IRUÑEA. Espainiako CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak atzo emandako datuen arabera, emakumeek indarkeria matxista eragin dieten gizonezkoengandik babesteko eskatu zituzten neurrien herenak atzera bota zituzten 2021eko uztailetik irailerako tartean. Hego Euskal Herriko 292 emakumek eskatu zuten babes neurriren bat 2021eko hirugarren hiruhilekoan, zehazki, eta horietako 193ri baino ez zieten halakorik onartu: eskaeren %66 dira.
Uztailean, abuztuan eta irailean, Hego Euskal Herrian guztira 1.680 emakumek jarri zuten salaketaren bat indarkeria matxista pairatzeagatik. Horrek erran nahi du Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan bizi diren emakumeen datuak kontuan hartuta 10.000 emakumeko 11,3 salaketa jarri dituztela. 242 emakumek, berriz, lekuko gisa ez deklaratzea erabaki zuten hiru hilabete horietan.
[YouTube]https://youtu.be/eN2fDoLc9Q8[/YouTube]
Nafarroako Auzitegi Nagusiak, gainera, atzo berretsi zuen Probintzia Auzitegiak lehendik 29 urteko gizonezko bati jarritako zazpi urteko espetxe zigorra. Laguna zuen emakume bat bortxatzea egotzita joan beharko du gizonak kartzelara. 2018ko apirilean egin zion eraso andreari, Lizarran. Zazpi urteko espetxe zigorra ez ezik, gizonezkoari bertze bortz urteko zaintzapeko askatasuna ezarri dio auzitegiak, eta hamar urtez emakumearengana 300 metrora baino hurbilagora hurbiltzeko eta harekin komunikatzeko debekua.
Gasteizen, 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, atzo Udaltzaingoak jakinarazi zuenez. Bere neska lagunak salatu zuen gertatutakoa: jo eta iraindu egin zuen gizonak.