Emakume ijitoen eta musulmanen aldeko elkarteak saritu ditu Emakundek

Amuge eta Imme elkarteei eman die Berdintasunerako Saria.

Djamila Zereib Immeko ordezkaria, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Tamara Claveria Amugeko ordezkaria, gaurko agerraldian. EMAKUNDE
Djamila Zereib Immeko ordezkaria, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Tamara Claveria Amugeko ordezkaria, gaurko agerraldian. EMAKUNDE
jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 16a
14:30
Entzun

Emakume ijitoak sustatzen eta ahalduntzen ditu Amugek. Emakume musulmanei integratzen laguntzen die Immek. Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak, biei eman die aurtengo Berdintasunerako Saria. Epaimahaiak bi irabazleen «izaera kolektiboa eta begirada intersekzionalaren balioa» nabarmendu ditu. Baita bi irabazleen izaera kolektiboa eta emakume ijitoek eta musulmanek bizi dituzten diskriminazio mota askotarikoak «ikusarazteko eta artatzeko» egindako lana ere.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren iritziz, Amugek eta Immek «erakunde publikoek izan behar duten ikuspegi intersekzionalari erantzuten diote». Haren arabera, sariarekin, berdintasun politika publikoen erdigunean jartzen dira «askotan bazterretan egon diren emakumeen kolektiboak, eta, honako elkarte hauei esker, arlo publikoan pixkanaka presentzia handiagoa dute».

Saridunek ikuspegi intersekzionalaren garrantzia indartu dutela gaineratu du Elgarrestak, eta ikuspegi horiek beharrezkoak direla, emakumeek bizi dituzten diskriminazioen aniztasuna ikusteko. «Amugek eta Immek argi erakusten digute emakumeak ez garela sartzen kategoria homogeneo batean», azaldu du Emakundeko zuzendariak. «Eta beren lanarekin emakume ijitoek eta musulmanek jasaten dituzten diskriminazio mota desberdinak agerian jartzen laguntzen digute».

«Amugek eta Immek argi erakusten digute emakumeak ez garela sartzen kategoria homogeneo batean»

MIREN ELGARRESTAEmakundeko zuzendaria

Sariak jakinarazteko agerraldi bat egin dute gaur Gasteizen, eta bertan izan dira Tamara Claveria, Amugeko ordezkaria, eta Djamila Zereib, Immeren sortzaileetako bat. Zereibek azaldu du elkartea sortu zutela bertan bizi ziren emakume musulman askoren «irrikari» erantzuteko: «Babesa behar zuten sentitzeko integrazioa eguneroko keinuetan dagoela, legeetatik eta arauetatik harago».

Hamahiru urteko ibilbidea egin dute, baina oraindik gauza asko dituzte egiteko, «emakume musulmanek haien parte hartze osoa oztopatzen duten hesi ikusezinak gaindi ditzaten».

Claveriaren iritziz, Amugeri saria ematea «aitortza bat» da haien «esku hartze sozial komunitarioaren ereduari» eta haien borrokari eta lanari. Nabarmendu du mugimendu feministaren barruan beren lana ikusarazten saiatzen direla: «Feministak eta euskal herritarrak garela erakusteko».

Amuge

EAEko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkartea da Amuge. 2003ko otsailean sortu zuten, ijitoen eskubideak babesteko eta sustatzeko, eta ijitoen garapena bultzatzeko, emakumeena batez ere. Hori guztia ijitoen berezitasun etnikoa eta kulturala galdu gabe, elkarteak zehazten duenez.

Emakume ijitoen eskubideak defendatzeko eta sustatzeko lana egiten dute, «ijitoen feminismo dialogikoaren ikuspegitik», haien jardueran bat egiten baitute bi borrokak: ijitoen aurkako mugimenduaren eta indarkeria matxistaren kontrakoak. Epaimahaiaren esanetan, aitzindaria da emakume ijitoen artean ikuspegi feminista eta independente bateranzko aldaketa eta bilakaera prozesu bat gauzatzen, «gizonen tutoretzatik aldenduz».

«Aitortza bat da gure esku hartze sozial komunitarioaren ereduari»TAMARA CLAVERIA

 Amugeko ordezkaria

Hainbat proiektu egiten dituzte emakumeak ahalduntzeko —Tu Voz Cuenta eskolak—, osasuna hobetzeko, gizon ijitoekin maskulinitate berriak lantzeko, emakume ijitoen historia ikertzeko eta espazio publikoetan jasaten duten diskriminazioa ikusarazteko —Nos persiguen argitalpena—.

Amugek uste du beharrezkoa dela feminismo ijitoa sartzea emakumeen aldeko eta indarkeria matxistak desagerrarazteko borroketan: «Gure ekintza beste emakume batzuekin dugun berdintasunezko elkarrizketan oinarritzen dugu, kultura eta hezkuntza maila ezberdinak aintzat hartuta».

Imme

Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkartea da Imme. 2013an sortu zuten, Arrasaten (Gipuzkoa). Emakumeak lan trebetasunetan gaitzen dituzte, eta hezkuntza programak ere eskaintzen dituzte, alfabetatzeko eta prestatzeko. «Emakume askoren eta haien familien etorkizunerako aukerak hobetu dituzte.

«[Emakume musulmanek] Babesa behar zuten sentitzeko integrazioa eguneroko keinuetan dagoela, legeetatik eta arauetatik harago»DJAMILA ZEREIB

 Immeren sortzaileetako bat

Epaimahaiaren arabera, Immek emakume musulmanei ahotsa emateko lan egin du, haien eskubideak defendituz eta haien komunitateetan erabakiak hartzeko garaian haien parte hartzea sustatuz: «Genero indarkeriari buruzko sentsibilizazioan oinarritutako proiektuak nabarmentzen dira, emakumeei baliabideak eta laguntza emanez, eta erabakiak hartzeko prozesuetan emakume musulmanen ahotsak aintzat hartuko dituzten politiken formulazioan eraginez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.