Arantza Gutierrez. Kazetaria eta EHUko irakaslea

«Emakumeak plazara heltzeko leku egokia da tokiko prentsa»

Martin Ugalde foroak antolatutako mahai inguruan parte hartuko du gaur Gutierrezek, Andoainen. Tokiko euskal prentsako iritzi foroetan emakumeek duten presentzia izango du mintzagai nagusienetako bat.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Euskal prentsan emakumezkoek duten presentzia izango da gaur oinarri Martin Ugalde foroan, 19:00etan, Andoainen (Gipuzkoa). Arantza Gutierrez kazetaria eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea (Donostia, 1965) izango da hizlarietako bat; batez ere, tokiko euskal prentsan emakumeek duten ahotsa izango du hizpide. Euskal Hedabideen Behategiaren azken urtekarian argitaratu zuten haren ikerketa,Itxaso Fernandez EHUko irakaslearekin batera egin zuena.

Emakumeek tokiko euskal prentsako iritzietan duten presentzia izan duzue aztergai. Zergatik?

Batik bat, emakumeek iritzi politikoan duten presentzia zenbaterainokoa den aztertu ohi dugu. Hari horri tiraka, Euskal Hedabideen Behategiak proposatu zigun urtekarirako ikerketa bat egitea. Erabaki genuen ikertzea nolakoa zen emakumeen presentzia hedabide txikietako iritzi artikuluetan; tokiko euskal prentsa hartu genuen oinarri, eta, batez ere, Hego Euskal Herrikoa. Gainera, hipotesi bat genuen: aurreikusi genuen emakumeen presentzia handiagoa izango zela hedabide txikietan handiagoetan baino.

Hipotesia bete al zen?

Espero genuena bete zen. Tokiko euskal prentsako iritzi foroetan nabarmenagoa da emakumeok dugun presentzia, hedabide handietan baino. Hain zuzen ere, emakumezkoak %39 dira, gizonezkoak, %49,3, eta identifikatu gabeak, %11,7. Ikerketan genero ikuspegi binarioa hartu dugu kontuan, eta izenaren arabera banatu ditugu emakumezkoak eta gizonezkoak. Hala ere, batzuetan artikuluak kolektiboek sinatzen zituzten, edo ezizenak zituzten. Horiek identifikatu gabeak dira.

Iritzi emaileen lanbidea ere kontuan hartu duzue ikerketan.

Hori da. Orokorrean, tertulietan ageri ohi diren emakumeak politikariak eta kazetariak izaten dira; segidan, unibertsitateetako adituak. Azken batean, plaza publikoan eskarmentua duten emakumeak. Tokiko euskal prentsaren kasuan, baina, ondorioztatu dugu aniztasuna dagoela lanbideari zein adinari dagokionean.

Zergatik dago profil aldaketa hori batetik bestera?

Hurbiltasunagatik. Batetik, emakumeak plazara heltzeko leku egokia da tokiko prentsa. Aniztasuna ere badago, eta, beraz, aberatsa da. Bestetik, ordea, emakumeok botere gutxiagoko hedabideetan gelditzen gara. Beraz, egon bagaude, baina, nolabait, periferiako hedabide horietan.

Gaiak ere ikertu dituzue. Ondorioztatu duzue asko feminismoaren ikuspegitik landu direla.

Halako gaiak ikertzen ditugunean, esan ohi digute emakume gehiago egoteak ez dakarrela berarekin gai gehiago edo feminismoa lantzea. Badakigu emakume guztiak ez direla feministak. Baina, seguruenik, emakume gehiago egonez gero emakume feministen kopurua handiagoa izango da. Badaude beren burua feministatzat hartzen duten gizonak ere; teoria badakite, baina batzuetan gaiak lantzeko zailtasunak dituzte. Kasu horretan, emakume gehiago egoteak berarekin dakar feminismoa lantzea.

Feminismoaz gain, badira beste gai batzuk ere, ezta?

