Leire Milikua. Idazlea

«Emakume nekazariak kontuan hartzeko, ikusi egin behar ditugu»

Lehenbiziko sektorean jarduten duten emakumeen bizipenek osatzen dute 'Lur gainean, itzal azpian' liburua. Elkarteetan eta bestelako erabaki organoetan duten parte hartzea da kontakizunaren ardatz nagusia.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Emakume nekazariak dira Leire Milikuak (Abadiño, Bizkaia, 1985) argitaratu berri duen Lur gainean, itzal azpian liburuaren protagonistak. Horiek lehen sektorean duten presentzia, gainditu behar dituzten zailtasunak, erabakiguneetan egiten dieten lekua eta pairatzen duten ezkutuko biolentzia dira landutako gaietako batzuk. Nekazaritzan jarduten duten zenbait emakumeren testigantzak jaso ditu Milikuak, eta arloko zenbait ikerketarekin osatu ditu. Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerketa da liburuaren abiapuntua.

Liburuaren bidez irakurleek emakume nekazarien inguruan ikas dezaten nahi duzu?

Bai, hori bada liburuaren helburuetako bat. Uste dut, batetik, iruditegi orokorrean figura bat dagoela, estereotipoei oso lotuta dagoena. Bestetik, figura oso ezezagun bat da.

Zergatik?

Sektorea mundu maskulinizatu gisa irudikatu da orokorrean, eta emakume hauek hor egon dira, eta daude, gure paisaiak eraikitzen dituzten lurretan. Beharrezkoa iruditzen zitzaidan berrikuspen bat egitea gaur egungo koordenatuak kontuan hartuta: landatar eta nekazari izateak zer esan nahi duen, zer ezaugarri dituen landa eremuak, zer ezaugarri nekazaritzak, emakume hauek, eta zer toki duten honetan guztian.

Berrikuspen horretan aipatzen duzu emakume horiek hiru aldiz direla subalterno.

Botere hegemonikoaren mendekoak dira subalternoak, eta nekazari emakumeak hiru aldiz dira subalterno, gutxienez. Batetik, emakume izateagatik sistema heteropatriarkal honetan. Bestetik, landatar izateagatik sistema urbanozentrista honetan, oso hirigune eta herriguneetatik, hirigune eta herriguneetara begira gaude. Hirugarren geruza da nekazari izateagatik sistema kapitalista honetan.

Zergatik da garrantzitsua hori kontuan izatea emakume nekazarien errealitateaz jabetzeko?

Hori delako haien abiapuntua. Uste dut, gainera, gaur egun badagoela sentsibilitatea zapalkuntza mota desberdinen inguruan, eta batzuetan susmoa daukat landatartasuna eta nekazaritza ez ditugula ikusi ere egiten. Emakume nekazariak kontuan hartzeko, ikusi egin behar ditugu.

Landa eremuko emakumearen eta andre nekazariaren figura ez dira desberdintzen aunitzetan.

Nire ustez, ezezagutzagatik ez ditugu desberdintzen. Geruza ezberdinen tipiltzea hirigune eta herriguneekin lotzen dugu, aniztasuna, eta landa ingurukoa kontsideratzen da dena uniformea balitz bezala. Ez da hala, inondik inora ere.

Baina beharrezkoa da bi figura daudela jakitea, ezta?

Garrantzitsua da desberdintzea; izan ere, berdintzen baditugu, nekazari emakumeak aterki zabal horren azpian galtzen dira. Landatarra izatea ez da nekazari izatea. Ezaugarri berak dituzte, baina baita bereizten dituztenak ere. Liburuan aurkezten dudan beste argazkietako bat hori da: Euskal Autonomia Erkidegoan landa eremuan bizi diren emakumeetatik zenbatek daukaten harremana nekazaritzarekin. %42 dira, baina horietatik gehien-gehienek autokontsumoarekin daukate harremana.

Emakume nekazariek jasaten duten desitxuratzeaz ere mintzatzen zara.


