«Gauaren Emeak ez da elkarte bat, Bidasoaldeko emakume gazte eta feministak gara. Saminduta gaude inguruan bizi dugun misoginiaren gaineko inpunitatea ikusirik. Nekatuta gaude isiltasun honen konplize izatearekin eta feminismoaren ideiak zabaltzeari ekin diogu». Hitz horiekin egin dute gaur hainbat andrek Hondarribiko alardearen inguruan gogoetatzeko egin duten idatziaren aurkezpena. Bide batez, hainbat argazki ere zabaldu dituzte; Hondarribiko Udaletxean eta batzokian jarritako kartelenak dira, «misoginia» salatzeko, eta alarde baztertzaileari oles egiteko instituzioek eta talde politikoek egiten dituzten keinuak arbuiatzeko.
«Gutxik ezagutuko dute eta are gutxiagok baloratuko dute Hondarribiko herriak alardearen auzian bizi duen egoera berriaren atzean egin den lana», azaldu dute. «26 urteko borroka latza eman dute herri honetan berdintasuna aldarrikatu duten herritarrek. Gizarte matxistaren oldarraldia eta instituzioen utzikeria jasan dute, erabateko bakardadean aritu dira. Baina gogor eta tinko eutsi diote justiziaren idealari», esan dute. Talde politikoen artean, EH Bilduk izan duen jarrera txalotu dute. Eragozpenak eragozpen, beti hautu parekidearen defentsa egin izana nabarmengarria iruditzen zaie. «Gizarte matxista batean bizi garenez, emakumearen aldeko apustua ez zaio merke atera alderdi honi eta bere militanteei».
Aintzat hartu behar da egun alkatetza duen plataforma bera ezker abertzalearen barruko eszisio baten emaitza izan zela, eta alardearen inguruko ikuskera ezberdinak egon zirela banaketa horren atzean. Alkatetza lortu berria du Abotsanitz plataformak, eta horrek aurten alardearen auzian zer ondorio izango dituen ikusi beharko da. EAJk hamarraldiak egin ditu alkatetzan, jarrera irmoa izan du beti alardea ulertzeko era baten alde, aldarri parekidearen aldeko keinurik ez du inoiz egin, eta aldaketak espero dira aurten. Gain-gainean dago alarde eguna Hondarribian: irailaren 8an izaten da.
Legezkotasuna kolokan
Alarde Fundazioak antolatzen du alarde baztertzailea. Haren legezkotasunaren gaineko zalantzak aspaldi dabiltza airean. Horiek hizpide izan dituzte gaur plazaratu duten oharrean ere: «Gaur egun, Alarde Fundazioa momentu zailetan dago. Ezbaian jarri da haien izaera juridikoa, eta badirudi ezin izan dutela frogatu haien legezkotasuna». Horrekin lotzen dute Saindua deitutako proposamena. Ekainean eman zuten argitara, herritar hainbatek. «Jarrera desberdinen arteko lotura puntua» zirela esan zuten, eta proposamen bat egin zioten Alarde Fundazioari: «Konpainia misto eta konkretu bat non emakumeek soldadu gisa parte hartzeko era izango luketen». Ezezko erantzuna jaso zuten.
Guztion Alardea taldearen eskeek ere oihartzuna izan dute urteotan. Alardean parte hartzen duten hainbat pertsonak eratua da, 2019tk ari dira lanean, eta desfile parekidea dute helburu. Horren abaroan iaz 64 andrek Alarde Fundazioari eta udalari eskari bat egin zioten: alardean parte hartu nahi zuten. Ez zuten baiezko erantzunik jaso haiek ere. Orain andreek plazaratu duten oharrean gogoratu dute aldaketa nahiaren zantzuetako bat dela talde hori. Gogoratu dute, halaber, urte horretan bertan udaleko alderdi guztiek, lehen aldiz, adierazpen bateratu bat egin zutela «konponbiderako» elkarrizketa sustatuz.
Gauaren Emeak-ek izenpetutako oharrean zerrendatu dituzte, halaber, hainbat konpainiak azken hilabeteotan egin dituzten hainbat lege eta estatutu aldaketa; esan dute funtsean bilatzen dutela formalki berdintasunaren aldeko lege irizpideak konplitzea, diru laguntzak-eta eskuratzeko. Ondorioa atera dute hortik:«Garaiak aldatzen ari dira, eta badirudi, egungo praktika matxistak aldatzeko abagunea sortzen ari dela».
Eta galdera bat ere egin dute aldaketa horri atxikita: «Guztion alardeak baliatuko al ditu aukera berri hauek emakumearen benetako parte hartzea lortzeko?». Bide batez, Abotsanitzi ere zuzendu zaizkio, hautu parekidearen alde egin dezan.