Emakumeei egindako ziztadak gorroto delitu gisa ikertuko dituzte

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dio agindua Ertzaintzari. Delitua tipifikatzerakoan, azken hitza fiskaltzarena eta epaileena da

Ziztadak salatzeko elkarretaratzea, atzo, Beran. BERRIA.
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzari bidalitako barne agindu baten arabera,poliziek genero arrazoiengatik egindako gorroto delitu gisa gordeko dituzte emakumeei egindako ziztada salaketak.

Erne sindikatuak baieztatu du agindua polizia etxeetan banatu dutela. Atestatua osatzeko modua aldatuko dute, gorroto delitu bat dela idatzita. El Correo egunkariak argitaratu duenez, aginduak zehazten du atestatuan jaso beharko dutela «mehatxatutako kolektibo baten» parte dela biktima, eta «beldur testuinguru bat» sortu dela. Kasuaren arabera, ziztadaren helburua emakumea mehatxatzea izan dela ere jasoko dute, eta erasoa biktima emakume bat izateagatik egin dela.

Horrek eragina izan dezake erasotzaileen aurkako zigorretan. Lesio arinen kasuetan, zigorrak ekonomikoak dira. Gorroto delituei dagokienez, berriz, Zigor Kodeak urtebete eta lau urte arteko espetxe zigorrak, eta sei eta hamabi hilabete arteko isun ekonomikoak aurreikusten ditu. Halere, aldaketak ez luke eragin juridiko zuzenik izango. Izan ere, ekintzen tipifikazio juridikoa ezartzea fiskaltzari eta epaileei dagokie.

Espainiako Zigor Kodeak gorroto delitu gisa kalifikatzen ditu, besteak beste, genero arrazoiengatik talde edo pertsona baten aurkako «gorrotoa, areriotasuna, diskriminazioa edo indarkeria» sustatzen duten ekintzak; tartean, kolektibo bati «segurtasun falta edo beldur sentimendu larri bat» eragiten diotenak.

Izan ere, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi zuen halako erasoak «emakumeen aurkako indarkeria modu berri bat» direla: «Emakumeok aske izateko eta nahi dugun bezala dibertitzeko eskubidea dugu».

Orain arte lesio delitu gisa jaso dituzte halako erasoak, genero larrigarriarekin. Hala azaldu zuen herenegun Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak.

Salaketa gehiago

Azken asteetan ziztaden biktima izan direla adierazi dute dozenaka emakumek. Aste honetan, besteak beste, Berako (Nafarroa) bestetan ziztatu dituztela salatu dute zenbaitek. Erasoei erantzuteko, elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean, txosna batzordeak, berdintasun batzordeak eta udalak deituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.