Emakume transexual baten aurkako eraso bat salatu dute Gasteizen

Ukabilkadak eman, eta lurrean botata utzi zuen erasotzaileak. Elkarretaratzera deitu dute Gasteizen. Lizarran ere elkarretaratzea egingo dute eraso homofobo bat salatzeko

Eraso transhomofobiko baten aurkako protesta bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ikusgune LGTBI+fobiaren kontrako Behatokiak emakume transexual baten aurkako eraso bat salatu du, Gasteizen. Behatokiak jakinarazi du iragan uztailaren 22an izan zela erasoa, 64 urteko emakumea Gasteizko alde zaharreko taberna batetik ateratzen ari zenean. Atera orduko ezezagun zuen gizonezko bat gerturatu, eta «marikoi zikina» esan zion. Andrazkoak atzera begiratu orduko, hiru ukabilkada eman zizkion, eta lurrera bota zuen.

Ikusgunek jakinarazi du erasoa jasan duen emakumeak salaketa jarri duela Ertzaintzan. Behatokiak gogorarazi du azken hiru hilabeteetan hamalau salaketa jaso dituztela LGTBI+fobiarekin lotuta, «eta trans kolektiboa da eraso fisiko, eta gorrotozko irain eta diskurtso gehien pairatzen ari dena».

LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak dei egin du genero identitate edo sexu orientazioarengatik egon litezkeen erasoei adi egoten segitzera, eta edozein erasoren aurrean Ikusgunerekin harremanetan jartzera. Gainera, azken erasoa salatzeko, elkarretaratze batera deitu dute biharko Gasteizko E28 koordinakundeak, Kutxiko Taskeroek eta Gasteiz Txiki auzo elkarteak. 19:30ean izango da, San Frantzisko aldapan.

Eraso homofoboa Lizarran

Lizarran ere elkarretaratzera deitu dute gaurko, eraso homofobo bat salatzeko. Euskalerria irratiak jakinarazi duenez, uztailaren 14an gertatu zen erasoa: bi pertsonak beste bat iraindu zuten, La Estellesako hiri autobusean. «Marikoi zikina», «gay zikina», «goitik behera zulatuko zaitut», «badakit non bizi zaren» eta halakoak esan zizkioten. Salatu dutenez, hiri garraio enpresak ez zuen ezer egin hori ikusita: «Ez zuen inongo ardurarik hartu ezta inongo erantzunik eman ere eraso homofobo horren aurrean».

Erasoari erantzuteko protesta antolatu dute: gaur, 20:00etan, manifestazioa eginen dute Lizarrako Nafarroa Beherea kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.