Desitxuraketa hori aipatzen dut nekazaritza aktibitatearen titulartasuna aztertzen. Hau da, aktibitatea profesionalki daukazunean, altan ematen da, eta horrek norbaiten izenean egon behar du. Liburuan esaten dut jarduera nagusia nekazaritza duten emakume denak ez daudela [titular bezala altan], eta dauden denak ez dakigula ote diren [nekazariak].Sektorearen ezaugarri bat izan da bertan aritutako emakumeen lanaren inbisibilizazioa. Senar-emazte biak lanean aritu arren, askotan senarra bakarrik izan da titularra, horrek berekin dakartzan aitortza profesional eta eskubideak barne.

Titular baino gehiago, familia laguntzeko figura gisa ere kokatu izan dira aunitzetan emakumeak.

Horrek emakumeen ikusezintasuna formalki baimendu du. Pertsona hori aktibotzat jotzen zen, langiletzat, baina inongo eskubiderik ez kontraprestazio ekonomikorik kontuan hartu gabe. Familia eremu horren barruan debalde egiten zuen lan.

Gaur egun zer figura daude?

Aurretik aipatutakoez gain, egia da egon direla salbuespen batzuk, non emakumeak jarri diren titular gisa, nekazaritza jarduera egin ez arren, lan ordaindurik ez izan eta etorkizuneko erretiroa kobratzeko. Baina orain fenomeno berri bat dago: badaude emakume titularrak nekazaritzarekin loturarik ez duen jarduera batean aritzen direnak. Horiei fikziozkoak esaten zaie, zenbakiak puzten dituztelako. Eta zenbakietan oinarritzen dira estatistikak.

Emakume gazteek zailtasun gehiago dituzte sektorean beren lekua egiteko.

Elkarteak sortu zirenetik, gizonek ordezkatu dute sektorea. Hala ulertu eta hala onartu izan da. Liburuak oinarri duen ikerketan detektatutako mantra bat da: «Honek beti bezala jarraitu behar du». «Lehen bezala» horrek esan nahi du beti egon ez diren horiek hortik kanpo jarraitzea. Hor sartzen dira emakumeak eta gazteak; lehenagoko horien imajinarioan ez dira kabitzen.

Belaunaldi gazteak behar dira sektoreak bizirik jarri dezan.

Nik kontraesan ikaragarria ikusten diot honi guztiari. Sektorea ez dago bere onenean, zahartze tasa oso altua baita eta errelebo falta handia baitago. Baina sektoreko erabakiguneak ez dira koherenteak tokia egite horren inguruan.

Hamaika oztopo horiengatik emakume nekazariek biolentzia sinbolikoa pairatzen dutela diozu liburuan. Azaldu dezakezu?

Biolentzia moduan antzematen ez den biolentzia da biolentzia sinbolikoa. Eta, sinbolikoa izan arren, biolentzia hori gorputzetan ematen da. Hau da, pentsamendu kategoria negatiboekin dauka zerikusia. Kasu honetan, desprestigioa eta desautorizazioa horrekin lotuta daude.

Adibidez?

Liburuan jasotzen da emakume batzuk erabaki organoetan parte hartzen hasi zirenean «las primeras machotas» esaten zietela. Tokatzen ez zitzaien lekuan zeuden emakumeak ziren. Beste emakume bat [bilera batera] azaldu zen, eta esan zioten: «Zuk ez al daukazu zer lisatu?».

Biolentzia mota hori da segregazioari bide ematen diona?

Sistematikoki eta txikitatik, gizarteak emakumeak desanimatzen ditu haiei ez dagozkien lanak edo jarduerak hartzeko. Horrek esan nahi du emakume izateagatik zuri dagozkizula lan eta jarduera batzuk. Hori sozializazio prozesu patriarkal baten bidez egiten da. Txiki-txikitatik nahi gabe naturalizatzen ditugun mekanismo horien guztien emaitza da batzuek eta besteek bide ezberdinak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.