko arau sozialetara. Era horretan, euskara erabiltzearen aldekoa bada arau soziala, hala egingo dute. Gizonek, aldiz, horren aurka joko dute. Heziketan jasotzen ditugun balioak ere oso desberdinak dira.

Horrek aisialdiarekin ere badauka loturarik, ezta?

Aisialdia aukeratzeko orduan bereizketa bat dago, eta horrek hizkuntzaren erabileran inpaktu bat du. Neskak kultur arloko aisialdiarekin lotzen ditugu —musika, dantza, antzerkia...—. Jarduera bera arautuagoa den heinean, hizkuntza ere hala egon ohi da, eta horrek bermatzen du aisialdi euskaldunagoa izatea. Mutilak, aldiz, kirolarekin lotzen ditugu, eta hor ez dago hizkuntzarekiko ia araurik. Oso ikuspegi estereotipatua daukagu, eta gaztetxoen gustuak ere modelatu egiten ditugu; ez da hautu askea. Aisialdiko arduradunek garbi izan behar dute nola bermatu behar dituzten berdintasuna eta hizkuntza. Horretarako irakatsi eta prestatu behar ditugu.

Lidergoan ere badago zer egin.

Arlo batzuetan emakumezkoek eta euskarak oso pisu ahula daukate, eta kirolean hori nabarmen geratzen da. Hor nola landu ditzakegu lidergo konpartituak? Berdintasunaren ikuspegitik zein hizkuntzarenetik erreferente izango diren lidergoak behar ditugu. Nola landu hori? Hor dago koska. Lan munduan ere gauza bera gertatzen da askotan. Eremu horietan lankidetza zutarri garrantzitsua izan daiteke; bakarrik heltzea zaila den kasuetan agian elkarrekin joanda errazago egingo dugu aurrera.

Emakumea beti gelditu da gizonen ahotsaren itzalpean. Emakumeen oihartzuna indartu behar bada ere, horrek ekar ditzakeen arazoak aipatzen dituzue; hizkuntza eta emakumea bera minorizatuta gera baitaitezke.

Arrisku hori hor dago, baina nik uste dut bietan aurrera egitea dela giltzarria. Zenbat eta berdintasun handiagoa izan eta hizkuntza normalizatuago egon, orduan eta errazago eragotziko dugu hori. Lortu behar dugu emakumeak ordezkatzen duen horrek balio sozial handiagoa izatea. Ez gaude orain dela urte batzuk geunden tokian, baina oraindik bide luzea daukagu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.