Emakumezkoek idatzitako iritzi artikuluetan badira gizonezkoek landuko ez lituzketen gai batzuk, baina haiek ere hasiak dira gai gehiago lantzen. Uste dut lanketa horretan mugimendu feministaren eragina garrantzitsua izan dela. Horrez gain, ondorioztatu dugu emakumeen presentziak ez ezik, tokiko hedabideek ere azken uneko albisteekin edo gaurkotasun politikoarekin izan dezaketen erlazioak ere eragiten duela gaien lanketan. Politika handiaz gain, badaude gizartearentzako interesgarriak izan daitezkeen gaiak, eta lantzen direnak.

Askatasun handiagoa al dago komunikabide txikietan?

Nik uste dut baietz. Hainbat gai lantzen dira. Politikaren inguruko prentsa gailentzen da gaur egun, eta badirudi jendeari ez zaizkiola gainontzeko gaiak interesatzen, ez bada aldi bateko krisi bat, bederen. Baina ez da egia. Interes ugari daude, baina arazoa da bigarren maila batean daudela. Beraz, gaiei dagokienez, tokiko euskal prentsaren irakurketa bikoitza egin genezake: batetik, interesgarriak diren gaiak ageri dira, hurbilekoak; bestetik, gai horiek soilik komunikabide txikietan ageri dira, eta ez handietan.

Hala ere, ondorioztatu duzue euskal prentsan ez dagoela genero parekotasunik.

Guk parekidetasunaz hitz egiteko, ehunekoa %40 eta %60 artean egon behar da. Datuak aztertuta, esan daiteke tokiko euskal prentsan emakumezkoen iritzien presentziak duen ehunekoa (%39) Hego Euskal Herriko kopurua halako ia bi dela (%21). Areago, BERRIAko datuak gehituz gero, esan genezake bertako zenbatekoa (%35) gainontzeko komunikabideetan baino handiagoa dela. Hemen ere, irakurketa bikoitza: batetik, kontuan hartu behar da euskal prentsa beste hedabideak baino parekideagoa dela, baina soilik euskal prentsan dago egoera hori. Hala ere, euskal prentsa kontsumitzeko balio garrantzitsua izan daiteke.

Ikerketa unibertsitate arloan ere lantzen duzue. Zein da asmoa?

EHUko Ikus-Entzunezko eta Publizitate saileko ikertzaile talde bat gabiltza lanean. Hedabideetan emakumeen ikusgaitasuna dugu oinarri. Bi asmo ezarri genituen: ikertzea eta interpelatzea. Aktibistak izatea erabaki genuen, eta horretarako sare sozialak erabiltzen ditugu; batik bat, Twitter. Informazioa zabaltzeko tresna azkarra da, eta erantzun handiagoa du gizartean. Eragitea ere lortu dugu. Esate baterako, komunikabide batzuek kontuan hartu dute guk egindako lana. Fakultatean ere genero ikuspegia gero eta handiagoa da, nahiz eta pertsonen borondatearen araberakoa izan.

Nolako indarra egin dezakete hedabideek emakumeen ikusgaitasuna bermatzeko?

Handia. Funtsean, hedabideak dira erreferenteak. Komunikabideak herritarren eta iritzi publikoaren elite politikoa dira; erreferenteak izendatzeko gaitasuna dute. Funtsean, bitartekari bat da. Guk errealitatea, gehienetan, komunikabideen bidez ikusten dugu, eta bertako irudien itxurak edo kontaketa erak eragina du. Areago, errealitate hori soilik gizonezkoek azalduz gero, zaila da betaurreko moreekin azaltzea. Egon badaude, eta izan ditzakete betaurreko more intelektualak, baina ez dute bizipenik.

Martin Ugalde foroan parte hartuko duzu. Horren guztiaren inguruan ariko zarete?

Itxaso Fernandezekin batera egongo naiz mahai inguruan. Berarekin batera egin nuen tokiko euskal prentsaren inguruko ikerketa. Bertan egongo da Xabier Saralegi ere, Elhuyar Fundazioko kidea. Euskal Herriko prentsa digitalean emakumezkoen presentzia zenbatekoa den ikertzen du, programa baten bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.