Pastor

Emakumeak, umeak, katakumeak

2024ko irailaren 21a
05:00
Entzun

Emakumea izatea, umerik gabea eta katua duena. Besterik behar duzu zeure karrera politikoa zapuzteko? Zer egin behar du andre batek boterean ume barik? Zer daki emakume horrek bizitzaz seme-alabarik ez badu? Deus ez. Are gutxiago haurrik izan ez eta katu baten edo batzuen jabea bada.

AEBetako bozetako kanpainan azaleratu da gaia. Donald Trumpen aurkaria Kamala Harris izango zela jakin zenean hasi ziren hautagai demokrataren aurkako erasoak. Azkenak asteartean bertan izan ziren, Flint-en (Michigan). Sarah Huckabee Sanders andreak, Arkansasko gobernadoreak, pasadizo bat kontatu zuen: alaba bere burua apaintzen ari zen, oso dotore, ispiluaren aurrean. Eta orduan «noizbait» bera bezain eder agertuko zela esan zion amari. «Seme-alabek umila izatera behartzen naute. Zoritxarrez, Kamala Harrisek ez du ezer, umila izatera behartzen duenik», esan zuen politikariak. Harrisek ez du umerik. Beraz, umerik gabe ezin zara umila izan.

«Zergatik ez du Harrisek seme-alabarik izan?», galdetzen dute AEBetan. George Washingtonek ere –lehen presidentea izan zen– ez zuen umerik izan, baina herritar gehienek ez dakite hori. Haurrik ez izateak herriari egiten zion mesedea aipatu zuen Washingtonek kargua hartzeko ekitaldian: horrela ez zuen ondorengotza-lerrorik ezarriko.

Huckabee Sanders andreak egur gehiago bota dio Vance presidenteorde errepublikanoa izateko hautagaiak piztutako suari. Vancek demokratei botoa ematen dieten emakumeak kritikatu ditu, katuak bai baina haurrik ez dutelako. Haren iritziz, sare sozialetan dauden pertsona «zoroenak» umerik gabekoak dira, «ia beti».

Umerik ez, katurik bai! Emakumeen kasuan haurrak izatea –ezkondua edo ezkondu gabea– eta katua izatea bateraezinak izango balira bezala. Alta, Arkansasko gobernadoreak ez du adierazi bere argudioa faltsua denik. Umila izateko umeak izan behar dituzu? Haurrak izateak hainbat bertute agerrarazten ditu, baina ez nuke esango umila izateko ama edo aita izan behar denik ezinbestean. Astakeria ederra, Harrisen aurka egiteko erabilia. Baita umerik gabeko beste emakumeen kontra ere.

Izan ere, Huckabee Sandersek emakume guztiak sartu ditu zakuan, ama izan edo ez, denak rol sakrifikatu horretan irudikatu dituelako. Amatasunak umiltasuna dakar? Ama guztiek alaba gazte pinpirinaren ateraldi bat behar dute apaltasunez jokatzeko? Anekdota bera ere esanguratsua da oso, ama-alaben arteko edertasun-lehia sarri inkontzientea azaltzen baitu, emakume batzuei barnerarazi dietena. Lagun bat alaba txikiarekin ikusi nuen behin eta beste adiskide batek –hura ere andrea zen–– galdetu zidan: «Ama baino politagoa da alaba, ezta?». Ez nuen jakin zer erantzun. Ama hark atera ninduen atakatik. «Ondo dago belaunaldiz belaunaldi hobetzea». Inoiz ez didate galdetu semea aita baino ederragoa ote den. Entzun ere, inoiz ez dut halakorik entzun.

Hortxe dago koska. Ederra emazteak behar du izan. Seme-alabak izatea emakumetasunaren funtsa da. Andrazkoak umerik ez badu, susmagarria da. Zerbaiten falta nabari da. Beharrena ments du, esango lukete Zuberoan. Areago, hark hori erabaki badu. Ezin badu, hau dela edo bestea dela, pena. Baina umeak ekartzeko ahalmena izan eta aukera baztertzea barkaezina da.

Behin batean hiru katu zituen emakume baten etxean egin nuen lo. Atetik sartu eta animaliak erakustea izan zuen lehen lana, izen eta guzti. Zaharrenak 13 urte zituen –«katuak 17 urteetara irits daitezke»–. Besteak txikiagoak ziren. Goizaldean, neure eginkariek altxarazi egin ninduten. Tentu handiz ireki nuen logelako atea, zaratarik egin gabe eta di-da: salto egin eta ohearen gainean paratu zen katuetako bat. Atearen beste aldean zegoen zain, zarata entzunda-edo. Neureak eta bost egin nituen animalia gelatik ateratzeko, miauuu, miauuu, mixi, mixi, mixi… Alferrik. Komunetik bueltan, atea ireki nuen eta ziztu bizian irten zen katu demonioa, sartu zen moduan. Haren jabea lo zegoen beste gela batean, alaba txikiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.