Emakumeak zientziara erakartzeko 60 ekintza antolatu dituzte otsailean

'Hazia erein' leloa aukeratu du Emakumeak Zientzian egitasmoak aurtengo ediziorako. Mezu horrekin adierazi nahi dute, zientzian berdintasuna lortzeko bidean, ekintza txikienak ere aldea egin dezakeela. Bilbon, Gasteizen eta Donostian izango dira ekintzak.

Emakumeak Zientzian ekinaldiaren aurtengo egitaraua aurkeztu dute, gaur, Bilbon. ELHUYAR
Emakumeak Zientzian ekinaldiaren aurtengo egitaraua aurkeztu dute gaur, Bilbon. ELHUYAR
ANDOAIN
2025eko urtarrilaren 16a
16:00
Entzun

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira —otsailaren 11n izango da—, Emakumeak Zientzian egitasmoaren antolatzaileek 9. edizioa aurkeztu dute, gaur, Bilbon. Hirurogei ekintzatik gora biltzen dituen egitaraua prestatu dute; otsailaren 6tik 14ra izango dira, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea eta neskek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea da Emakumeak Zientzian ekinaldiaren helburua. Aurtengo edizioak Hazia erein leloa du, eta, horren bidez mezu hauxe zabaldu nahi dute: zientzian berdintasuna lortzeko bidean, ekintza txikienak ere aldea egin dezakeela. Antolatzaileen esanetan, «zientzialari baten lanetik hasi eta neskato batengan pizten den jakin-minaren txinpartaraino, ekarpen bakoitza aldaketa erreal eta sakon bat elikatzen duen hazia da».

Aurtengo edizioaren hasiera ekitaldia Bilbon izango da, eta bideo baten emanaldia izango du abiapuntu. Bideo horretan bildu dituzte zientzia eta teknologia alorretako erreferente femeninoen eta genero berdintasunaren alde ari direnen ahotsak: ikertzaileak, irakasleak, ikasleak, ikerketa zentroetako berdintasun arduradunak eta erakunde publikoetako ordezkariak. Ikus-entzunezko horrek abiatuko du egitaraua, otsailaren 6an, Bilbon.

Ikerketak, bisitak...

Otsailaren 14ra bitartean, zientziarekin lotutako hirurogei ekintza inguru izango dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Emakume zientzialari batzuek bertatik bertara azalduko dituzte lantzen ari diren ikerketak. Horrez gain, historiako emakume zientzialarien lorpenak eta bizitzak ezagutzeko parada izango da, baita ikerketa zentroak bisitatzeko aukera ere. Bestalde, hirurogei emakume ikertzaile ikastetxeetara joango dira haien esperientziak kontatzera, «neska ikasleengan bokazio zientifikoa pizten laguntzeko asmoz». Ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da.

Zientzia eta teknologia arloetako 35 erakundek parte hartuko dute aurtengo edizioan. Besteak beste, hauek dira ekinaldi horren sustatzaileak eta babesleak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, Donostiako eta Bilboko udalak, eta zenbait ikerketa zentro, unibertsitate eta parke teknologiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.